Itsasadarreko tunelaren aurkako protesta Bilbon: "Ez da aurrerapausoa, atzerakada baizik"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 22a, 10:34

Subflubiala Ez plataformako kideek atzo Bilboko Aldundiaren jauregiaren atarian egindako protesta. © SUBFLUBIALA EZ

Atzo, hainbat lagun elkartu ziren Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren atarian, Subflubiala Ez plataformak deitutako kontzentrazio zaratatsuan. "Subflubiala ez da aurrerapena, atzerapausoa da klima larrialdiaren aurkako borrokan”, aldarrikatu zuten bertaratutakoek, eta urriaren 18an azpiegituraren proiektua gelditzea exijitzeko manifestazioa egingo dutela iragarri zuten.

Atzo arratsaldean, dozenaka lagunek salatu zuten Aldundiak Leioa eta Portugaleteren artean egin gura duen itsasadarraren azpiko tunela osasunaren, ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren aurka doan milioka euroko xahuketa izango dela. Hala, azpiegituraren proiektua berehala eteteko exijitu zuten.

Bertaratutakoek nabarmendu zutenez, Artatzan hasieran debekatu zituzten leherketak baimendu gura dituzte orain, prozesu osoan zehar, inolako azterketa teknikorik egin gabe: "Leherketek zarata, bibrazio eta kutsadura arriskutsuak eragingo dituzte, eta, gainera, Artaza-Romo BHIren parean egingo dira. Hori guztia, legezko mugak gaindituz eta herritarren osasuna arriskuan jarriz". Horregaz batera, Ballontiko biaduktuaren berreskuratzea ere gaitzetsi zuten, "jatorrizko ingurumen-ebaluazioan baztertua izan arren, justifikaziorik gabe Galindoko azken berdeguneak irentsiko dituelako".

Era berean, gaitzetsi zuten Ingurumen Eraginaren Adierazpena aldatzeko prozedura ez dutela kaltedun guztien artean behar bezala jakinarazi, "legea urratuz eta gardentasunari bizkarra emanez".

Gauzak horrela, salatu dute proiektu atzerakoia dela, "autoa mugitzea helburu duen mugikortasun ikuspegi zaharkitu batean oinarrituta". Horren ordez, ibilbide alternatiboak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egiteko aukerak indartzea eskatu zuten. "Ez da aukera kontua, trantsizioa ezinbestekoa da, edo klima-konpromisoak betetzen ditugu, edo hurrengo belaunaldiek lurralde kutsatuago eta gogorragoa jasoko dute".

Amaitzeko, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri zuten, urriaren 18an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu zituzten herritar guztiak. "Guztion artean geldituko dugu!" aldarriagaz amaitu zuten ekitaldia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun