Gizarteak aurrera egin duen arren, gazte hauek, oraindik, borroka hori bizi dute. Aldagela baten faltan, lesio baten itzalean edo tatami gaineko isiltasunean eraiki dute euren bidea.
Eider Macias
Zortzi urtegaz hasi zen, 50 mutil eta bost neskaren artean; taldean hartu zuten neska bakarra izan zen. Hiru urtez arbitroen aldagelan aldatzen egon zen, tokirik ez zuelako. Baina gogorrena ez zen hori izan: taldekideek baztertu izana baizik: "Taldea bazegoen, baina ni ez nengoen barruan".
"Aukera bera ere ematen ez badigute, nola erakutsiko dugu gure balioa? Baliabide gutxiago ditugu, ikusgarritasun txikiagoa, eta, hala ere, etengabe alderatzen gaituzte. Ezin da berdintasuna eskatu abiapuntua bera desberdina denean"
Gaur egun ere, institutuan konparazioen zama darama bizkarrean: "Nesken futbola errazagoa da", "liga horretan zaude neska izateagatik". Haren ustez, arazoaren muina konparazioetan dago: "Aukera bera ere ematen ez badigute, nola erakutsiko dugu gure balioa?". Emakumezkoen futbolak baliabide eta ikusgarritasun gutxiago dituela gogorarazi gura izan du, horregatik, "ez da bidezkoa gurea eta gizonezkoena etengabe alderatzea".
Erreferente bat izan zuen txikitan, patioan mutilakaz beldurrik gabe jokatzen zuen lagun bat, eta, egun, berak beste neska batzuentzat ispilu izan gura du. "Gero eta neska gehiago ikusten ditut futbolean", dio harrotasunez. Hori da benetako garaipena.
Maider Gilisasti
Zortzi urtegaz hasi zen karatea egiten, lagun minagaz batera. Gaur, 23 urte dituela, bera da emakume nagusiena bere gimnasioan. Lehiatzen ez bada ere, tatamia bere gune segurua da: "Nire burua aurkitzen lagundu dit"; une zail batean, ia terapia bihurtu zitzaiola dio. Ez du inoiz presio zuzenik sentitu emakume izateagatik, baina bai hutsune bat: emakume erreferenteen falta eta neskek nerabezaroan kirola uzteko joera.
"Tristea bada ere, emakumeek jakin beharko lukete euren burua defendatzen"
Bere ustez, askotan gizartearen presio isilak eta bakardade sentsazioak bultzatzen ditu uztera. Karateak, gainera, defentsarako tresnak eman dizkio, eta uste du emakumeek, egoera askotan segurtasuna kolokan dutelako, baliabide horiek jakin beharko lituzketela: "Tristea bada ere, emakumeek jakin beharko lukete euren burua defendatzen".
Eunate Etxebarria
Etxean ezagutu zuen judoa. Neba-arrebek egina zuten bidea, eta berak jarraitu baino ez zuen egin. Klub txiki batean hazi da, eta barruan ez du generoagatik bereizkeriarik sumatu: "arauak, ordutegiak eta exijentziak berdinak izan dira beti guztientzat". Kanpotik, ordea, borroka-kirolak oraindik ere maskulinitateagaz lotzen direla dio. Azken urtean lau ebakuntza egin dizkiote, eta horrek beste borroka mota batera eraman du: lesioaren aurkakoa. "Presioa ez dator emakume izatetik, baizik eta itzuleraren zain dauden galderetatik" eta aurretik lortutako maila mantentzeko itxaropenetik.
"Etiketak kendu ezean, ez dugu berdintasunik lortuko"
Bide horretan erreferente bat izan du bidelagun, Yahaira Aguirre, eta horrek erakutsi dio klub txiki batetik ere lor daitezkeela gauza handiak. Baina argi dauka judoa ogibide bihurtzea ez dela ohikoa, gutxi batzuen esku dagoen aukera baizik: "Etiketak kendu ezean, ez dugu berdintasunik lortuko".
Noa Vega
Bizikletaren gainean hazi da, aitaren alboan. "Txikitatik nire bizitza honen inguruan mugitu da", dio. Iaz Espainiako Txapelketan bigarren sailkatu zen, eta lasterketak presio handirik gabe bizitzen saiatzen dela azpimarratu du: "Lasterketak lasai hartzen saiatzen naiz, baina askotan presio gehiegi jartzen dut nire buruarengan". Ez du oztoporik sentitu emakume izateagatik, eta argi dauka panorama aldatzen ari dela: "Gauzek asko eboluzionatu dute azken urteetan".
"2026an gauden arren, ez dago emakume erreferenterik telebistan"
Hala ere, ikusgarritasun falta sumatzen du oraindik, eta gehiago agertzea gustatuko litzaioke: "2026an gauden arren, ez dago emakume erreferenterik telebistan".
Bere ingurunea giltzarri izan da; izan ere, "ez da berdina familiaren laguntza izatea edo bakarrik moldatu behar izatea"; baliabideek, prestakuntzak eta babes instituzionalak errendimendua baldintzatzen dute. Profesionalizazioa ere funtsezkotzat du: "Soldata duzunean eta entrenatzeko baldintzak dituzunean, errendimendua hobea da". Hortaz, aukerak ematen ez diren heinean, berdintasuna hitzetan baino ez da existituko.