Ohiturari jarraituz, Korrika aurreko edizioa amaitu zen lurraldean hasiko da. Xiberoan emango zaio hasiera lasterketari 15:30ean, Atharratzen hain zuzen. AEKk azaldu du hautu horren arrazoietako bat dela Basabürüa Korrikaren "itzalgune" historikoa izan dela; izan ere, 1985ean bakarrik igaro zen eskualde horretatik, 4. KORRIKA zela medio. Gainera, AEKk nabarmendu du bertako egoera soziolinguistikoak euskararen aldeko ekimenak inoiz baino beharrezkoago bihurtzen dituela.

Helmugari dagokionez, Korrikaren amaiera bost hiriburuen artean txandakatzen da, eta azken edizioa Baionan amaitu ondoren, Bilbok hartuko du oraingoan azken metroen lekukoa. Martxoaren 29an, domekan, Korrika goizeko 07:20ak pasata sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian irakurriko da lekukoaren barruko mezu sekretua, ondoren hiriko kaleetan amaiera-jaia eginez.
Ibilbidean zehar, Korrikak Euskal Herriko hiriburu guztiak bisitatuko ditu. Maule izango da lehenengoa, Atharratzetik abiatu eta 16:45ean iritsita. Donibane Garazin, martxoaren 20an izango da, 02:50ean; Iruñera, martxoaren 22an, 14:30ean; Baionara, martxoaren 24an, 20:30ean; eta Donostian, martxoaren 25ean, goizeko ordutegi zabalean. Azkenik, Gasteizen sartuko da martxoaren 27an, 21:00ak aldera.
KORRIKA aplikazioa, jarraipenaren giltza
AEKk nabarmendu du KORRIKA aplikazioa berrikuntzakaz datorrela. Aplikazioaren bidez, erabiltzaileek Korrika zuzenean jarraitu ahal izango dute, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, une oro lasterketa non dagoen jakinda. Horrez gainera, 24 orduz zuzeneko irudiak, bilatzaile aurreratua, Korrika Laguntzaile txartela eta zozketen informazioa ere eskainiko ditu.
Aplikazioa doakoa da, eta iOS zein Android bertsioetarako eskuragarri dago .