Subflubiala EZ plataforma: "Aldundiak mugikortasunaren ikuspegi zaharkituan jarraitzen du, helburu bakarra autoak mugitzea duen ikuspegian, ez pertsonak"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 17a, 16:02

Subflubiala EZ plataformako kideak gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian egindako protestan, prentsagaz berbetan. © SUBFLUBIALA EZ

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egindako aurkezpenean itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko behin betiko proiektua argitara eman du. Hala ere, orain arte egin duen bezala, Subflubiala EZ plataformak azpiegitura horrek eragingo dituen kalteak salatu eta zerrendatu egin ditu eta hori eteteko eskatu du. Era berean, iragarri dute hilaren 21ean elkarretaratzea egingo dutela, 18:00etan, Bilboko Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta manifestazio jendetsua deitu dute urriaren 18rako.

Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren aurka dauden kolektiboek salatu dute tunelaren eraikuntza-prozesuan erabiliko dituzten leherketak, hasiera batean debekatu egin zituztenak, orain, ibilbide osoan zabaltzeko asmoa dutela, "inolako azterketa zorrotzik gabe". Ohartarazi dutenez, neurri horrek zarata eta bibrazio arriskutsuak eragingo lituzketela azaldu dute, bereziki Artaza-Romo BHIko ikasleentzat, eta legezko mugak gainditzen dituzten kutsadura-mailak eragingo lituzke, PM 2.5 partikulen bitartez.

Horrez gain, Ballontiko biaduktua ere egitasmoan berriro txertatu dutela ere adierazi dute, nahiz eta hasierako ingurumen-ebaluazioan baztertua izan. Galindoko azken berdeguneak desagerrarazteko arriskua ekarriko luke horrek.

Gainera, Aldundia prozesu guztia gardentasunik gabe garatzen ari dela salatu dute: "Ingurumen Eraginaren Adierazpenaren aldaketak ez zaizkie jakinarazi kaltetuei, legea urratuz".

Era berean, azpiegituraren aurka dauden herritarrek deitoratu dute Aldundiak daborduko mugikortasun-eredu zaharkitu batean oinarritu duela proiektua, eta ibilgailu pribatuaren zirkulazioa sustatzeko soilik pentsatutako azpiegitura hutsa izango dela. Horren ordez, ibilbide jasangarriak lehenesteko eta garraio publikoa, oinezkoen zein bizikleten erabilera indartzeko eskatu dute, ibilgailu pribatuaren erabilera pixkanaka murriztuz. "Subflubiala ez da aurrerapena; atzerapausoa da klima larrialdiaren kontrako borrokan eta mehatxua da gure bizi-kalitaterako", ohartarazi dute.

Hori dela eta, Aldundiari proiektuaren geldiaraztea exijitu diote eta herritarrak mobilizatzera deitu dituzte: astelehenean egingo den kontzentrazio zaratatsura, eta urriaren 18an Bilbon izango den manifestazio nagusira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun