"Esnatu ala hil" liburua

Garikoitz Goikoetxea: "Ohartu beharra daukagu zein den euskararen egoera, baditugulako geldialdiaren zantzu nabarmenak"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 16a

Garikoitz Goikoetxeak hainbat sari eskuratu ditu egindako lan soziolinguistikoengatik. © GARIKOITZ GOIKOETXEA

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar, 2025) liburuan Garikoitz Goikoetxea kazetari eta idazleak euskararen egoeraren erradiografia bat proposatzen du. Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren tesitik abiatuta, aldaketa handiak ematen ari diren egungo gizartean euskararen egoera zein den ulertzeko tresna erabilgarri bat sortzea izan da bere helburua. Liburuan ateratako ondorio nagusiez eta euskararen biziberritze-prozesuan tokiko kazetaritzak duen garrantziaz galdetu diogu Goikoetxeari.

Esnatu ala hil saiakera-liburuan gogoeta sakona egiten duzu euskararen orainari eta etorkizunari buruz. Zer izan zen liburua idaztera bultzatu zintuena?

Liburuaren oinarrian Iñaki Iurrebasoren doktore-tesi bat dago. Tesi hark zeresan handia eman zuen euskalgintzan, eta Iñakik proposatu zidan bion artean liburu bat lantzea, tesia oinarritzat hartuta, irakurle mota bat gogoan izanik bereziki: kaleko euskaltzaleak. Helburua izan da euskararen egoeraz interesa duen edozeinek eroso irakurtzeko moduko liburua egitea.

Liburuaren izenburuak oso agerian uzten du lanaren ideia nagusia. Hala ere, zure ustez zertan datza “esnatzea”, nola egin daiteke esnatze hori eta zein da benetako arriskua “hil” esaten duzunean?

Esnatzeaz ari garenean, batez ere hau esan nahi dugu: ohartu beharra daukagula zein den euskararen egoera, baditugula geldialdiaren zantzu nabarmenak, eta arriskua dugula atzerantz egiten hasteko. Hori diote eskura dauzkagun aurreikuspenek. Arrisku hori hor egonik, derrigor behar dugu esnatzea. Izan dezagun argi: euskararen osasun-egoera ez da sendoa, minorizazio gorrian gaude, eta, ez bagara gai egiturazko aldaketak martxan jartzeko, euskararen bizi-indarrak atzera egin dezake.

Zure iritziz, zein da gaur egun euskalgintzak duen erronkarik handiena: planifikazio linguistikoa, transmisioa, erabilera soziala…?

Esango nuke erronkarik handiena dela egungo egoerari erantzungo dioten azpiegiturak, plangintzak eta proiektuak sortzea. Gure egoera soziolinguistikoa nabarmen aldatu da urte hauetan, aukerak eta beharrak ere bai, baina ez dakit gure azpiegiturek eta proiektuek hein bereko aldaketa izan duten: aisialdian, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, ikus-entzunezkoen esparruan... Uste dut badaukagula gaurkotze baten premia, eta ez soilik nolabait maila teorikoan: egitasmo eta aldaketa praktikoak behar dira, gaurko egoera eta biharkoa kontuan hartuko dutenak.

Askotan esaten da gazteek gero eta gutxiago darabiltela euskara, batez ere sare sozialetan edo aisialdian. Zuk nola ikusten duzu belaunaldi berrien eta euskararen arteko harremana?

Esango nuke gizartean badagoela halako joera automatiko bat gazteak eta umeak errudun egiteko. Badago nolabaiteko belaunaldi arteko kritika bat: "Hainbeste egin dugu zuentzat, eta orain ez diguzue ondo erantzuten". Gazteen erabilerari dagokionez, oinarrizko bi faktoreri erreparatu behar diegu: batetik, zein den gazte euskaldunen euskara gaitasuna, eta kontuan hartu gazte gehienek erraztasun handiagoa dutela erdaraz; bestetik, batik bat zein testuingurutan bizi diren gazte euskaldunak, eta, hain justu ere, euskararen erabilera soziala mugatua den lekuetan bizi dira gehienak. Beraz, horren argitan aztertu beharko genuke erabileraren bilakaera, ez aurreiritzi okerretan, alegia, uste izanez gazte gehienek euskaraz badakitenez euskaraz arituko direla.

"Globalizazioaren eragina gero eta handiagoa den honetan, tokikoa oinarri duten hedabideen sarea izatea helduleku oso interesgarria da euskararen hiztun komunitatearentzat"

Euskarazko kazetaritzaren barruan, zure ustez, zer rol jokatzen dute euskarazko tokiko komunikabideek gaur egungo testuinguruan?

Tokiko hedabideen rola funtsezkoa da, ezbairik gabe. Komunikazioaren arloan erdara nagusi da Euskal Herrian, eta euskarazko hedabideak funtsezko dira. Tokikoen kasuan, gainera, bada beste ezaugarri bat: tokiko komunitatea trinkotzen egiten duten ekarpena. Globalizazioaren eragina gero eta handiagoa den honetan, tokikoa oinarri duten hedabideen sarea izatea helduleku oso interesgarria da euskararen hiztun komunitatearentzat.

Zein dira zure ustez tokiko kazetaritzaren indarguneak, eta zer arrisku edo mugari egin behar die aurre?

Komunikazioaren arloan aldaketa nabarmenak gertatu dira, eta tokiko hedabideak ez daude hortik salbu: aldaketa teknologikoak, kontsumoari lotutakoak, negozio ereduarenak... Euskarazko hedabideen kasuan, badaude minorizazio egoerarekin lotutako hutsuneak ere. Aurrera begira, uste dut giltzarri izango dela euskarazko hedabideen arteko lankidetza ildoak uztartzea, euskarazko komunikabideen zirkuituak osatzea, bai tokiko hedabideen artean, bai tokikoen eta nazionalen arteko sinergietan.

Amaitzeko: komunikabideetan, instituzioetan eta kalean… zure ustez non sortzen da benetan euskararen etorkizuna?

Guztiak behar ditu euskarak. Askotan ikuspegi murriztuarekin aritzen gara, baina ez genuke oinarri bat ahaztu beharko: hizkuntzaren indarberritzea arloz arlo elikatu behar da, osotasun ikuspegitik, batean egiten denak eragina baitu besteetan, eta egiten ez denak ere bai. Hori esanda, azken hamarkadetan oro har gehiago aurreratu dugu arlo formal batzuetan, eta, proportzioan, hutsune handiagoak dauzkagu eremu informalean, eguneroko harremanetan: lagunartean, familian, lantokian...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun