Torrealdayk baieztatu duenez, ustez inplikatutako adingabeek 12 eta 13 urte bitartean dituzte, DBHko 1. eta 2. mailan daude eta, beraz, ezin zaie zigorrik egotzi. Azaldu duenez, Hezkuntza Sailak urriaren 31n izan zuen lehenengo aldiz egoeraren berri, ikasle talde bat irakaslearen etxera joan eta etxebizitzaren aurka "objektuak eta arrautzak" jaurti zituenean. Egun, lan-bajan dago.
Sailburuordeak aitortu du ez zela irakasleak horrelakorik jasaten zituen lehen aldia: lehendik ere antzeko egoerak erregistratu ziren, baina orduan ikastetxeak kudeatu zituen nahikotzat jo ziren neurriak. Hala ere, azken gertakarien ondorioz, ezohiko prozedura bat aktibatu da, aplikatu beharreko neurriak erabaki aurretik informazio guztia bilduko duen instruktore bat izendatuta.
"Ikasleak adingabeak dira; hortaz, neurriak hezitzaileak izan behar dira", adierazi du Torrealdayk. Balizko zigorren artean gizarte-lanak edo "salbuespenezko kasuetan" aldi baterako kanporatzeak daude. Gainera, Sailak jokabide horiek "irmo arbuiatzen" dituela adierazi du, eta irakasleari laguntza administratiboa, psikologikoa eta juridikoa bermatu dio, hala eskatzen badu.
Protokoloak jomugan
Bestalde, EH Bilduk iragarri du azalpenak eskatuko dizkiola Hezkuntza Sailari kasuaren jarraipenari buruz eta prebentzio zein jarduera mekanismoek huts egin duten argitzeko. Abertzaleek azpimarratu dutenez, jasotako informazioaren arabera, jazarpena "duela zortzi urte hasi zen", eta horrek "zalantzarik gabe zerbaitek huts egin duela" erakutsiko luke.
Plentziako alkatetza duen alderdiak ohar publiko batean azpimarratu duenez, urriaren 31n gertatutakoaren harira, argitu gura izan du ikastetxeko zuzendaritza astebete geroago jarri zela harremanetan Gobernu Taldeagaz. Hala ere, zentroari erakutsi dio "prest" daudela elkarregaz lan egiteko. Era berean, adingabeen inplikazioagatik egoera "delikatua" dela esan du, eta, beraz, "zuhurtziaz eta diskrezioz" jokatuko duela.
Adierazpen berdinean, gaineratu du "Gorlizen gertatu izan arren, uste dugu eremu guztietatik landu beharreko zeharkako gaia" dela, eta bere "erabateko elkartasuna" adierazi dio biktimari, gertatutakoa arbuiatzeaz gain.