Elkarrizketak

Nahia Idoiaga: "Dependentzia dut igotzen ditudan argazkien feedbackarekiko? Hori da aztertu beharko genukeena"

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 18a, 08:38

Sare-sozialek frustrazioa, konparaketa eta tristura eragin dezakete, bereziki, opor garaian. © AINHOA IDOIAGA

Udaro, sare-sozialak opor perfektuen erakusleiho distiratsu bilakatzen dira: jenderik gabeko hondartzak, jatetxe garestietako plater dastagarriak eta irribarre zoriontsuak non nahi. Bestaldean, irudi horiek kontsumitzen dituen pertsona dago, lepoa makurtuta, mugimendu amaigabe batean murgilduta. Alabaina, bi egoera horiek pertsona berak bizi ditzake. Izan ere, nola eragiten digute sare-sozialek udan? Nolako espektatibak sortarazten ditugu gure oporrekiko? Badakigu benetan momentua bizitzen? Horri buruz eta gehiago hausnartu dugu Nahia Idoiaga psikologoagaz batera.

Uda garaia da lagun askorentzako urteko unerik desiratuena. Alabaina, ohikoa da frustrazioa ere sentitzea, espero genituen gauza horiek betetzen ez direlako, edo nahiz eta bete, asetuta sentitzen ez garelako. Opor prefektuen ideiak zorigaiztoko egiten gaitu?

Ez dakit zorigaiztoko egin gaituen ala ez, baina, egia da, ditugun espektatibak askoz ere handiagoak direla beti. Gainera, espektatiba horiek besteekiko konparazio irreal batzuetatik ateratzen dira, orduan frustrazioa eta txarto sentitzea normala da. 

Zergatik daude hain espektatiba handiak udako oporretan?

Azkenean oporraldiak irudiekin lotutako garai bat delako eta bereziki toki asko hartzen dutelako sare-sozialetan. Beraz, horiek oporretan bereziki elikatu egiten dira. Momentu horietan, pertsona niaren ikuspegi ideal batetik elikatzen da, sare-sozialetan denen opor perfektuak ikus ditzakeelako. Gero, norbere errealitatearekin konparatzen du ni ideal horren egoera eta distantzia oso luzea izaten da. 

FOMOa izeneko kontzeptua nagusitu da azken urteetan: zerbait galtzearen beldurra bezala definitu daiteke. Askotan gertatu ohi da, nahiz eta gu geu oporretan egon, beste batek kontatutakoagaz edo sareetan ikusitakoagaz konparatzea eta FOMOa sentitzea. Horrek inbidia edo estresa eragin diezaguke. Zer iritzi duzu FOMOaren inguruan? 

Uste dut bereziki gazteei eragiten dien gauza bat dela, baina denoi eragin ahal digu. Oso konplexua da, ez delako gertakari puntual bat galtzearen FOMOa, baizik eta bidai oso bat galtzeagatik. Besteen errealitatea ez bagaude ikusten eta ikusten ari garena zerbait guztiz artifiziala bada, konparaketan guk asko galtzen dugu. 

Nerabeetan asko ikusten dut bizitzen ari diren transmisio horri egitearen beharra, eta niri horrek bereziki larritzen nau. Ume edo nerabe hori pozik egongo da transmisio horrek izan dituen gustukoen arabera. Horrela ezin gara bizi, orduan jada ez delako ea bisitatzen dugun leku hori den guk espero genuena ala ez, baizik eta nik atera dudan argazkiak beste horrek atera dituenak baino askoz gustuko gutxiago dituen ala ez. Besteekiko dependentzia handi bat da gure ongizate mentalerako eta gure opor horien gozamenerako.

Nola kudeatu dezakegu sentimendu hori?

Sare-sozialekiko dugun dependentzia landuz eta kontzientzia hartuz. Esatea oso erreza da, egitea oso zaila, bereziki, gazte edo dependentzia handia duen edozein lagunen kasuan. Hasteko, izan daiteke konturatzea eta aztertzea emozionalki zer sortzen digun. 

Uste duzu sare-sozialen ondorioz oporrak bizitzeko modua aldatu dela? 

Sare-sozialen ondorioz, bai. Baina gizartearen aldaketaren ondorioz, ere. Lehen oporretako gidak erosten genituen, baina orain beste pertsonek sare-sozialetan leku horri buruz zer jarri duten begiratzen dugu. Ez gida bat, ez programa bat… ezta interneten begiratu askotan ere. Gaur egun sare-sozialez baliatzen gara eta beste pertsona batek egindako ibilbide berdinaren bila gabiltza.

Askotan bidaiak egiten ditugu atera nahi ditugun argazki horiek buruan ditugula, ez disfrutatzen ari garenaz kontziente. "Nik hau egingo dut baina argazkia aterako dut besteei erakusteko". Bertan dependentzia bat dago. Horrek bidaiak eta oporrak antolatzeko eta bizitzeko era aldatu du. Gauzak egiten ditugu besteen onespena jasotzeko. 

Gainera, ez dugu horren kontzientziarik. Pentsa dezakegu guretzako ateratzen ditugula argazkiak, baina gero irudi hori igo eta adi egongo bagara 100 like edo zenbat izango dituen, bertan bagaude besteen onespen edo sari bat bilatzen eta gure oporrak bertara bideratzen. Beraz, bertan egon beharko litzateke marra gorria: dependentzia dut igotzen ditudan argazkien feedbackarekiko? Hori da aztertu beharko genukeena.

Nola konektatu gaitezke gehiago bizitzagaz eta oporrakaz, hiperkonexio garai honetan?

Ahal den neurrian bizitza hiperkonektatutik aldenduz, estres eta dependentzia iturri direlako. Baina mugikorrarekiko dependentzia oso handia duen gizarte bat gara; mugikorra gurekin daramagu beti. Oso zaila da banaketa hori ematea. 

Mugikor gutxiago eta esperientzia erreal gehiago bilatu behar ditugu. Eta ez badugu lortzen, beharbada joan gaitezke koberturarik gabeko lekuetara, baina horrek antsietate handia ematen dio jendeari. Beraz, ez dakit zein den soluzioa. Bakoitzak kontzientzia hartzea eta lan psikologiko horretan lan egitea, norberaren errealitateaz konturatzeko. 

Lagun askok —ostalaritzako langileek, adibidez— ez dute oporrik hartzeko aukerarik. Zer gomendio emango zenieke? 

Bertan dago konparaketa: mundu guztia dago oporretan eta ni lanean. Edo nik ez dut dirurik oporretan joateko. Ez da errealitatea ere ez mundu guztia oporretan dagoela. 

Garrantzitsua da nolabait norberarentzako eremu horiek bilatzea: ongizate burbuilak. Ezin banaiz aste bitartean joan, aste-akabuetan aprobetxatzea. Euskal Herria, zorionez, oso leku ona da eta itsasoa zein mendia hurbil ditugu. Aukera asko ditugu eta ordu gutxitara ere eskaintza dugu. Beraz, posible den heinean, horrelako aukerak bilatzea ondo legoke, gertu daudenak eta oso merkeak izan daitezkeenak.

Saiatu behar gara daukagun horrekin bizitzen. Ere argi izan behar dugu beste guztien Instagram kontuan agertzen den hori ez dela errealitatea. Askotan ikusten ari garena benetako testuinguru bateko segmentu oso txiki bat da. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun