Elkarrizketak

GKS: “Faxismoa ez da etorkizuneko arriskua, errealitate hurbila baizik”

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 29a

GKS-k mobilizazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean urtarrilaren 31rako. © URIBE KOSTAKO GKS

Uribe Kostako gazte sozialistek faxismoaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 31rako, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko asmoz.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) ohartarazi du faxismoaren gorakada ez dela etorkizuneko mehatxu hutsa, baizik eta dagoeneko presente dagoen errealitatea. Uribe Kostan bertan kezkarako arrazoiak daudela azpimarratu dute, eta horregatik, mobilizazioak deitu dituzte Bilbon eta Iruñean urtarrilaren 31rako. Haien esanetan, faxismoaren aurrean antolaketa da gakoa.

GKSk azaldu du faxismoaren indartzea mundu mailako joera baten barruan ulertu behar dela. Ultraeskuinak instituzioetan gero eta presentzia handiagoa duela diote, eta AEBk jarri dute adibidetzat: "Demokrazia burgesa jada ez da existitzen munduko herrialde boteretsuenean". Haien ustez, estatu polizial eta militarista baterantz egiten ari gara, migratzaileen aurkako jazarpena eta eskubide sozialen murrizketa normalizatu dituen eredurantz, eta Europan ere norabide berean presioa egiten ari direla nabarmendu dute.

Hala ere, faxismoa ez dela soilik goitik behera hedatzen ohartarazi dute. Kalean ere indarra hartzen ari dela adierazi dute, arazoa autoritarismoaren gorakadari zein gizartearen eskuineratzeari leporatuz. "Faxismoa ez da ausaz sortu; jada martxan zegoen prozesu baten ondorioa da", azaldu dute, testuinguru horretan arrazakeria edo matxismoa bezalako ideiak gero eta onartuagoak direla azpimarratuz.

Uribe Kostari dagokionez, azken hilabeteetan jazotako hainbat gertakarik piztu dute alarma GKSren baitan. Autoritarismoaren adibidetzat jarri dituzte polizia-indarretan egindako inbertsioen hazkundea eta kontrol sozialerako kameren ugaritzea, migratzaileak dabiltzan guneetan jarri izana kasualitatea ez dela azpimarratuz. Salatu dute, halaber, Getxon poliziak pertsona arrazializatuak miatzeko aginduak dituela, eta eskualdeko hainbat herritan migratzaileek jazarpena eta kriminalizazioa pairatzen dutela. 

Testuinguru horretan, mugimendu faxistaren presentziari garrantzi berezia eman diote. Astrabuduan Desokupa enpresaren jarduna eta Vox alderdiak Algortan grabatutako bideoa jarri dituzte adibide gisa. Haien ustez, "ideia arrazistak zabaltzera etorri ziren, eta kale mailako erantzun antolatuarekin egin genien aurre", antolakuntza soziala funtsezkotzat hartuta.

Mobilizazioak irtenbide gisa

Egoera horren aurrean, mobilizatzera deitzeko unea iritsi dela uste dute. "Euskal Herria bidegurutze batean dago: faxismoak indarra hartzen jarraituko duen edo indar antifaxista sendo bat eraikiko dugun", adierazi dute. GKSk gogorarazi du faxismoak Euskal Herrian orain arte ez duela sustrai sakonik hartu, eta hori ez dela kasualitatea: "Ez da genetikan daramagulako, baizik eta tradizio militante sendo bat egon delako".

Mobilizazioen bidez, mezu argia helarazi gura diete faxistei: "Euskal Herrian badago gazteria antolatua aurre egiteko prest". Aldi berean, borroka hori nazioarteko ikuspegitik ulertu behar dela azpimarratu dute, faxismoaren aurkako mobilizazioa kapitalismoaren aurkako borrokagaz lotuz. Haien ustez, faxismoa "krisi garaiek sistemari ematen dioten irtenbidea" da.

Gazteen artean joera erreakzionarioak hautematen dituztela onartu dute, baina "gazteria ezin da bloke bakar gisa ulertu"; izan ere, "gazteria guztia ez da erreakzionarioa", azpimarratu dute, eta Euskal Herrian borondate antifaxista sendoa dagoela nabarmendu dute.

Urtarrilaren 31ko mobilizazioei begira, Uribe Kostako gazteei egin diete deia bereziki. "Faxismoa guztion aurka dator", ohartarazi dute, eta mobilizazioa indar erakustaldi bat izango dela esan dute, baina ez amaiera: faxismoaren aurkako lana mobilizazioaren ostean ere jarraituko du, beste borroka sozialekaz lotuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun