Elkarrizketak

Itziar Osa: "Hasieratik, Ibaizabalen helburu nagusia hezkuntza-sisteman baliagarria izatea izan da"

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 22a

Itziar Osa, Ibaizabal argitaletxearen arduraduna.

Ibaizabal argitaletxeak 35 urte bete ditu euskal kulturgintza indartzen. Urteurren honetan, atzera begiratu eta egindako bidea aztertzeaz gain, etorkizuneko erronkei nola heltzen dieten azaldu digute.

Ibaizabal argitaletxeak 35 urte bete ditu aurten. Atzera begira, nola aldatu da zuen lana urte hauetan?

Hasieratik, Ibaizabalen helburu nagusia hezkuntza-sisteman baliagarria izatea izan da; eta horrek, bideratu gaitu eguneratuta egotera zerbitzu egokia eta erabilgarria eskaini ahal izateko. Esfortzua itzela izan da, eta pena merezi izan duelakoan gaude!

Zein paper betetzen du Ibaizabal argitaletxeak euskal kulturgintzan?

Esan genezake, euskal kulturgintzan zein Hezkuntza sisteman betidanik ahalegindu garela sektorearentzat lagungarri izaten, era askotariko materialak sortuz profesionalen egunerokoa errazteko asmoz.

Bi argitaratze lerro nagusi dituzue; bata ikasmaterialetara bideratuta, eta, bestea, haurrentzako eta gazteentzako literatura. Zein da erronka handiena gaur egun honelako materialak sortzerakoan?

Biak ala biak. Bakoitzak bere garrantzia du, eta % 100eko interesa ipintzen dugu martxan jartzen dugun proiektuetako bakoitzean.

Zer-nolako metodologia berritzaileak txertatzen dituzue zuen hezkuntza materialetan?

Legea bete, bezeroei entzun eta erantzun, espezialistekin ikertu, hornitzaileei kontsulta egin… Informazio guztia ikertu ondoren, material, liburu, koaderno… aproposak eta egokiak sortzen ahalegintzen gara.

STEAM hezkuntza proiektuak sortzen dituzue. Zer-nolako onurak dakarte ikasleentzat horrelako hezkuntza ereduan ikastea?

Gure ustez, eta batez ere, gaur egungo gizarte ezegonkorrerako ikasleak heztea eta etorkizunerako oinarri sendoa eta praktikoa bideratzea.

Umeentzat zein gazteentzat bideratuta dauden liburuak argitaratzen dituzue. Asko aldatu dira irakurleen ohiturak publiko horien artean?

Bai, gizartea aldatuz doa, eta baita ume eta gazteen interesak ere. Internet, sare sozialak, pantailak… hor daude. Ikasleen interesguneak asmatzen jakin behar da beren arreta erakartzeko eta, ondoren, mantentzeko. Jakin-mina piztu eta horri eutsi.

Nola ikusten duzue euskarazko literaturaren etorkizuna?

Itxaropentsu gaude. Idazle eta ilustratzaile on asko dago, sortzaile ugari. Haur eta gazte literaturan lan oso interesgarriak argitaratzen dira eta ikusgarriak. Horren ondorioz, eskaintza ugaria da eta irakurle guztien gustuak eta nahiak asetzeko modukoa.

Amaitzeko, zein proiektu berriak dituzue eskuen artean?

Ikasmaterialei dagokionez, indarrean dagoen curriculum legeari jarraituz, Lehen Hezkuntzarako proiektu berria sortzen dihardugu. Haur eta Gazte Literaturan, aldiz, txikienei, lehen irakurleei eta gaztetxoei eskainitako liburu koloretsuak, interesgarriak eta erakargarriak prestatzen gabiltza. Eta, noski, HIRUKArekin elkarlanean jarraituko dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun