Ehunka lagun batu dira Urdulizen Berangoko 16 auzipetuei babesa adierazteko

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 26a

Zapatuan, hainbat herritarrek elkartasuna adierazi zieten Berangon Ibai Aginaga preso ohiaren harreran parte hartzeagatik auzipetu dituztenei. © BERANGOKOEKIN ELKARTASUN KOMITEA

Urtarrilaren 24an, zapatuan, Berangoko Auzipetuekiko Elkartasun Eguna ospatu zuten Urdulizen, 2022an Ibai Aginaga preso ohiaren harreran parte hartzeagatik auzipetutako 16 lagunei babesa emateko. Egun osoko egitarauak ehunka pertsona bildu zituen, "terrorismoaren gorazarrea" leporatuta guztira 36 urteko espetxe zigorra eta 76.000 euroko isunak eskatzen dizkieten herritarren aurkako prozesua salatzeko eta elkartasuna adierazteko.

Egitaraua eguerdiko 12:00etan hasi zuten, Urdulizko metro-geltokitik abiatu zen manifestazio jendetsu bategaz. Antolatzaileen arabera, 400 pertsona inguruk egin zuten bat auzipetuek pairatzen duten egoera gizarteratzeko asmoz herriko eskoletaraino egin zuten martxagaz. Manifestazioaren amaieran ekitaldi politiko eta kulturala egin zuten, eta agurra dantzatu ostean, Berangokoekin Elkartasun Komiteko (BEK) kideek eta auzipetuetako batek hartu zuten hitza. Ozen salatu zuten auzia, eskubide zibil eta politikoen urraketa dela azpimarratuz: "Eskubide zibil eta politikoen urraketa argi baten aurrean gaude eta komitetik gure babes osoa eta elkartasuna eskaintzen diegu auzipetuei". Auzipetuek ere eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei, jasotako berotasuna funtsezkoa dela nabarmenduta. Txanba musikariaren saioak eman zion amaiera eguerdiko ekitaldiari.

Ondoren, giroak Txiberri tabernako frontoian jarraitu zuen, non 200 lagun inguru elkartu ziren elkartasun bazkaria egiteko. Arrastian, musika izan zen protagonista nagusia frontoian bertan. 17:30etik aurrera, Ilberri, Konorte, Txapelpunk, EtsaiakEroak eta DJ Skinheads Portugalete musika-taldeek giroa berotu zuten eta 300 pertsona inguru bertaratu ziren horiez gozatzera.

Urdulizko ekitaldi nagusiaz gain, antolatzaileek azaldu dute Berangoko auzipetuekiko elkartasuna Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere zabaldu zen egunotan. Besteak beste, Gernikan 20 bat lagun elkartu ziren urtarrilaren 22an elkartasun argazkia ateratzeko; Baigorrin 30 pertsonak elkarretaratzea egin zuten Bixentainean zapatu goizean. Lekeition ere 40 bat lagunek bat egin zuten horretara deitutako elkarretaratzeagaz.


400 pertsona inguruk egin zuten bat auziperatuei babesa emateko manifestazioan. © BEK

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun