Sakonean

"Emakumezkoen kirolak ere potentzial ikaragarria duela frogatu dugu"

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 13a

Emakumeak eliteko kirolean. Iragana eta oraina

Martxoaren 8ar dela-eta, emakumeen kirol profesionalak azken urteetan izan duen jauzia ulertzeko modurik onena haren protagonista izan direnenei tokia egitea da. Baina ezinbestekoa da baita gaur-gaurkoz markak hausten jarraitzen duten belaunaldi berrietako gazteen kezkak eta hausnarketei tartea ematea, bilakaera hori nola bizi izan duten eta beraien aurreko belaunaldien lana nola ikusten duten azaldu dezaten; izan ere, oraindino, hautsi beharreko muga askok hor jarraitzen dute.

Joane Somarriba txirrindulari ohia, Garazi Murua futbol-jokalari ohia eta Yahaira Aguirre judoka elitean aritu diren uribekostarren hiru adibide besterik ez dira. Kirol desberdinak, testuinguru desberdinak, baina hari komun bera: oztopoak gainditzea, bidea zabaltzea eta etorriko direnei bidea erraztea. Somarribaren hitzetan, "gauzak asko aldatu dira", eta esaldi horrek ondo laburbiltzen du erreportaje hau: aldaketa izan den arren, aldaketa hori ez delako egun batetik bestera gertatu, emakume askoren lan, neke eta ausardiaren ondorioa izan da.

"Guri Barre egiten ziguten… orain, errepideak emakumez beteta ikusteak asko pozten nau"

Hainbat urtez Sopelan bizi izan den txirrindulariak honela azaltzen ditu bere hastapenak txirrindularitzan: "Kobertura oso gutxi egiten ziguten, baliabideak eskasak ziren eta komentario matxista asko ere entzun behar izaten genituen". 90. hamarkadaren amaieran, famatua zen emakumezkoen lasterketa bakarrenetakoa Italiako Giroa zen; "bestela, Meta 2000 aldizkarian bakarrik agertzen zen emaitzaren bat noizean behin, besterik ez".

"Garai hartako baldintzak oso gordinak ziren guretzako: baliabide gutxi, kontratu prekarioak, ikusgarritasun falta... Txirrindularitza asko aldatu da: nik ama izateko utzi behar izan nuen, orain, goi mailara bueltatzeko aukera dute; errepideak emakumez bete dira hori ere izugarria da"

Baina komunikabideen isiltasuna ez zen oztopo bakarra, bizikletara igotzera ausartzen ziren emakume askok irainak ere entzuten zituztela gogoratu du: "Emakume bat bizikletan ikustea barregarria zela esaten zuten, 'fregatzera' bidaltzen gintuzten eta kirola gizonena zela esaten ziguten. 30 urte igaro dira ordutik, baina 100 iruditzen zaizkit. Atzerrira joateko eta lehiaketako baliabideak ere ez ziren berdinak eta askotan, horrek presio gehigarri bat eransten zion". Garaipenak heltzen zirenean ere, aitortza  gizonezkoen parametroakaz konparatzen zela gogoratu du, hau da,  gizonezkoen erreferentziakaz neurtuta. Somarribak argi du: "Kontua ez zen konparazio horietan sartzea; helburua eskubideak edukitzea zen, profesionalak izatea, hain zuzen".

Amatasunaren auzia bere ibilbidean mugarri izan zela gogoratu du Somarribak; izan ere, ama izateko txirrindularitza uztea erabaki zuen, "nire egoeran argi neukan bi gauzak ezin nituela batera eraman" esanez.

Egungo egoera "oso polita" da bere ustez: "Lehiaketak gizonezkoen parean egiten dira, baldintzak ere asko hobetu dira eta emakume gazteek askoz aukera gehiago dituzte; ez dauka zerikusirik". Aldaketaren alderdirik hunkigarriena kalean ikusten du berak, errepideak emakumez beteta ikusteak poztasun handia ematen diola baitio. Duela gutxi, Bilbon egindako martxa batean 500 emakume elkartzea  ere beretzat "ametsa betetzea bezalakoa" izan zela adierazi du.

"Ateak ireki zizkiguten; orain, beste batzuei amesteko aukera eman diegu"

Athleticen jokatzeko eta liga irabazteko aukera izatea amets bat betetzearen modukoa izan zela dio Garazi Murua futbolari ohiak, "izugarria izan zen". Hala ere, berak azpimarratu du kontziente dela bera baino lehen baldintza askoz kaxkarragoetan jokatu zuten emakumeek ireki zutela bidea; berak horri jarraipena besterik ez diola eman dio: "Kontziente naiz ni horra heldu aurretik, beste batzuek egindako bideari esker lortu genuela lortutakoa. Aurrekoek askoz baliabide eta errekonozimendu gutxiago zeuzkaten; zelai eta ordutegi txarrenak egokitzen zatzaizkien beti".

"Erreferenteak beharrezkoak dira, kirolak jende askorengana heltzeko gaitasuna baitu, eta neska zein mutiko gaztetxoentzako indar handia du emakumeak San Mamesen jolasten ikusteak"

Hala ere, berak egindako lanak satisfazioa ere eragiten diola aitortzen du: "Txikitako ametsa betetzeko aukera izateaz gain, datozenei ere amesteko aukera ematen diezulako". Berak futbolaren profesionalizazioaren prozesu hori bizi izan zuela gogoratzen du: lehen kontratu profesionalak, baldintza hobeagoak, zelai eta ordutegi hobeagoak eta baliabide gehiago, besteak beste.

Muruak uste du aurrerapausoak eman direla, baina "oraindik ere egiteko asko" dagoela. "Gustatuko litzaidake emakumezkoen eta kirolaren bilakaera azkarragoa izatea, potentzial handia dutelako; askok ezetz esaten duten arren, negozioa egiteko aukera ere ematen du. Eta potentzial horrek ez dio soilik kirolari eragiten, gizartea aldatzeko tresna ere bada".

"Judoan ez dut diskriminaziorik jaso; mutilakaz entrenatzea abantaila izan da"

Yahaira Aguirreren kontakizunak ñabardura bat ekartzen du mahaira: emakume izateagatik kirol guztiak ez dira berdin bizitzen. Bere kasuan, judoko giroa bestelakoa izan da: "Askotan galdetu didate honen inguruan, baina nik judoan ez dut diskriminaziorik jaso emakumea izateagatik".

Are gehiago, mutilen aurka entrenatzea bere aldeko faktore gisa ulertu du Aguirrek: "Beraien gaitasun fisikoa gurearen gainetik egoten denez, entrenamenduak gogorragoak ziren, eta horrek indartu egiten ninduen. Ez dut inoiz entzun judoa mutilen kirol bat zenik, eta ez dauka izaera hori". Dena den, Aguirrek argi utzi du judoan gertatzen dena salbuespen bat bezala ulertu behar dela; dioenez, berak badaki beste kirol batzuetan baldintzak oso desberdinak direla eta klub batetik bestera ere gauzak asko aldatu daitezkeela.

"Askotan galdetu didate honen inguruan, baina nik judoan ez dut diskriminaziorik jaso emakumea izateagatik"

Kirola aldaketarako tresna garrantzitsua izan daitekeela nabarmendu dute hirurek, bai jarrera sexistakaz bukatzeko zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ere. Ildo horretan, azpimarratu dute kluben, familien, komunikabideen eta erakundeen lana berebizikoa dela, bai berdintasunaren alde lanean jarraitzeko, bai ikusgarritasuna emateko zein kirolari berriei aukerak errazteko ere. Muruak adierazi bezala, "orain, beste belaunaldiei eman behar diegu amesteko aukera".

Joane Somarriba Euskal txirrindularitzaren ikur nagusienetakoa da, eta munduko onenetakoa izan zen bere garaian. Bere palmaresean hiru Frantziako Tour (2000, 2001 eta 2003) eta Italiako bi Giro (1999 eta 2000) nabarmentzen dira. Horrez gain, Erlojupeko Munduko Txapelduna izan zen 2003an. Oztopoz betetako bidea izan zuen, baina emakumezkoen txirrindularitza profesionalizaziorako mugarria izan zen Eukal Herrian. ARGAZKIA: LABORAL KUTXA-EUSKADI FUNDAZIOA

 

Garazi Murua Athletic Clubeko kapitain eta defentsako jokalaria izan zen hainbat urtez. Algortako Bizkerre taldean hasi eta AEBetan esperientzia pilatu ondoren, Athleticen ibilbide arrakastatsua egin zuen, eta 2016ko Liga irabaztea lortu zuen, besteak beste. 2024an, futbol profesionala utzi zuen, zelai barruan zein kanpoan emakume kirolarien belaunaldi berrientzako erreferentea izan den ibilbidea uztartu eta gero.  HODEI TORRES / ARGIA CC BY-SA

 

Yahaira Aguirre Getxo Judo Klubeko judoko borrokalaria Espainiako txapelduna izan zen 17 aldiz eta nazioarteko hainbat txapelketatan podiumera igo zen. 2012an utzi zuen bere ibilbide profesionala, lesio batzuen ondorioz Olinpiar Jokoetara joateko ametsari uko egin behar izan eta gero. Gaur gaurkoz, suhiltzailea da eta Klubean judoko promesa gazteakaz entrenatzen jarraitzen du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun