Palestinagaz elkartasunean, gaurko lanuzteagaz bat egingo du HIRUKAk

Erredakzioa 2025ko urr. 15a, 08:00

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak Palestinaren alde deitutako lanuzte orokorragaz bat egingo du gaur HIRUKAk, 11:00etatik 14:00etara, hain zuzen. Arrastian, gainera, Gernika-Palestina herri-ekimenak deitutako mobilizazioen jarraipen berezia egingo du lantaldeak.

Hamasek eta Israelgo Gobernuak su-eten akordioa sinatu arren, oraindino Israel presionatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute sindikatuek, eta lanuzteak bere horretan mantendu dituzte gaurko egunerako, "Palestinan genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko bertan behera uzteko eta herri palestinarrak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatzeko".

Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan amaitzen diren jardunaldietan. Gaueko txandan, lanuztea 03:00etatik 06:00etara egingo da, eta arrastikoan, 19:00etatik 22:00etara.

Enpresa bakoitzeko ordezkaritza sindikalak lanuzteagaz bat egiteko eskatu die langileei, eta hamaika mobilizazio antolatu dituzte enpresetan goizean zehar. Eguerdian, manifestazio orokorrak egingo dituzte euskal hiriburuetan; Bilbon, berbarako, 12:30ean abiatuko da mobilizazioa, Jesusen Bihotzetik.

Arrastian, berriz, herriz herriko manifestazioak egingo dituzte Uribe Kostan, 19:30ean, Gernika-Palestina herri-ekimenak deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun