Aurten, Busterri Herri Antzerki Taldeak Isuskitza obra aurkeztuko duzue, zer aurreratu ahal diguzu antzezlan honen inguruan?
Antzezlanaren izenburua Plentziako mendi baten izena da, Butroe ibaiak ia osorik inguratzen duen mendia da Isuskitza. Plentziako uriaren herri lurren parte zan mendia, harik eta 1836ko karlistadan Egia jeneralak jarritako isunei aurre egiteko Udalak saldu egin behar izan eban arte. Gure aurreko antzezlanean horixe kontatzen zan: Plentzia, liberalen eskuetan egoalarik, gudaroste karlistek hiria inguratu ebenean, liberalek emakumeen milizia urbanoa sortu eben, nahikoa gizon ez eukielako hiriaren defentsarako. Hiru egunez luzatu zan setioaren ondoren, Egia jeneralak gidatutako tropa karlistak gailendu ziren eta emakumeak armetara deitu izanagatik zigor ekonomiko handia jarri eutsan herriari. Aurtengo antzezlanak herri lur horren enkante egunetik aurrerako historia puskak kontatzen dauz, 1855ean hasi eta 2025era arte, sei agerralditan.
Noiz eta non egingo dituzue emanaldiak?
Emanaldiak urriaren 4an Plentziako Eleiz plazan eta urriaren 11n Gorlizko eleiz plazan izango dira. Biak 20:00etan. Aurten, lehen aldiz EITBk streaming bidez emango du antzezlana. Azken urteetako lanaren fruitua da eta benetan pozik gagoz lorpen honegaz.
"Antzezlanean gertaera historikoak kontatzeko dramatikotasuna zaintzeaz gain, euskeraren trataerari ere emon deutsagu garrantzia"
Aurtengo antzezlanean Plentziako eremu berezi honen inguruko historiak azalduko dituzue; pertsonaien bizipenak izango dira, benetako istorioak, asmatutakoak?
Jokin de Pedrok, nire aitak (familia osoak gagoz herri antzerki proiektuan parte hartzen, ez da soilik gurea), asko gozatzen dau artxibo historikoetan buzeatzen eta, orain arte idatzi dituen antzezlan guztiek daukie abiapuntu historiko bat. Busterriren helburuetako bat, berez hori da: benetan gertatutako pasadizoak eta pertsonaiak gogora ekartea herrira eta euskeraz. Aurtengo antzezlanean agertzen diren pertsonaia eta gertakari gehienak dira historikoak baina noski, fikzioaren bidez emon jake forma gaur egungo ikusleari eskaintzeko. Pertsonaia historiko batzuk aipatzearren (eta spoiler larregiegin barik): Nikolas Olagibel eta bere emazte Teresa Tagle, Zitze trikitilaria eta bere emazte Felisa eta José Artabe lirateke aipagarrienak.
Antzezlanean gertaera historikoak kontatzeko dramatikotasuna zaintzeaz gain, euskeraren trataerari ere emon deutsagu garrantzia. Izan ere, egungo Plentzia eta Gorlizen bertoko euskalkia ia erabat galduta dago eta euskaldunek batua erabiltzen dabe gehienbat. Beraz, antzezlanaren ulermena lehenetsiz, bertako euskalkiari keinuren bat egiten deutsagun arren, gehien bat bizkaitar jasoan egiten dabe pertsonaia gehienek. Pertsonaia gipuzkoar batzuk ere badira gipuzkoarrez egiten dabenak eta 2025ean gertatzen dan azken agerraldian, egiantzekotasuna bilatze aldera, institutuko irakaslea dan pertsonaiak batuan egingo deutse ikasleei eta ikasleek argot erdalduna eta erderakadak erabiliko dabez.
Zu antzerkigile profesionala zara, nolakoa da talde herrikoi batean lan egitea?
Ba beitu, alde batetik guztiz gauza desberdina da, helburu desberdina daukielako muntaia profesionalak eta herri antzerkiak. Antzezlan bat prestatu eta jendaurrean aurkezten da bietan, baina helburu eta metodo desberdinez. Herri antzerkiaren kasuan, herriko eta inguruetako historia plazaratzeak badu helburu pedagogiko bat; izan ere, guk geuk asko ikasten dogu, ez bakarrik ikuslegaok. Baina hori antzerki profesionalean ere gertatu leike. Bestalde, parte-hartzaile guztiek antzerkilarion jardunaz ikasten dabe bere alde jolasti eta konprometituenak ezagutuz, azken finean, elkarlana da antzerkia eta modu gozagarrienean gidatzen saiatzen nazen arren, presioa eta urduritasuna ere biziko dabez jendaurrean antzezteko uneak hurbildu ahala. Antzerki profesionalaren kasuan, proiektuko parte hartzaile guztiak izan ohi dira profesionalak (salbuespenak salbu).
"Giro jatorra eta konprometitua sortu dogu danon artean eta ahalegin handia dan arren domeketan lotzea entsegutarako, urtero merezi dosku"
Herri antzerki proiektu honetan herriko euskaldunak saretzea eta elkarren artean euskaraz hitz egiteko ohitura berrestea da politena niretzat. Gainera, herriko jendea beste modu baten ezagutzea ekarri deust: parte hartzaile batzuk ezagunak izan arren, ezagutzen ez nebazan trebeziak dituztela jakitea, adibidez. Batzuk antzerkirako sen handia daukie beste batzuk josten trebeak dira, besteren bat kartelgintzan, attrezzo arduretan, eszenografiaren eraikitze-lanetan edo instrumenturen bat jotzen parte hartzen dabe, eta urtero dagoz sorpresa bitxiak. Giro jatorra eta konprometitua sortu dogu danon artean eta ahalegin handia dan arren domeketan lotzea entsegutarako, urtero merezi dosku. Pertsonalki lotura berezia daukat Busterrigaz Gorlizen bizi izan nazelako urtetan, eta nire familia bertan bizita ondino, herrian sustraitzen naben proiektua dalako. Bilbotartuta nagoen arren, apurtxu bat gorliztar sentiarazten nau.
Aurtengoa bosgarren antzezlana izango da, esan daiteke herrian ezarrita eta egonkortuta dagoen proiektua da Busterri?
Bosgarren proiektua da eta hamargarren urtea, bi urtero ekoizten direlako antzezlanak gitxi gorabehera, hasieran ez zan holan izan, baina pandemiaz geroztik bai. Jarduera aurre-ekoizpen urteetan eta ekoizpen urteetan banatuta daukagu, bestela larregi litzakeelako. Esan beharra dago antolakuntzan gagozan pertsonak errelebo beharrean gabizala, ardura potoloenak eskuz aldatzeko desiatzen. Busterriren jarduerak jarraitzea gurako geunke (eta esango neuke gu horren barru hartu geinkezala, udalak, ikusleak, eta parte-hartzaileak) baina beste pertsona batzuen inplikazioa beharko geunke; errelebo antzeko bat urtero ez jausteko lanaren zama bera talde eragile beraren ganean. Ia lortzen dogun!
Ikusmin handia sortzen da herrian antzezlanaren inguruan?
Bai, ikusmina sortzen da urtero. Uda garaian hasten da jendea galdezka ia aurten ba dagoen emanaldirik, ia zeren ingurukoa dan eta ze datatan izango ete dan. Emanaldien egunetan plazak goraino betetzen dira, eta, bide batez, gomendio bat emongo dot, hau irakurri eta bertaratzeko gogoa piztu deutsan edonorentzat: harmailan jesarri gura izanez gero, 30 minutuko aurrerapenez iritsi, bestela zutik edo bazter baten lurrean jesarrita ikustea beste erremediorik ez da izango. Emanaldien ostean, parte hartzeko desioa ere sortzen da herrikoen artean, entusiasmo olatu bat balitz lez, baina entseguen egutegia ikustean, batzuk atzera egiten dabe. Domeka goizak sakrifikatzea ez da edonorentzat!