Mobilizazioan gogorarazi zutenez, ekainean Artatza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak, Artaza Pinueta eskolak eta Romo eskolak agiri bateratua bidali zioten Aldundiari, obrek ikasleengan izango zuten eraginagatik proiektua eteteko eskatuz. Sei hilabete igaro diren arren, hezkuntza zentroek ez dute inolako erantzunik jaso, eta horren aurrean, proiektuagaz aurrera egiteko erabakia salatzeko kalera irtetea beste aukerarik ez zutela izan adierazi zuten.
Era berean, Aldundiak bere txosten tekniko propioa ere alde batera utzi duela salatu zuten. 2023ko abenduan argitaratutako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak argi adierazi zuen Artatzako parkean eta tunelean leherketak egitea "onartezina" zela, eraikin sentikorretan (Artatza-Romo institutuan, besteak beste) izango lukeen eraginagatik. Hala ere, dokumentua uztailean aldatu zen, obren epeak laburtzeko helburuagaz, zarata eta bibrazioen legezko mugak gaindituko direla onartuta.
Hezkuntza komunitateak ohartarazi zuen, gainera, ez dagoela prebentzio-protokolorik ezta kontingentzia-planik ere. "Ez dago konponbiderik; inprobisazioa besterik ez", adierazi zuten, ikasleen eta inguruko bizilagunen osasuna jokoan dagoela azpimarratuz.