Elkarrizketak

Ernai: "Gazte independentiston olatua sortzeko anbizioa daukagu"

Iker Rincon Moreno · Izaro Garcia 2025eko abenduaren 18a

Abenduak 20ko mobilizazioa Bilboko Moyua plazan hasiko da. © ERNAI

Ernaik abenduaren 20rako Bilbon deitutako mobilizazioagaz gazteria aktibatu eta nazio pultsua indartzea du helburu. Antolakundearen esanetan, Euskal Herria une erabakigarrian dago, eta gazteek paper nagusia jokatu behar dute etorkizunari begirako jauzi berri batean.

Abenduaren 20ko mobilizazioaren helburua "nazio pultsua indartzea" izango da Ernairentzat. Zehazki zer ulertzen duzue nazio pultsua kontzeptu horren atzean?

Nazio pultsua indartu beharra dagoela diogunean, Euskal Herria bidegurutze batean dagoen premisatik abiatzen gara. Garai zailak bizi ditugu egun, eta gero eta anabasa gehiago dago munduan.

Euskal Herria gaurdaino iritsi bada hamarkada luzetako borroka desberdinei esker izan da. 

Gaur egun, Euskal Herriaren etorkizuna eta herri honen biziraupena ez daude bermatuta eta duela hamarkada batzuk gure herriari eszenatoki berriak ireki zizkion bulkada nazionala egon zen bezala, gaur gaurkoz ere jauzi berri bat emateko beharrean gaude. Noski, gazteok ere lehen lerroan egon behar gara herri gisa daukagun erronka horretan, eta horregatik ahalik eta gazte gehien prozesu independentistara batzea da gure xedea. 

Euskaraz bizitzeko ezintasuna egozten diozue Getxoko Udalari. Zeintzuk eraso edo arazo antzeman dituzue udalerri horretan?

Euskararen eguna orain gutxi igaro den honetan euskalgintzako mugimendu desberdinek egiten dituzten aldarrikapenetan berresten gara; gure herria bidegurutzean dagoen bitartean euskara ere bidegurutze batean dagoela nabaria da. Aurretik aipatu dugu duela hamarkada batzuk herri honek bizi izan zuen susperraldia geldotze-fase batean dagoela nabaritu dugula, eta euskararen aldeko politika ausartak aurrera eraman beharrean euskarari eremuak kendu eta geldotze horretan zuzenean eragiten duten hizkuntza politikak ikusi ditugula. Getxoko udal gobernuarenak beste adibide askoren erakusgarri dira. 

Duela urtebete, 10 lanpostu publikotik erdiari soilik ezarri zien euskara eskakizuna Getxoko Udalak eta udazken honetan, urtebete beranduago, horretan sakondu besterik ez du egin. Horiek administrazioan eman diren adibideak dira, euskaraz bizi nahi dugun herritarroi halaxe bizitzeko ezintasunak jartzen dizkigutenak; baina ez hori bakarrik, horiez gain euskararen aldeko bestelako politiken eta aurrera urratsen falta nabaria da sektore politiko hauen aldetik. Guk, kontrara, hasieran aipatu dugun nazio pultsu horren indartzearekin batera ere ulertzen dugu euskalgintzari eta euskararen aldeko mugimenduari bultzada bat eman beharra, borroka hori gure egiten dugu. Bukatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzera bidean independentzia da aldarrikatzen dugun tresna.

Zuen esanetan, "hirigunean ere" espainolismoaren ofentsiba bizi da. Zein jarduera edo gertakari zehatz dira kezka handiena eragiten dizkizuetenak Uribe Kostan?

Gurean abertzaletasunak eta ezkerreko posizioen alde egiteak lekurik ez duenaren irudia zabaltzea interesatzen zaie batzuei, haien proiektua zabaldu nahi baitute hirigunean bereziki. Ordea, hori ez da horrela, gure eskualdean eta herrietan bada komunitate independentista indartsu eta gazte masa euskaldun handi bat; geure lekua hartu eta zabaltzeko beharra ikusten dugu. Gazte independentiston olatua sortzeko anbizioa dauka Ernaik eta helburu horretara bidean jarri dugun erronka da 20an Bilbon mobilizatzea. Izan ere, bulkada nazional berri batek astindu beharko badu Euskal Herria Bizkaiko hirigunean eragitea beharrezkoa izango da.

Faxismoaren gorakadaren harira, gazteen artean nabaritu al duzue joera edo presio hori? Nola eragiten dio zuen jardun politikoari?

Agerikoa da aipatutako testuinguru nahasiaren baitan sortzen ari den ideia eta diskurtso batzuen zabalpena. Diskurtso erreakzionario hauek diskurtso antifeministak, arrazistak eta transmaribibollo kolektiboaren aurkakoak dituzte bereziki jo puntuan; hauekin batera baita euskalduntasunaren eta independentismoaren aldeko mugimendu zein aldarrikapenen kontra ere gogor jo dutela ikusi dugu. 

Honekin batera, gure herrietan espainolismoaren ofentsiba bat ere nabaritzen ari garela ikusten dugu, beste askoren artean indar espainolisten erakusle argiak izan daitezke espainiar armadako ontzidien erakustaldiak zein margoketa faxistak. Eraso hauek, ordea, gauza bat ondorioztatzen dute: gure proiektu zein borrokak zalantzan jartzen dituela espainolismoaren zein olatu erreakzionarioaren oinarriak.

Gazte olatu independentista sortzea estrategikoa dela nabarmentzen duzue. Zein dira gazteakaz konektatzeko baliatzen ari zareten tresna eta diskurtso berriak?

Sistema neoliberalak hedatu nahi duen indibidualismoaren aurrean gazteria antolatu eta borroka independentistara batzeko erronka dugu eta testuinguru honetan, jakin badakigu geure mugimenduari jarri diogun erronka ez dela batere makala. Alabaina, anbizioz eta motibazioz jokatzen dugu, konbentzituta baikaude hori dela askatasunerako giltza. 

Aste hauetan hainbat ekimen egin ditugu hemen kokatzen ari garen diskurtsoa zabaltzeko, hauen artean egoera politikoaren erantzuleak salatzeko hainbat ekimen edota gazteria independentista batzeko herriz herri antolatu ditugun independentzia egunak. Hauek egin ditugunean argi ikusi dugu hainbat hedabide eta alderdi politikok kriminalizazio saiakera baterako operazioa jarri dutela martxan Ernairen aurka. Gure herriak muturreko egoera bat bizi du eta egoera honetan ardura hartzea eta borroka egitea ezinbestekoa dela argi daukagu, eta bide onetik goaz.

Askatasun nazionala "irtenbide bakar" gisa aurkezten duzue. Nola lotzen duzue independentziaren aldarria eguneroko arazoakaz, hala nola etxebizitza, prekaritatea edo hezkuntza eredua?

Inongo zapalkuntzarik gabeko etorkizun batekin amesten dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da herri hau askatasunera eramatea. Bide horretan, Independentzia tresna eta helburu gisa ulertzen dugu. 

Testuinguru nahasi honetan kapitalak gogor kolpatzen ditu sektore zaurgarrion bizi baldintzak, hauen aldeko borrokak hauspotzea da gure egitekoa eta hauek proiektu independentistaren baitan kokatzea.  

Badakigu etorkizun duin baterako giltza independentzia dela eta gure erantzunkizuna da ahalik eta gazte gehien honetara batu eta gazte olatu independentista sortzea. Olatu hori elikatzeko mobilizatuko gara Bilbon abenduaren 20an. 

Azkenik, abenduaren 20ko mobilizazioaren ostean, zein izango dira zuen agendako hurrengo urratsak? Mobilizazio honek zer fase berri ireki gura du?

Abenduaren 20ko mobilizazioa mugarri bat gehiago da gure helburua erdiestera bidean. Momentuz, azken bi urteetan Donostian egin ditugun mobilizazioek gazte antolakundearen grina eta gogoa erakutsi dute, hiriguneko gazteok daukagun hurrengo zitatik ere indartsuago ateratzeko anbizioa daukagu eta urratsez urrats prozesu independentista elikatuz joatea. 

Hurrengo hilabeteetan, herriz herri beste hainbat ekimen antolatuko ditugu Uribe Kostako herri desberdinetan, eta apirilaren 3,4 eta 5ean Gazte Topagunean elkartuko gara denok berriro ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun