Gaur, 2026ko apirilaren 14an, ARPA elkarteak eta Subflubiala EZ! herri-plataformak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean. Bertan, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektua sakon aztertzen duen txostena aurkeztu dute, ondorio "sendoak" mahai gainean jarriz: azpiegitura berriak ez du beteko airearen kalitateari buruzko Europako araudia eta isurien igoera ekarriko du.
Aipatutako txostenak nabarmentzen duenez, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak (IIA) berak onartzen du proiektuak agertoki guztietan handituko dituela berotegi-efektuko gasen isuriak. Aldundiaren trafiko-ereduek aurreikusten dute ibilgailu pribatuen mugikortasuna %21 igoko dela 2038an, eta %33 2048an.
Airearen kalitateari dagokionez, proiektua 2024/2881 (EB) Zuzentarauaren aurka doala salatu dute. Tunela martxan jartzen denerako (2030etik aurrera), Europako muga berriak indarrean egongo dira eta Artatza inguruko etxebizitza zein ikastetxeetan NO2 eta PM partikulen kontzentrazioak muga horien gainetik egongo direla ohartarazi dute. "Ez hondatze" printzipioak debekatu egiten du kutsadura-mailak handitzen dituzten proiektuak onartzea eremua dagoeneko mugan dagoenean.
Gainera, plataformek "presazko" erabakiak eta prozedura-akatsak ere salatu dituzte. Ohartarazi dutenez, Aldundiak 2025eko uztailean onartu zuen proiektua, URA agentziaren informazio publikoko epea oraindik irekita zegoenean eta IIAk ezarritako baldintza batzuk bete gabe. Era berean, proiektuak duen 543 milioi euroko aurrekontua "gaizki inbertituta" dagoela deritzote. Diru hori zirkulazioa gutxituko duten konponbide estrukturaletara bideratu beharko litzatekeela defendatzen dute, isuririk handitu gabe eta Artazako parkea suntsitu gabe. Gainera, obrek zortzi urte baino gehiago iraungo luketela eta auzotar zein ikasleek zarata eta partikulak jasan beharko lituzketela gogorarazi dute.
Manifestazioa apirilaren 25ean Erromon
Guzti honen aurrean, Bizkaiko herritar guztiei dei egin diete Lamiakoren ibaipekoa paralizatzea eskatzeko. Mobilizazioa Erromon (Getxo) izango da, hilaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan.