Hego Euskal Herriko herritarren eta familien errentaren erradiografiak oparoa baina gorabeheratsua den herriaren hezurdura erakusten digu. Estatu osoan, gure lurraldea mapa ekonomikoaren goialdean kokatzen da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira Estatuko aberastasun handiena duten lurraldeen artean daudenak, batez besteko errenta pertsonalak (19.500 euro) nabarmen gainditzen du Espainiako batezbestekoa.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (Familien Errentaren Banaketaren Atlasa, 2024), EAE Estatuko sailkapenaren buru da, 20.279 euroko errenta pertsonalarekin, Madril (18.856 euro), Balear Uharteak (18.854 euro) eta Kataluniaren (17.477 euro) aurretik. Nafarroak, bestalde, bosgarren postuari eusten dio, baina batezbestekoaren gainetik, 16.941 eurorekin.
Hala ere, itxurazko oparotasun horren azpian, errenten banaketak lurraldeen, eskualdeen, herrien eta auzoen arteko kontraste handiak dituela agerian uzten du. Erreportaje honek, aberastasunaren itzalean ezkutatzen diren Hego Euskal Herriko errentaren arrakalak eta bilakaera aztertuko ditu, datuen, adituen eta lekukoen bidez.
Jon Bernat Zubiri EHUko Lan Harreman fakultateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak azaldu duenez, errenta pertsonala norbanako batek urte osoan zehar jasotako errenta guztien batuketa da, hau da, jasotako soldata, etekinak eta interesak, besteak beste. Nolanahi ere, batez bestekoa den heinean, adituak nabarmendu du errenta altuek “asko” igotzen dutela aldagai hau.
Gipuzkoa da errenta pertsonalaren buru Hego Euskal Herrian, 2023ko batezbestekoa 19.619 eurokoa izan zen (lurralde- eta udal-mailan eskuragarri dagoen azken datua). Ondoren, Bizkaia (18.738 euro) eta Araba (17.806 euro) daude.
Arabari dagokionez, Bernatek nabarmendu du “bi Araba” daudela, Gasteiz delako lanpostu industrialaren pisu handiena duen hiriburua, baina, Lautadaz kanpoko Arabako beste biztanle guztiak lehen sektorearen menpeko eskualdeetan bizi direla eta, ondorioz, “atzean” gelditzen direla errentaren ikuspegitik.
Eskualdeka, aldeak nabarmenagoak dira. Plentzia-Mungia dago sailkapeneko buruan, 20.697 eurorekin; beste muturrean, berriz, Nafarroako Erribera, 14.183 eurorekin.
Lau eskualdek soilik gainditzen dute batez besteko 20.000 euroko errenta pertsonala: Plentzia-Mungia, Debagoiena, Donostialdea eta Gorbeialdea. Horri begira, ekonomian adituak nabarmendu du eskualde horietan kapital-errenta altuagoak dituztela. Izan ere, Debagoiena kenduta, enplegu- eta soldata-datuak ez dira onak beste hiru eskualde horietan: “Kontua da, klase altuko bizilagun gehiago dituztela, eta haien akumulazio gaitasunaren ondorioz errenta pertsonal altuagoa dagoela”.
Errenta pertsonal handiena duten udalerriak
Udalerriei dagokienez, Laukiz (25.434 euro) da gurean batez besteko errenta pertsonal handiena duen 1.000 biztanletik gorako udalerria, eta haren atzetik datoz Getxo (24.626 euro), Maruri-Jatabe (24.145 euro) eta Loiu (23.145 euro), guztiak Bizkaikoak.
Are, gutxienez 1.000 biztanleko errentarik handiena duten 25 udalerrietatik 13 Bizkaikoak dira. Gainontzekoak: 8 Gipuzkoan daude, 3, Araban, eta bat, Nafarroan. Gehienak nahiko herri txikiak dira, 10.000 biztanle baino gutxiagokoak. Alabaina, ez badiogu auzokide-kopuruari erreparatzen, datuak aldatzen dira: Nafarroako 300 biztanle baino gutxiagoko bost udalerri dira aberatsenak, 25.000 eurotik gorako datuekin.
Ildo horretan, pertsona aberatsak jarri ditu jomugan EHUko irakasleak. Laukizi dagokionez, Unbemendi urbanizazioa aipatu du, “hor bizi baitira euskal enpresari ugari”. Hala, nabarmendu du errenta ez dela udalerri horretan sortzen, ezta laukiztar gehienei eragiten, “baina gutxi batzuen errenta oso altuen ondorioz, batez besteko errenta pertsonala rankingaren buruan kokatzen du udalerria”.
Azaldu duenez, antzeko egoera bizi da Getxon, Loiun, Barrikan eta Donostian, berbarako. “Pertsona aberatsen fenomeno erresidentzial horren ondorioz dute errenta pertsonal altua, eta ez hainbeste soldatak eta etekinak horietan sortzen direlako”.
Estatu osoan batez besteko errenta pertsonal handiena duten 250 udalerrietatik, 112 Hego Euskal Herrikoak dira; hau da, Estatuko udalerri aberatsenen % 45 euskal udalerriak dira.
Are gehiago, Estatu osoko 25 udalerri aberatsenetatik, 8 gure ingurukoak dira: bost, Bizkaikoak; bi, Arabakoak, eta bat, Gipuzkoakoa.
Egoera hori are gehiago nabarmentzen da udalerri txikietan; adibidez, 1.000 biztanletik beherakoen artean, Garai (Bizkaia ) da batez besteko errenta pertsonal (24.905 euro) eta familiar (78.372 euro) handiena duen udalerrietako bat, eta bertakoa da Lazaro Milikua. Auzokide horrek aitortzen du errenta altuenetako herria dela, baina diru hori ez dela kalean ikusten. Azaltzen duenez, bertan funtzionario asko bizi dira eta ia langabeziarik ez dago: hain zuzen ere, hiru herritar baino ez daude lan barik bertan. Milikuak dionez, Garain eskualdeko (Durangaldea) eta Euskal Herriko gainerako herrien antzera bizi dira, eta desberdintasunak etxeen jabetzan egon daitezkeela batez ere.
GARAIko testigantza
Errenta pertsonal txikiena duten udalerriak
Ifrentzua hegoaldean dago. 1.000 biztanletik gorako 25 udalerri xumeetatik 24 Nafarroan daude, eta Castejon da errentarik txikiena duena (11.850 euro). Nafarroakoez gainera, Arabako Errioxako Oion sartzen da zerrenda horretan, 14.035 euroko batezbestekoarekin.
Eskualdeei dagokienez, Nafarroako Erribera da nagusi talde horretan: bertako hamar udalerri apalenen artean daude, eta horietako sei hamar errenta baxuenen artean kokatzen dira. Biztanle-kopuruari erreparatu gabe, udalerri apalenak eskualde horretakoak dira, eta, ondoren, Arabako Errioxako eta Lizarraldeko beste udalerri batzuk daude, hala nola Navaridas, txiroena (11.111 euroko batezbestekoa du), eta Andosilla (12.152 euro), besteak beste.
SESTAOKO Testigantza
Nafarroa da errentaren hazkundean liderra
2016 eta 2023 arteko bilakaera-datuek erakusten dute abiapuntuko errenta txikiena duten udalerrietako hazkundea izan dela handiena, hain zuzen ere. Gutxienez 1.000 biztanle dituzten herrien artean, Deierri da gehien hazi dena (% 53,5), Nafarroan; ondoren, Cabanillas (% 48,6), Barrika (% 45,9), Ultzama (% 45,6), Maruri-Jatabe (% 44,9), Azkoien (% 43,1), Berastegi (% 41,9) eta Atxondo (% 41,8).
Azken zortzi urteetan batez besteko errenta pertsonala gehien handitu duten 25 udalerri handietatik 15 Nafarroan daude; sei, Bizkaian, eta lau, Gipuzkoan.
Lurralde osoari begiratuz gero, kasuak batzuetan aldi horretan batez besteko errenta pertsonala ia bikoiztu egin da. Horixe da Biurrun-Olcoz, Deiu eta Izagaondoa Nafarroako udalerrien kasua: % 98,8rainoko hazkundea izan dute.
Nolanahi ere, EHUko adituak azpimarratu du igoera nominala dela, eta prezioen garestitzeak hazkunde horren parte handi bat baliogabetzen duela, “eta hori bereziki larria da bere soldatak edo autonomo batzuen errenta txikien bilakaera aztertzen denean, non bereziki larria izan den lehen mailako ondasunak eta etxebizitzaren kostuak izugarri handitu diren”.
Familia-errenta, aberastasuna neurtzeko beste modu bat
Familia-errentak, etxekoen unitate baten guztizko diru-sarreren batura gisa kalkulatuta, irudi osagarria ematen du. Oro har, joerak errenta pertsonalaren antzekoak dira: Gipuzkoa eta Bizkaia lehen postuan daude, eta Nafarroak, aldiz, barne-sakabanatze handiagoa du.
Errenta pertsonala gizabanakoen kontsumo-unitateari esaten zaio (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen eskalaren arabera); familiako errentak, aldiz, etxekoen diru-sarrera agregatuak islatzen ditu. Hala ere, Hego Euskal Herriko errentaren mapa ezer gutxi aldatzen da errenta pertsonala eta familiarra alderatzen denean, nahiz eta ñabardurak dauden. Eskualde aberatsenak berberek izaten jarraitzen dute: Plentzia-Mungia, Debagoiena, Donostialdea, Gorbeialdea eta Urola-Kostaldea; aldea erdiko eta beheko tarteetan dago, errenta-motaren arabera eskualde batzuek posizioak irabazi edo galdu egiten baitituzte.
Mendialdea da kasurik deigarrienetako bat: bertako errenta pertsonala erdialdean mantentzen da, baina familiaren errentak behera egiten du nabarmen. Iruñerriko eta Baztan-Bidasoko datuek, aldiz, gora egin dute bigarren kasu horretan.
Oro har, muturrak errepikatu egiten dira, baina barne-aldeek agerian uzten dute nola aldatzen den argazki ekonomikoa errenta-mota biak begiratuta: aldea ez da soilik pertsona bakoitzak irabazten duenaren araberakoa, baizik eta etxebizitza beraren pean zenbat diru-sarrera batzen den ere.
Lurraldeen arteko desberdintasunaren mapak probintzien arteko kontraste oso nabarmenak marrazten ditu. Araban, udalerrien proportzio oso altua dago errenta-dezil txikienetan: udalerrien heren bat baino gehiago 1go dezilean daude, familia-errenta txikienak dituzten herrien % 10eko multzoan, taula osoko ehunekorik handiena. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, udalerrien % 4,4 eta % 1,1 daude multzo horretan, hurrenez hurren. Nafarroak ere errenta baxuak dituztenen presentzia nabarmena du, baina banatuago: % 10,7 lehen dezilean eta % 15,1 bigarrenean.
Tarteko deziletatik aurrera, patroia irauli egiten da: Gipuzkoa da errenta-maila altuetan udalerrien pisu erlatibo handiena duen probintzia, batez ere 8 eta 9 deziletan, non % 2 eta % 15 gainditzen dituen; ondoren Bizkaia dago, 10. dezilean kontzentraziorik handiena duena ( % 17,7).
Nafarroak banaketa homogeneoagoa du, eta Araba, multzo zaurgarrienetan presentzia handia duen arren, baditu hainbat udalerri taularen maila altuenean: % 7,5 10. dezilean.
54.841 eurotik gorako familia-errenta duten auzoak % 10 aberatsenen artean daude
Hego Euskal Herriko errentaren mapak landa-eremuaren eta hirigunearen, iparraldearen eta hegoaldearen, erdialdearen eta periferiaren arteko arrakalak erakusten ditu, baina baita auzo aberatsen eta pobreenen artekoa ere. INEren zentsu-sekzioko datuen arabera, administrazio-unitate txikiena, errentaren gaineko arrakala udalerri handietan eta hiriburuetan gertatzen da, batez ere. Eta udalerrien barruko aldeak nabarmenagoak dira familia-errenta aztertzen denean. Hiriburu guztietan eta eskualdeko udalerrien kasu askotan, auzo aberatsenen eta pobreenen arteko arrakala 40.000 eurotik gorakoa da, eta kasu batzuetan, Bilbon eta Gasteizen adibidez, 70.000 eurotik gorakoa.
Bilbo da auzo batetik bestera arteko arrakala handiena duen udalerria: Abandoko eta Deustuko etxebizitzek Otxarkoagakoek eta San Frantziskokoek baino 81.000 euro gehiagoko familia-errenta dute, batez beste. Getxon ere kontrastea nabaria da: Hego Euskal Herriko auzo aberatsenak bertan daude, Neguri eta Areeta kasu, eta horietan Itzubaltzeta/Romoko familia-errentak halako bi baino handiagoak dira.
Getxo da Bizkaiko udalerri aberatsenetako bat, baina, ikus daitekeenez, egoera ez da samurra herritar guztientzat. Izan ere, errenta handiak izan arren, udalerriko prezioak oso garestiak dira eta, ondorioz, hainbatek diote udalerriko egoera ekonomikoa eta bizi-kalitatea “okerrerantz” joan dela azken urteetan, bereziki etxebizitza eta oinarrizko produktuen garestitzearen ondorioz. Gazte asko kexu dira, adibidez, alokairuen prezioen gorakadaz, eta, ondorioz, soldataren zati handi bat horri bideratu beharra dutela, “soldatek berdin jarraitzen duten bitartean”. Auzoen arteko aldeei dagokionez, iritzi ezberdinak daude kalean, baina bat datoz esaten dutenean antzinako desberdintasunak, adibidez, Areeta eta Itzubaltzeta/Romo artean, parekatuta daudela etxebizitzari dagokionez, “lehenengoan prezioek berdin jarraitzen duten bitartean, bigarrenean asko garestitu direlako”.
Getxo Bizkaiko udalerri aberatsenen artean dago, baina datuen eta kaleko errealitatearen arteko aldea gero eta nabarmenagoa da. Errenta pertsonal altuak izan arren, bizitzaren kostua izugarri garestitu da. Ondorioz, herritar askok adierazi dute udalerriko egoera ekonomikoak eta bizi-kalitateak “okerrerantz” egin dutela azken urteetan, bereziki etxebizitzaren eta oinarrizko produktuen garestitzearen eraginez. Kezka are handiagoa da gazteen artean, alokairuen prezioek gora egin baitute neurriz kanpo, eta soldaten zati handi bat hori ordaintzera bideratu behar baitute, “soldatek maila berean jarraitzen duten bitartean”, deitoratu dute.
Auzoen arteko desberdintasun historikoei dagokienez, iritzi ezberdinak daude kalean. Hala ere, aditu zein herritar asko bat datoz: Areeta eta Itzubaltzeta/Romoren arteko desoreka, adibidez, etxebizitzari dagokionez, parekatzen ari da. Areetako prezioak altu mantendu diren bitartean, Romo eta inguruko auzoetan “izugarri garestitu dira”, lehen zegoen arrakala ekonomikoa lausotuz, baina erosahalmenaren arazorako irtenbiderik eskaini gabe.
Gasteizen, arrakala 78.000 eurorainokoa da; besteak beste, Abetxuku eta Zaramaga eremuak eremu dirudunen oso azpitik daude; Mendizorrotza, esaterako.
Donostian ere desoreka handia da: auzo aberatsenek, Mirakontxa eta Aiete kasu, Egia eta Intxaurrondoko familia-errentak hirukoiztu edo laukoiztu egiten dituzte. Irunen, muga ekonomikoa iparraldearen eta hegoaldearen artean kokatzen da; eta Eibarren eta Arrasaten, lantegi-eremuen arteko banaketak nabaria izaten jarraitzen du.
ARRASATEKO BIDEOA
Nafarroan, arrakala herri handietan metatzen da. Iruñean, Iturrama eta Ermitagañaren eta iparraldeko San Jorge eta Txantrea auzoen arteko aldea 43.000 eurotik gorakoa da. Tuteran, udalerri barruko ekialde-mendebalde arrakala agerikoa da, alde batetik bestera 29.000 euroko aldea dago eta.
Familia-errentari buruzko dezilen analisiak polarizazio-irudi hori indartzen du. Etxe bakoitzeko 54.841 euro baino gehiagoko errentak dituzten auzoak Hego Euskal Herriko familien % 10 aberatsenaren parte dira, eta % 10 pobreena, berriz, 20.000 euroko batezbestekoaren azpitik dago.
Banaketak erakusten du sakabanatze handia dagoela goiko eta beheko tarteetan, eta desoreka are nabarmenagoa dela auzo txiroenei eta aberatsenei erreparatuz gero.
Errentak gorabehera, Bernatek azpimarratu du, gaur egun, gure inguruko eskualde gehienetan, bai soldata eta bai etekin altuak dituzten herritarrak bizi diren eskualdetik kanpoko beste batera joaten direla lanera, “hiriburuetako auzo aberatsenetan kenduta”.
Hori horrela, errenta pertsonala eta familiarrak toki bateko garapenean eta ongizatean zuzeneko eraginik ez duen arren, ekonomian adituak azaldu du baduela zeharkakoa. “Berez, auzo edo udalerri batean errenta altuko jendea badago, zerbitzuak eta produktuak kontsumituko dituzte, sarritan gertuko saltoki edo enpresei eskatuta, eta horrek bai ekarriko du garapen-efektu eta ongizatea sortzeko aukera, betiere lanpostu eta enpresa onak sortzeko baldintzak ematen badira”.