Nola sortu zen proiektu hau?
Egia esan, urteetako gogoeta eta lana dago honen atzean. Labayru Fundazioan aspalditik aritu gara bizkaieraren inguruko ikerketan eta transmisioan, eta bazegoen beharra gramatika oso eta sistematizatu bat edukitzeko, bereziki formatu digitalean. Askotan, informazioa sakabanatuta egoten da, eta gure asmoa guztia toki bakarrean, modu argian eta erabileran oinarrituta eskaintzea izan da.
"Batzuetan, beldurra ere sortzen da bizkaiera erabiltzeko, eta gure helburua tresna bat eskaintzea izan da, zalantza horiek argitzeko eta aldi berean bizkaierari duintasuna eta zilegitasuna emateko"
Zein premia edo hutsune zehatz identifikatu zenuten hasieran?
Batez ere, euskaraz idatzi edo hitz egin nahi duten bizkaitarrek zalantza asko izaten dituzte: "Hau batuan zuzena da?", "Bizkaieraz nola izango litzateke egoki?". Batzuetan, beldurra ere sortzen da bizkaiera erabiltzeko, eta gure helburua tresna bat eskaintzea izan da, zalantza horiek argitzeko eta aldi berean bizkaierari duintasuna eta zilegitasuna emateko.
Webgunean sartzen den norbaitek zer topatuko du?
Eduki gramatikal oso aberatsa: deklinabidea, aditza, perpaus motak, postposizioak, graduatzaileak… Baina ez da teoria hutsa. Azalpenak adibideekin lotuta daude beti, eta egitura bakoitza testuinguru errealetan nola erabiltzen den ikusteko moduan dago. Eta gainera, erabiltzaileek ohar edo galdera bat egin dezakete artikulu bakoitzean. Elkarreragina bilatzen dugu.
Ahozko zein idatzizko iturriak erabili dituzue. Nola uztartu dituzue biak?
Ahozkoa eta idatzia orekan tratatu ditugu. Herri Ondarea atalean ahozko erabilerak hiztunen egunerokotasuna erakusten du hainbat grabazioren bidez, eta hori ezinbestekoa da hizkuntzaren benetako erabilera ulertzeko. Baina aldi berean, idatzizko iturriak —narratiba, kazetaritza, irakaskuntza testuak— ere oso baliagarriak dira egiturak finkatzeko eta eredugarri izateko. Biak hartu ditugu kontuan.

Euskara batua eta bizkaieraren arteko harremanaz, nola landu duzue hori?
Hori funtsezkoa da guretzat. Ez dugu euskalkien eta batuaren arteko talkarik bilatzen, kontrakoa: elkar osagarriak izan daitezke. Bizkaieraz dauden egitura batzuk batuatik urrunago daude, beste batzuk oso antzekoak dira. Horregatik, gramatikan zehar sarri egiten dira konparazioak, eta erakusten da nola uztar daitezkeen ikuspegi bi horiek.
Zuen tresna erabilgarria izango da, beraz, irakasle, itzultzaile eta sortzaileentzat?
Bai, horixe da gure asmoa. Ez dugu gramatika hau soilik adituentzat sortu. Euskara erabiltzen duen edonork aurkitu dezake baliagarria: kazetari batek, irakasle batek, ikasle batek, idazle batek… Edo norbaitek sare sozialetan euskaraz aritu nahi badu, eta zalantzak baditu, hona etorri daiteke.
Zer rol ematen diozue erabiltzailearen parte-hartzeari?
Asko. Gramatika ez da liburu itxi bat, baizik eta eraikitzen jarraitzen duen tresna bat. Horregatik, artikulu bakoitzean iruzkinak edo galderak egiteko aukera dago. Erabiltzaileek bere ekarpena egin dezakete, eta guk kontuan hartuko ditugu. Etorkizunean eduki gehiago gehitzeko ere asmoa dugu, jasotzen ditugun ekarpen eta beharren arabera.
Etorkizunari begira, zer plan duzue Labayru Gramatikarekin?
Orain hasten da benetako ibilbidea. Webgunea irekita dago, eta gure asmoa komunitatearen erabilerarekin aberasten joatea da. Eduki gehiago garatuko ditugu, ikus-entzunezkoak ere sartzeko asmoa dugu, eta agian beste euskalkiekin loturak landu ahal izango ditugu. Eta, noski, hezkuntza arloan integratzea izango litzateke erronka eder bat.
Eta amaitzeko, zer esango zenioke euskaraz idatzi edo hitz egin nahi duen bizkaitar bati?
Beldurrik gabe aritzeko. Zalantzak badira, hor egongo gara laguntzeko. Bizkaieraz ondo badago, euskara ona da. Gure hizkerak eta gure egiturak aberastasun dira, eta tresna hau horiek zaintzeko eta indartzeko dago.