Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 17 lagun auzipetu ditu, 19 urtez preso egon zen Ibai Aginaga berangoztarrari 2022ko martxoan bere udalerrian egindako omenaldiagatik. Autoaren arabera, ekimen horretan "terrorismoa goratu" zela uste du epaileak.
Egoera horren aurrean, Berangoko Amnistia Taldeak amnistiaren aldeko eguna antolatu du apirilaren 20rako. Goizean, 11:00ak aldera, Lorentxa Beyrie, Filipe Bidart eta Liam McCotterrek berbaldia eskainiko dute, Kukutzemendi elkartean. Ondoren, 15:00etan, bazkaria egingo dute, 15 euroan; horretan parte hartzeko, mezua bidali beharko da berangokobazkaria@gmail.com helbidera. Arrastian, 18:00etan, manifestazioa egingo dute, "Eskubide zibil eta politikoen defentsan, askatasuna!" leloaren pean, eta, amaitzeko, elektrotxaranga egingo dute, 20:00etatik aurrera, Orkresta taldeagaz.