Itsasadarraren azpiko tunelaren aurkako mugimenduak iragarri du hurrengo egunean, uztailaren 24an, protesta ekintza bat egingo duela Bizkaiko Foru Aldundiak egun horretan egin ohi duen harrera-ekitaldian. Hitzordua 12:30ean jarri dute, Bilboko Foru Jauregiaren aurrean.
Nahiz eta Ertzaintzak mobilizazioa debekatu eta errekurtsoa jartzeko aukerarik eman ez, antolatzaileek nabarmendu dute ez dutela atzera egingo: "Ez dugu gu isilarazteko saiakera hau onartuko eta aurrera jarraituko dugu deialdiarekin, proiektu txikitzaile eta antisozial honen aurkako mezua ozen entzun dezaten ", adierazi dute ohar bidez.
Azaldu dutenez, beraien ustez, "Subflubiala oso proiektu kaltegarria izango da", bereziki sustatzen duen "garraio ereduagatik", izan ere, deitoratu dute milaka kotxe gehiago ipiniko dituela errepideetan, "kotxeen aldeko dei efektua egingo baitu".
"Hori gutxi balitz, albo kalte oso larriak eragingo ditu: kaltetu nagusiak inguruko ikastetxeak izango dira, ikasle zein langileen osasunean kalte larriak jasango baitituzte. Berez, ekainean Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola eta Romo eta Artaza eskolak komunikatu bat atera zuten Subflubialaren proiektua bertan behera gelditzea eskatuz", erantsi dute beraien oharrean.