Metroko komun publikoak aztertzeko konpromisoa hartu du Garraio Partzuergoak

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 11

Komunak metroko zenbait geltokitan jartzea planteatzen du EH Bilduren proposamenak.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak Metro Bilbaoko geltokietan komun publikoak jartzeko aukerari buruzko azterketa berrikusteko konpromisoa hartu du, EH Bilduk egindako proposamena kontuan hartuta. Koalizioak albiste ona dela nabarmendu du erabakia, herritarren eguneroko beharrei erantzun eta garraio publikoaren kalitatea hobetzeko urratsa dela goraipatuz.

EH Bilduko iturriek adierazi dutenez, ekimenak abiapuntu argi bat du: Metroak ia 30 urteko ibilbidea izan arren, bere garaian diseinatutako geltokiek ez zituzten komun publikoak aurreikusten. "Gaur egungo errealitate sozialak bestelako beharrak agerian uzten ditu, batez ere adineko pertsonen, haurren edo ibilbide luzeak egiten dituzten bidaiarien kasuan", azaldu dute koaliziotik.

Proposamenak ez du komun publikoak geltoki guztietan jartzea planteatzen, baizik eta eredu selektibo eta bideragarri bat. EH Bilduren esanetan, "modu estrategikoan ezarri beharko lirateke, bereziki lurrazaleko geltokietan eta lineen muturretan, non zailtasun teknikoak eta kostuak txikiagoak diren". Halaber, koalizioak gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen 2017ko txostena zaharkituta geratu dela, eta beharrezkoa dela azterketa eguneratu bat egitea, egungo teknologiak kontuan hartuta.

Ildo horretan, berrikuntza teknologikoak baliatzeko aukera ere mahai gainean jarri dute. EH Bilduren arabera, "aztertu beharrekoa da Barik txartela erabiliz komun publikoetara sartzeko aukera ematea, bidaiariei zigorrik edo ordainketa bikoitzik eragin gabe". Era berea, Koalizioak gogorarazi du ekimen hau ez dela Metro Bilbaori lotuta aurkeztu duen proposamen bakarra. Azken urteotan, maiztasunak handitzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eskaerak ere egin ditu, garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuagaz.

EH Bilduren ustez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartutako konpromisoa "albiste ona da, gero eta kalitate handiagoko zerbitzu publikoak eskuratzeko bidean". Koalizioak azpimarratu du lanean jarraituko duela "garraio publikoa irisgarriagoa, duinagoa eta guztiontzat egokiagoa izan dadin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun