Haien esanetan, egungo testuinguruak areagotu egin du mobilizatzeko beharra; hau da, krisi ekonomikoa, zerbitzu publikoen murrizketak eta ideia erreakzionarioen gorakada uztartzen dira emakume langileen bizi baldintzen okertzeagaz. Itaiaren iritziz, "ezin da esan emakume langilea askatu denik". Berdintasunaren diskurtsoa hedatu bada ere, praktikan lan baldintzak prekarizatu egin direla diote.
Prekaritatea, debaluazioa eta ikusezintasuna
Itaiaren ustez, emakume langileen zapalkuntza ulertzeko lehen gakoa lan esparruan dago. Praktikan, soldata baxuagoak, lanaldi partzial behartuak, aparteko ordu ordaindu gabeak eta kontraturik gabeko jardunak emakume askorentzat ohiko errealitate direla salatzen dute.
Baina ez da soilik soldata arrakalaren auzia. Antolatzeko zailtasunak ere azpimarratzen dituzte: prekaritateak berak zaildu egiten du kolektiboki antolatzea, eta horrek babesgabetasuna areagotzen du. Egoera bereziki gogorra da emakume migratuen kasuan; zaintza, etxeko lan eta sozialki gutxietsitako sektoreetan pilatzen dira, askotan lan baldintza irregularretan eta eskubide urriekaz.
"Zaintza merkatura eramateak gure bizi baldintzak okertzen ditu"
Krisi testuinguruan, gainera, zerbitzu publikoen pribatizazioak zuzenean eragin du emakumeengan: "Zaintza merkatura eramateak gure bizi baldintzak okertzen ditu". Osasun sexual eta erreproduktiboan ere atzerapausoak salatzen dituzte; besteak beste, ginekologia zerbitzuen saturazioa edo abortu eskubidearen inguruko oztopoak emakumeen egunerokoan eragin zuzena dutela diote.
Faxismoaren eta matxismoaren normalizazioa
Eran berean, azken urteotan indar erreakzionarioen gorakada nabarmena dela ohartarazi dute. Ultraeskuinaren diskurtsoek gero eta presentzia handiagoa dute espazio publikoan, eta horrek ondorio zuzenak ditu emakume langileengan.
"Berdintasunaren diskurtsoa etengabe darabilten berak dira gure lan indarraren debaluazioari mugarik jartzen ez diotenak", kritikatu dute. Haien ustez, indarkeria matxista kudeatzera mugatzea ez da nahikoa; zapalkuntzaren erro ekonomiko eta soziala ukitu behar da.
Feminismo instituzionalaren mugak
Testuinguru horretan kokatzen dute feminismo instituzionalari egiten dioten kritika. Haien arabera, emakumeen eskubideen aldeko borroka gero eta gehiago mugatu da estatu kapitalistaren joko zelaira. "Ez dago emakumea askatzerik sistema kapitalistaren baitan", diote argi, sistemak berak etekin ekonomiko handiak ateratzen baitizkio emakume langileen zapalkuntzari.
"Ez dago emakumea askatzerik sistema kapitalistaren baitan"
Horregatik gogorarazi dute Martxoaren 8aren jatorria. XX. mendearen hasieran, emakume sozialistek sustatu zuten Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, eta bereziki Clara Zetkin-ek proposatu zuen emakumeen eskubide politiko eta ekonomikoen aldeko borroka eguna gisa. "Ez zen ospakizun hutsa, antolakuntzarako tresna politikoa baizik", azpimarratu dute.
Prostituzioa: egitura ekonomiko eta kultural baten emaitza
Prostituzioaren auzia ere ikuspegi horretatik aztertu dute. "Emakume batek ere ez du horrelako egoerarik bizi behar". Ez dute banakako hautu gisa soilik ulertzen, baizik eta "emakume pobreak egoera miserableetara kondenatzen dituen sistema baten ondorio" gisa.
Haien arabera, prostituzioa sostengatzen duen egitura ez da soilik ekonomikoa; kulturala ere bada. Emakumea sexu-objektu gisa irudikatzen duen industria kulturalak oinarriak jartzen dizkio merkatu sexualari. Horregatik, prostituzioa dekretu bidez amaitzea nahikoa ez dela uste dute, baldintza ekonomiko eta sozialak errotik aldatu ezean.
Neurri praktikoak eta tokiko lana
Diskurtso orokorretik harago, neurri zehatzak ere defendatzen dituzte: etxebizitzarako sarbidea, babes sozial sendoa eta baliabide publiko nahikoak egoera zaurgarrienean dauden emakumeentzat.
Uribe Kostan, bitartean, hainbat lan lerro jarri dituzte martxan: eraso matxisten aurkako erantzun kolektiboak, jai giroko protokoloak, lan arloko borroketan parte hartzea eta formakuntza zein eztabaida saioak. Helburua, diotenez, ez da soilik erantzutea, baizik eta kontzientzia politikoa zabaltzea eta emakume langileak subjektu aktibo bihurtzea.
"Berdintasunaren diskurtsoa etengabe darabilten berak dira gure lan indarraren debaluazioari mugarik jartzen ez diotenak"
M8: egun sinbolikotik harago
Itaiak ohartarazi du arriskutsua dela Martxoaren 8a "folklore hutsean" geratzea, argazki more batean eta adierazpen instituzionaletan agortzea. "Borrokarako eguna da", azpimarratu dute, eta borrokak jarraipena behar duela nabarmendu dute, kalean eta egunerokoan antolakuntza iraunkorra eraikiz.
Aurten, Santa Eugenia plazatik 12:30ean abiatuko den mobilizaziora deitu dute, emakume langileen interesak agenda instituzionaletik kanpo defendatuko dituen fronte zabal baten alde.
Berdintasun formala nahikoa ez dela diote. Egungo krisi ekonomiko eta oldarraldi erreakzionarioaren aurrean, sistema bera jarri dute auzitan, eta emakume langileen zapalkuntzari benetako amaiera emango dion alternatiba kolektibo eta antolatua aldarrikatu dute.