Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzak institutuaren eraikin nagusia ixteko asmoa agertu ostean iritsi da, obren kalteak direla eta ikasleak Romo eta Lamiako eskoletara birkokatu beharko lituzketela jakin ostean. Plataformako kideek adierazi dutenez, institutuaren itxiera planak "baieztatu egiten du obrek Artaza eta Ballonti sakrifizio eremu bilakatuko dituztela", zarata, bibrazioak eta kutsadura proiektuaren datuek adierazten duten moduan areagotuko direla ziurtatuz.
Elkarretaratzean egindako irakurketan plataformak gogor kritikatu zuen erakundeen jarrera eta zuzenean adierazi zuten institutuaren itxiera planak aspalditik egiten dabiltzan salaketa konfirmatzen duela, Diputazioak kalteak ukatu dituen arren. Gainera, Eusko Jaurlaritzari leporatu diote erabakiaren ardura ikastetxearen gain utzi gura izatea, eta plataformako bozeramaileek argi utzi zuten "ez da onargarria ikastetxea derrigortzea bi erabaki kaltegarriren artean aukeratzera", ikasleen ongizatea bermatzea administrazioaren ardura dela gogoraraziz.
Zentzu horretan, zeharkako adierazpenen bidez, kezkaz galdetu zuten ea Lamiako Eskola izango den "Subflubialaren lehen biktima", datorren kurtsoan zentro hori ere itxiko dutela aurreikusten baita. "Zer gertatuko da inguruko gainontzeko ikastetxeekin? Artaza-Romo institutua ez da ikastetxe kaltetu bakarra. Obren eta tunel sarbidearen inguruan ikastetxe gehiago daude, eta hauek ere kalteak jasango dituzte", erantsi dute.
Manifestazioa apirilaren 25ean
"Milaka pertsonen osasuna, hezkuntza eta bizi-kalitatea arriskuan ipintzen dituen proiektu hau bertan-behera geratzea eskatu behar dugu", exijitu zuten plataformako eta hezkuntza-komunitateko kideek, eta manifestazio berri baterako deia egin dute apirilaren 25erako, Itzubaltzeta/Romon.