Aldundia bultzatzen ari den itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren aurkako protestaren deitzaileek salatu dute eguen honetan Foru Jauregiaren aurrean antolatutako kontzentrazioa "ilegalki" isilarazi dutela. Plataformako kideen arabera, Ertzaintzak ez zien manifestariei Jauregiaren aurrealdera hurbiltzen utzi, inolako idatzizko notifikaziorik eman gabe, hau da, euren eskubideei uko eginez.
"Gogorarazi nahi dugu bilera askatasuna erregulatzen duen 9/1983 lege organikoak zehazten duela bere 10. artikuluan manifestazioak debekatzeko arrazoi bakarra pertsona edo objetuentzako arriskua aurreikustea dela, eta beti ere hori era argudiatu batean notifikatu behar zaiola idatziz manifestazioaren deitzaileari, honi errekurritzeko aukera emanez", adierazi dute Subflubiala EZ plataformako kideek.
Deitzaileek adierazi dute protesta behar bezala komunikatu ziotela Ertzaintzari, eta debekuaren atzean San Inazioko harreran parte hartzen ari zen Ahaldun Nagusia eta ehunka gonbidatuen aurrean protesta horren presentzia ekiditeko asmoa dagoela.
Era beran, jakinarazi dute gertakizun horretan protestan parte hartzen ari ziren sei pertsona ere identifikatu dituztela, eta desobedientzia egotziko dietela adierazi dietela ahoz. "Oso gogorki salatu nahi dugu gure protesta isilarazteko saiakera hau, eta EAJk egin duen poliziaren erabilera partidista, gustuko ez dituen protestak isilarazteko erabiliz", deitoratu dute oharrean.