Ekintzaile ekologista bat Artatza parkeko zuhaitz batera igo da itsasadarreko tunelaren proiektuaren aurka protesta egiteko

Estibaliz Maguregi · Ander Zarraga 2025ko uzt. 30a, 15:34

Ekintza sinboliko eta ikusgarri baten bidez, Maputxe izena darabilen ekintzaile ekologista kurdu bat Artatzako parkeko zuhaitz batera igo da. Subflubiala EZ plataformaren borrokagaz bat egin duen aktibistak Aldundia bultzatzen ari den itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua salatzeko hiru egun emango ditu zuhaitzean igota.

Egitasmoa babesten ari den Subflubiala EZ plataformako kideek azaldu dutenez, asmoa da hainbat egunez zuhaitzean egotea, ingurumen-inpaktu handia izango lukeen tunelaren proiektu hori salatzeko. Plataforma ekologistak ohar bidez azaldu duenez, ekintzaileak besteak beste, Frantzian A69 autopistaren aurkako mugimendu ekologistan parte hartu zuen, eta bertan ezagutu zuen borroka.

Protestagaz batera, plataformako kideek azpiegitura "oso kaltegarria" dela berretsi dute, bereziki sustatzen duen mugikortasun-ereduagatik, auto pribatuaren erabilera bultzatzen duelako. "Milaka ibilgailuk igaroko dute egunean, eta horrek kutsadura eta berotegi-efektuko gasen emisioak areagotuko ditu", salatu dute. Horrez gain, kostu ekonomiko handia ere nabarmendu dute: "500 milioi eurotik gora xahutuko dira", esan dute. Gaineratu dutenez, obrek inguruan eragin larriak izango lituzkete: "Naturguneak, ikastetxeak eta ekosistemak arriskuan jarriko ditu".

Plataformatik jakinarazi dute protesta baketsu honek herritarren arreta piztea eta eztabaida publikoa aktibatzea duela helburu, eta lanen geldiarazpena eskatu dute berriz ere.

Azken asteotan, hainbat elkarretaratze eta alegazio aurkeztu dituzte tunelaren egitasmoaren aurka, proiektuaren tramitazioa gardentasun faltaz eta azkartasunargaz egin dela salatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun