Nahiz eta adostutako su-etenak Gazako egoera arindu duen, sindikatuek eta deialdia egin duten erakundeek azpimarratu dute presioari eutsi behar zaiola, "Israelek Palestinaren genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko amai ditzan eta herri palestinarrak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatzeko". Hala, urriaren 15ean egingo den lanuzte orokorra 11:00etatik 14:00etara izango da, eta ordutegi bereziak izango dituzte beste txandetan.
Manifestazio nagusiak 12:30ean egingo dituzte, Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Aldiz, arratsaldean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazio deszentralizatuak antolatuko ditu hainbat udalerritan. Uribe Kostan, besteak beste, elkarretaratze hauek egingo dituzte: Algortako Telletxe plazan, Barrikako egoitzako biribilgunean, Berangoko Gudari enparantzan (frontoiaren aurrean), Erandioko udaletxe parean, Gorlizko udaletxeko plazan, Plentziako Ontziola plazan, Leioako Sakoneta kiroldegian, Sopelako udaletxe plazan, Itzubaltzeta/Romoko Xake plazan eta Urdulizko metro-geltokiaren ondoan.
Grebaren helburuak hauek direla azaldu dute sindikatuek: Palestinako herriari elkartasuna adieraztea, genozidioa eta okupazioa salatzea, Israelegaz harremanak etetea eta Europar Batasunaren eta Israelen arteko elkartze-akordioa bertan behera uztea, giza eskubideen eta justizia internazionalaren alde.
Sindikatuek aurreratu dutenez, ehunka enpresatan antolatu dira geldialdiak, besteak beste, Mercedes, Gestamp, CAF, Michelin edo Sidenor-en, eta zenbait tokitan % 70etik gorako babesa jaso dute langileen batzarretan.
Sektore publikoan, "abusuzko gutxieneko zerbitzuak" ezarri direla salatu dute sindikatuek, baina mobilizazioak aurreikusten dira Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, EiTBn, Guggenheimen, aldundietan eta udaletan. Hezkuntzan eta garraioan ere jarduera mugatua izango dela aurreratu dute.