Elkarrizketak

Felix Campos, Ogikiñe Harri Eskola: "Hemen % 70a teknika da; gainerakoa, indarra"

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 20a

Camposek Ondizko probalekura mugitu gura du Ogikiñe Harri Eskola.

Hainbat marka lortu eta gero, erretiroa hartu eta Leioan harri-jasotzaile eskola sortzeko helburua ezarri zuen Camposek. Hala ere, momentuz, Getxoko probalekuan entrenatzen ditu bere txapeldunak.

Felix Campos Lumbreras Ogikiñe I 1954an jaio zen Atarrabian (Nafarroa), baina gaztetan Leioara joan zen bizitzera. Hainbat kiroletan aritu ondoren, harri-jasotzea izan zen interes handiena piztu ziona. Bere ezizena Jose Ramon Aretxabaleta Aretxa I.ak jarri zion, garai hartan Campos okina baitzen. Hala Ogikiñe I harri pisutsuetan esku bakarreko altxaldietan espezializatzeaz gain, hainbat marka ere eskuratu zituen: besteak beste, 1985ean, 69,5 kilo zituela 188 kiloko harria altxatu zuen eta, hurrengo urtean, zortzi aldiz altxatu zuen 136 kiloko zilindroa Ondizen. 1994ko Leioako San Juan jaietan egin zituen bere azken jasoaldiak, baina oraindino hiru aldiz izango zen txapeldun Espainiako hildako pisuko lehiaketan.

Belaunaldi berriak

"Desiratzen nago norbaitek nire markak haustea, ahal bada nik entrenatzen dudan norbaitek, baina ematen du kirolak ez duela aurrera egiten. Urte asko pasatu dira eta errekorrek hor jarraitzen dute"

Eskola

80ko eta 90eko hamarkadetan, Ogikiñe I.ak eta bere anaiek hainbat harri-jasotzaile prestatu zituzten Leioan zuten eskolan, beraz, garai hartan Euskal Herriko lehiaketetara eraman zituzten hemengo harri-jasotzaileak.

Azkenean, 2019an erretiroa hartu zuenean, Leioan eskola berriz ere martxan jartzeko ahalegina egin zuen, baina ez zuen behar bezalako tokirik aurkitu, eta ordutik Getxoko Andra Mariko probalekuan aritu da entrenatzen. "Getxon "pegote" bat bezala gaude. Getxo Kirol Taldeari esker gaude hemen; beraiek oso ondo hartu gaituzte, eta ez daukat inolako kexarik, baina hemen ez dago leku nahikoa, askoz hobeto egongo ginateke Ondizko probalekuan, Leioan", kexatu da. Dioenez, arazoa da Andra Marikoa beste hainbat ekintzatarako ere erabiltzen dutela, hala nola arku-tiroan aritzen direnek, idi-probetarako edo boxeo gaubeletarako, adibidez. "Ondo iruditzen zait eraikina erabiltzea, horretarako baitago, baina leku gutxi dago denontzako", azaldu du. Gaineratu du Andra Marik eskailerak igotzen eta jaisten ere ibili behar direla harri astunakaz, eta, oro har, azpiegitura ez dela Ondizko probalekua bezain erosoa beraientzako. Deitoratu duenez, hainbatetan jo du Leioako Udalarengana baimen eske, baina beti eman diote ezezkoa, eta bere ustez horrelako eraikin bat hutsik edukitzea ez da bidezkoa.

Gaur-gaurkoz, 15 harri-jasotzaile inguru ditu eskolan. Horien artean, aipatzekoa da, urriaren 19an Mungian Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Patricia Martin. 39 urteko mediku zirujauak astean bi egunetan entrenatzen du Andra Marin Ogikiñe I.agaz. "Oso pozik nago Patriziak lortutakoagaz, nik neuk irabazi banu bezala", aitortu du leioaztarrak.

Kirolak azken urteotan izan duen bilakaeraren inguruan galdetuta, azaldu du gauzak asko aldatu direla, lehen, lehia gehiago baitzegoen eta aspaldi ez direlako bere garaiko markak hautsi. Dioenez, lehen jendeak bere eguneroko lanean altxatzen zituen pisu astunak, "orain, jendeak ordenagailuan egiten du lan". Horrez gainera, eskola gutxi dagoela ere dio, Bizkaian berea eta besteren bat. Harri-jasotzean aritzeko teknika behar-beharrezkoa dela dio: "Hemen teknika % 70a da, gainerakoa indarra. Horregatik, ezinbestekoa da dakien norbait izatea zure ondoan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun