Elkarrizketak

Galder Irusta: "Ez nuen lan hau nik bezala pentsatzen dutenentzat bakarrik egin nahi"

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 24a

Oscar Gutierrez eta Galder Irusta. © HIRUKA
Urdaibaiko naturaren eta Guggenheim proiektuaren arteko talka du ardatz Urdaibaiko sakrifizioa film laburrak. Galder Irusta zuzendariak dilema etiko eta politiko bat planteatzen du, eta Oscar Gutierrez kolore-arduradunak filmaren tonu bisuala finkatzen du, Busturialdeko paisaiak erabiliz. Proiektu hau "Euskal Herriko altxor ekologikoa babesteko borroka" gisa defini daiteke, narrazio sendo eta estetika bisual erakargarri bategaz.

Galder, "Urdaibaiko Sakrifizioa" nola definituko zenuke ikusleari? Zer da kontatu nahi zenuen muina?

Urdaibaiko biosferan Guggenheim berria eraikitzeko abal ekologikoa lortzeko ardura ematen dioten aholkulari gazte bati buruzkoa da. Gatazka ekologiko, politiko eta moralaren artean mugitzen da istorioa, eta bere erabakiek ondorioak izango dituzte bai berarentzat, bai eskualdearentzat.

Nola sortu zen filmaren ideia? Zergatik hartu zenuen Guggenheim Urdaibai gatazka ardatz narratibo gisa?

Film laburraren ideia egokia aurkitzea ez da erraza, zinemak logistika konplexua eta garestia duelako. Oraingo kasuan, filmak 17 minutu irauten badu ere, lan aktiboa urtebete baino gehiagoz luzatu da. 

New Yorken nengoela ikasten, argi nuen azken proiekturako etxera itzuli nahi nuela. Bidean, ordea, arrisku bat zegoela sentitzen nuen: paisaia eder batez “aprobetxatzea” muxu-truk. Hau da, leku jakin batean grabatzea, baina grabatutakoak zerikusirik ez izatea paisaiarekin. Horregatik, ingurunearekin lotura zuzena izango zuen gai bat bilatu nahi nuen. Irakurri, ikertu eta pentsatzen hasi nintzenean, Guggenheim Urdaibai auzia etorri zitzaidan burura.

Film laburraren kolorean lan egin duzunez, Oscar, zer-nolako ikerketa edo erabaki estetiko hartu zenituen filmaren tonuarekin bat etortzeko?

Hasieratik argi genuen Urdaibaiko biosferak izan behar zuela benetako protagonista bisuala. Ingurunea errespetatzeko eta haren izaera laguntzeko asmoarekin ekin genion. Eszenak tonu hotzagoak eta kontenplatiboagoak eskatzen zituen, film laburraren giro intimoa islatzeko. Baina kontrasteak ere bilatu ditugu: Ahaldun nagusiarekin izandako elkarrizketak tonu korporatiboagoa transmititu behar zuen; atzerritarraren pertsonaia agertzen denean, berotasun sotil bat sartzea erabaki dugu, kontraste emozionaleko puntu bat emanez.

Zein izan da zailtasunik handiena?

G. I: Istorioaren ikuspegia aukeratzea izan da erronkarik handiena. Ez da nire lehen proiektu politikoa, horrelako erronkak gustuko ditut. Nire iritzia izan arren, beti saiatzen naiz ikusle guztientzat sarbide-puntu bat sortzen. Ez dut lan hau ni bezala pentsatzen dutenentzat bakarrik egin nahi, hori nire buruarekin hitz egitea bezala litzateke. Besteekin elkarrizketa bat sortu nahi nuen.

O. G.: Niretzako, ordea, materialaren desberdintasun teknikoak kudeatzea izan zen. Material berezia erabili genuen, kanpoko egoeretan ¡ arreta berezia behar zuena. Izan ere, azalaren eta hondoaren arteko tartea delikatuagoa zen eta beraz, orban berdexka txikiak edo itzaletan desbideratze handiak agertzen ziren. 

Proiektu hau mugarria izan da zure ibilbide artistikoan?

G. I.: Bai, argi eta garbi. Grabatu aurretik ere hala sentitu nuen: ilea moztu nuen fase aldaketa sinbolizatzeko. Gauza berriak egin ditut; besteak beste, nazioarteko rodaje bat, hamaika laguneko taldea, kamera profesionalak erabili nituen… Sekulako jauzia izan da, eta oso baliabide gutxirekin!

New Yorkeko etapa itxi, eta hemen beste era batera ikasten ari naiz. Film honek tranpolin moduko bat izan dela sentitzen dut.

Orain arte lan zehatzetan jardun duzu, irudimenerako tarte gutxigaz. Nolakoa izan da askatasun handiagoa duen proiektu pertsonalago batean lan egitea?

O. G.: Koloretako sormen-askatasuna filmaketan atzemandakoaren araberakoa da beti. Baina muga batzuekin ere, sormen artistikoa ez da desagertzen, sormen erabakitzaile bihurtzen da, eta hori bezain baliotsua da. Nire helburua da istorioa ulertu eta bisualki jariatzea, ikuslea kontu teknikoetan gelditu gabe.

Nahiago duzu eskala handiko proiektuetan lan egitea, edo tamaina txikiagoko eta intimoagoak zaizkizu erakargarriago? Zer ematen dizu bakoitzak?

O. G.: Gehien baloratzen dudana da proiektu batek irizpidea, asmoa eta kontatu nahi den istorio bat izatea. Ekoizpen handietan zein txikietan, era berean, grina hori aurkitzen dut; izan ere, denek bide bati jarraituz ere, pertsonek beren distira txikiak ikusten uzten dute. Bi kasuetan, erronka beti da istorioaren emozioa koloretan itzultzeko modurik onena aurkitzea, mezuaren eta ikuslearen artean "hitz ikusezin" horiek sortzea.

Zer ikasi duzu Urdaibaiko auzia ikertzean?

G. I.: Aurretik ere gai sozialak landu ditut, baina proiektu honetan askoz gehiago ikasi dut. Adibidez, euskaraz egin dudan lehenengo lana izan da. Nik ez dut hizkuntza menperatzen eta horretan lan egiteak ikasketa-prozesu sakona ekarri dit. Era berean, komunitate batek izan dezakeen indarra ikusteko aukera izan dut; alegia, gai bat jende askok bere egiten duenean, proiektuak norbanakoaren gainetik hazten dira. eta hori oso polita eta hunkigarria da.

Zer esan nahi izan du zuentzat Zinebi eta Durangoko Azokan estreinatzeak?

Etxean estreinatzea oso berezia da. Zinebin dagoeneko beste lan batzuk aurkeztu ditugu, baina Durangoko Azokan inoiz...Errespetu hanida ematen du horrek. Sareetan ere sekulako oihartzuna izan du, gaia interesgarria da, eta aktoreek (Kepa Alesso, Itziar Ituño…) ere horretan laguntzen dute.

Film laburrak, sortzen diren beste hainbat lanak bezala, ikusteko egiten dira, eta gai hau jendearengana zabaltzea garrantzitsua dela sentitzen dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun