Menopausia

Menopausia: gorputza ulertzeko beste etapa bat

Izaro Garcia · Ander Zarraga 2026ko apirilaren 16a

Azken hilekotik urtebete bat igaro denean gertatzen da menopausia, baina horren aurretik prozesuak urteak hartu ditzake eta sintomak 60 baino gehiago izan daitezke, emakumearen arabera. Obulazioa eteten bada ere, erreportaje honetan elkarrizketatutako emakumeek azaldu dute menopausia hasiera berri bat bezala ere ulertu daitekeela.

Hilekoaren behin betiko etetea da menopausia, eta 45 eta 55 urte inguruko emakume guztiei eragiten dien prozesu biologiko naturala bada ere, bakoitzak modu desberdinean bizitzen du. Dena den, badira ohiko seinale batzuk, eta, gehienetan, hilekoaren desorekagaz hasten dira. Miren Melendez ginekologoak honela deskribatu du prozesu honen hasiera: "Bat-batean, hilabete batean hilekoa falta zaigu, gero bueltatzen da… hori izaten da kontsultara etortzeko arrazoi nagusia". Gaineratu duenez, hortik aurrera, bestelako sintomak ager daitezke: beroaldiak, umore-aldaketak, suminkortasuna, lo egiteko zailtasunak edo askok "buruko lainoa" deitzen diotena ere izaten dute.

Horrenbestez, menopausia ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait, aldez aurretik, batzuetan luzea izan daitekeen perimenopausia izeneko prozesuagaz hasten da, baina, esan bezala, sintomak eta denborak emakume bakoitzaren araberakoak izaten dira. "Gorputza bere hurrengo etapaz ohartzen hasten den unea da, eta obulutegien funtzionamenduaren amaiera dakar, beraz, gero eta modu ez-eraginkorragoan hasten dira funtzionatzen", laburbildu du Areetako Osakidetzako emagina den Elena Mena ginekologoak.

"Onartu behar dugu dena ez dagoela gure esku. Ez zaitez errudun sentitu 10 kilo hartu badituzu, edo etxetik ateratzeko gogorik ez baduzu. Gorputzaren zikloak dira. Onartu dena ez dagoela gure esku eta gure ingurua ere moldatu egin beharko dela. Aldaketak ez du zertan borroka bat izan". Saioa Hernandez, psikologoa

"Prozesu luzea izan daiteke: batzuetan buruko mina edo bularreko mina dugu eta ez dugu lotzen perimenopausiarekin, baina hilekoaren kantitatean eta maiztasunean aldaketa nabariak daude; fase honetan sintomatologia nahasiagoa da", erantsi du Saioa Hernandez psikologoak eta sexologoak. Nekea, loaren aldaketak eta tenperaturaren desorekagaz batera,  ahoan, begietan edo baginan lehortasuna bezalako sintomak ere ohikoak izaten dira fase horretan. Horiez gain, bestelako arazoak ere egon daitezke; adibidez, nutrizioari eragiten diotenak, hala nola glutenari intolerantzia garatzea bat-batean edo glukosa-pikoen ondorioz gozoa jateko gogo handia izatea.

Menopausia betean dauden emakumeek pairatzen dituzten nutrizio-arazoei buruzko hainbat argibide eman ohi ditu Olatz Bilbao nutrizionistak. Bere hitzetan, 60 sintoma baino gehiago egon daitezke, eta askok ez dute berehala identifikatzen zer gertatzen ari zaien. "Emakume askok esaten didate sintomak bat datozela azaltzen diedanarekin, baina ez dakite menopausiarekin lotuta daudenik", dio. Gaineratu duenez, emakume gehienen kezka handienetako bat pisuarena da, baina hori zergatik gertatzen den jakiteko gorputzean gertatzen dena ulertzea funtsezkoa da: "Estrogenoak eta progesterona jaisten direnean, metabolismoa ere jaisten da, eta horrek aldaketak eragiten ditu gure gorputzetan"

Ildo berean, Bea Sever sexologoak azaldu du lehen obulutegietan pilatzen ziren estrogenoak gerriak pilatzen direla eta horrek gorputzaren forma aldatu egiten duela, eta horren eraginez, "emakume askok ez dute beren burua hain erakargarri sentitzen".

"Gorputzaren beste aldaketa bat da, pubertaroa bezala. Etapa berri bat, baina ez zertan negatiboa". Irati Larrazabal, fisioterapeuta

Emozionalki ere ematen diren aldaketak oso nabariak direla nabarmendu du Hernandezek: "Gauzak intentsitate handiz bizitzen hasten gara. Nik nerabetasun berria deitzen diot, dena oso intentsua delako. Lehen, planoak ginen arlo batzuetan, eta orain sentimenduak ‘flipatzeko’ modukoak dira". Era berean, depresio txikiak, memoria-lapsusak eta sexuarekiko interes falta ere ez dira arraroak.

"Askotan pentsatzen dugu menopausia hormonetara mugatzen dela, baina benetan maila muskularrean eta funtzionalean ere aldaketa asko gertatzen dira", erantsi du Irati Larrazabal fisioterapeutak. Berak emakumeek bizi dituzten aldaketa fisikoetan jarri du fokua, eta azaldu du zoru pelbikoak ere aldaketak jasaten dituela, eta horrek ondorio zuzenak izan ditzakeela bizi-kalitatean. Inkontinentzia edo organoen jaitsiera (prolapsoa) dira ohikoenetako batzuk. "Emakume askok pisu-sentsazioa sentitzen dute baginan, barruan zerbait izango balute bezala", aipatu du. Horrez gain, mikrobioman gertatzen diren aldaketek infekzio-arriskua handitu dezaketela ere ohartarazi du, eta horrek ere fluxuan ere aldaketak eragin ditzake.

Alabaina, emakumeen gorputzek eta buruek bizi duten errusiar mendi hau ez da beti identifikatzeko erraza, emakumeen osasunari eragiten dioten beste hainbat kontutan bezala, informazio eta ikerketa faltagatik. "Ugalketa-aldetik kanpoko bizitzara igarotzeko pausoa da" azaldu du Melendezek. Hala ere, une konplexua izan daiteke, beste aldaketa askogaz batera etortzen delako. "Gorputzean aldaketak hasten dira, eta ez dira beti gure gustukoak izaten; horrek frustrazioa sortzen du", gehitu du Menak.

"Hormonen desorekaren eraginez, serotonina jaisten denean, gure buruak azukre gehiago eskatzen digu hobeto sentitzeko, eta horrela sortzen da gurpila: azukre gehiago kontsumitzen dugu, baina aldi berean gutxiago erretzen dugu eta pisua irabazten dugu". Olatz Bilbao, nutrizionista

Hernandez psikologoak deitoratu du duela urte batzuk arlo honetan zegoen egoera "negargarria" zela, baina gauza hobetzen joan dela: "Oraindik ez da behar bezala hitz egiten gaiari buruz, baina lehengoarekin konparatuta, badago mugimendua. Arazoa da askotan medikalizatu egiten dela, prozesu psikologiko edo meditatiboa lagundu beharrean. Gainera, ez da nahikoa ikertu".

Sexualitatea ez da eteten

Menopausiagaz oso lotuta dagoen beste sintometako bat sexuarekiko interesa galtzea da. Hori faktore askok eragin dezaketela azaldu du Severrek. Batetik, orgasmoak lortzea zailagoa egiten da, eta horien intentsitatea ere jaitsi egiten da, eta, bestetik, "gure sexualitate-eredua oso estua da, penetrazioan zentratua, eta horrek presio handia sortzen du emakumeengan". Era berean, argitu du testosterona ere asko galtzen dela sasoi honetan eta hori gabe eta psikologikoki prest egon gabe, kitzikapena askoz zailagoa da: "Lehen 30 segundotan lortzen zena, orain agian 3 minututan lortzen da. Horregatik, sexualitatearen patroia aldatu behar da: estimulazio gehiago behar da, eta dena motelago doala onartu".

Hala ere, interes sexuala galtzeak ez du zertan esan gura sexualitatea desagertzen denik, baizik eta sexualitatea bizitzeko beste modu bat hasten dela. "Mendiaren adibidea jartzen dut nik: beti ez dugu tontorrera joan behar; joan gaitezke buelta bat ematera, loreak ikustera edo perretxikoak hartzera. Helburu finkorik gabe. Plazera beste leku batetik deskubritzeko aukera ematen du etapa honek. Erotikan dena ez da testosterona: intimitatea landu behar da, eta menopausia azaltzen denean, kitzikapenera iristea zailagoa denez, sedukzioa ezinbestekoa da; elkarri gauza politak esatea, elkar goraipatzea... Sedukzioa ondo ulertzea eta lantzea garrantzitsua da".

"Menopausia etapa berri gisa ikusi behar dugu. Orain ‘zaintzaren hormona’ jaisten denez, besteak zaintzeari utzi eta geure burua zaintzeko garaia da". Bea Sever, sexologoa

Etapa honetan sexu-harremanek mina eta ondoeza ere eragin dezaketenez, horrek ere menopausiaren inguruan dagoen ezjakintasuna eta tabua areagotu besterik egiten ez duela aipatu dute elkarrizketatuek. Horren aurrean, Larrazabal fisioterapeutak bere pazienteei orgasmoak edukitzea gomendatzen diela azaldu du: "Sexu-harremanek plazererako izan beharko lukete, ez mingarriak". Horregatik, sintomak normalizatzen baino, tratatzeko beharra azpimarratzen du. "Gozamena garrantzitsua bada ere, odol-zirkulazioa hobetzea da gakoa. Zenbat eta odol gehiago egon ehun batean, orduan eta hobea izango da haren kalitatea".

Menopausia eta lana

Orain arte, menopausiak maila fisikoan eta kognitiboan nola eragiten duen ikusi dugu, baina guzti horrek lan-arloan ere zeresan handia du. Lanean ari diren emakumeen % 11 ingururi eragiten die gai honek, eta gizartearen zaharkitzeagaz batera gero eta gehiago izango dira. Auzi hau bereziki agerikoa da gehien feminizatuta dauden sektoreetan, hala nola osasungintzan, zaintzetan edo hezkuntzan. Gainera, asko eta asko dira menopausiaren sintomengatik lana lehenago utzi behar izaten dutenak, horrek eragiten duen genero arrakalagaz.

Jone Bengoetxeak, ELA sindikatuko Genero Berdintasun Politikarako arduradunak, menopausiak eta perimenopausiak lan-eremuan duten eragina aztertu du, gaiari begirada feminista, sindikala eta prebentziozkoa emanez. Berak menopausiaren patologizazioa kritikatu du, eta ohartarazi du mendebaldeko eredu biomedikuak etapa hau "osatu beharreko gaixotasun hormonal" gisa hartzen duela. Aitzitik, ikuspegi mediku hutsetik haratago, "ikuspegi bio-psiko-sozio kultural batetik" aztertu beharko litzatekeela deritzo. Gainera, gizartearen jarrera sexista eta edadista ere salatu ditu, etapa horretan dauden emakumeen bizi-esperientziari aitortza ukatzen baitzaie.

"Tratamenduez gain, informazioa eta laguntza izatea funtsezkoa da; azken batean, normaltasunez bizi beharreko etapa bat da, oraindik horri buruz gutxi hitz egiten den arren". Elena Mena, emagina

Bestetik, Leticia Mancisidor Osakidetzako erizaina eta LAB sindikatuko ordezkaria da Uribeko ESIan. Bere aburuz menopausiaz ez litzateke ikuspuntu kliniko edo ginekologiko batetik landu beharko soilik, eta lan-osasuneko gai gisa bezala ere aztertu beharko litzatekeela uste du. Azpimarratu du gai honen inguruan dagoen arazo nagusia da menopausia ikusezina dela enpresentzat, genero-ikuspegia txertatzen ari badira ere. "Emakumeen osasuna ez da osotasunean ikusten; gai mediko gisa hartzen da, ez lan-osasuneko prebentzioan txertatu beharreko zerbait bezala".

Bengoetxeak gogorarazi du Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeak enpresak behartzen dituela langileen "egoera biologikoa aitortzera eta lanpostua egokitzera". Horren arabera, menopausiak dituen eragin fisikoak eta psikosozialak behar bezala kudeatu ezean, istripu-arriskua handitu eta antsietate arazoak kronifikatu daitezke. "Kontzentrazio falta eta lanbro mentala kontuan hartzeko gaiak dira ere, produktibitatean eragiteaz gain, lan-istripuak izateko arriskua handitu dezaketelako", gaineratu du Mancisidorrek. Hala, ELA zein LABeko kideek adierazi dute menopausia duten emakumeen ongizatea bermatzeko aireztapen egokia, tenperaturaren kontrola, lan-kargen murriztea eta etenaldiak behar-beharrezko neurriak direla, besteak beste. Halaber, "taldearen sentsibilizazioa eta protokolo argiak" ere aipatu ditu Bengoetxeak. 

Etapa berria

Bizitzako fase honen aurrean, gorputzean zer gertatzen ari den ulertzea ezinbestekotzat jo dute adituek. Autozaintzak eta gorputzean ematen diren prozesuak ulertzeak sintomak arindu ditzake, beraz, dieta zaintzea, ariketa fisikoa egitea eta ez erretzea  lagungarriak izan daitezke. Hala ere, horiek nahikoa ez direnean, badaude bestelako aukerak: osagarri naturalak edo, kasu batzuetan, hormona-terapia. Betiere, kasuz kasu aztertuta. "Ez da guztientzat, baina ez da duela urte batzuk uste zen bezain arriskutsua ere", argitu du Melendez ginekologoak.

Ildo horretan, gorputzak bizi dituen aldaketei dagokienez, Bilbao nutrizionistak adierazi du askotan entzuten diren aholkuek, hala nola gutxiago jatea eta gehiago mugitzea ez dutela zertan beti lagungarriak izan, batzuetan kaltegarriak ere izan daitezkeelako. Horren ordez, ikuspegia zabalagoa izan behar dela dio: "Klimaterioan ikuspegia multidiziplinarra izan behar da: elikadura, kirola, psikologia… dena lotuta dago". Elikadurak, gainera, loaren kalitatean eta umorean ere eragiten du; melatoninaren jaitsierak lo egiteko arazoak ekar ditzake, eta eguneroko ohiturek asko baldintzatzen dute. Bilbaok suplementuakaz kontuz ibiltzeko ere gomendatu du, egun, hainbat aukera baitaude, baina guztiak ez baitira beharrezkoak. "Gure gorputzak gaitasuna du gauza asko berez sortzeko", dio; horregatik, "hobe da galdetzea, edozer hartu aurretik".

"Ugalketa-aldetik kanpoko bizitzara igarotzeko pausoa da, eta gorputzean aldaketak hasten dira, eta ez dira beti gustukoak; horrek frustrazioa sortzen du". Miren Melendez, ginekologoa

Era berean, etapa honetara iristear dauden emakumeei, aholku argia eman die Menak: "Aldaketetara egokitu eta behar denean laguntza eskatu; izan ere, sintoma gehienak aldi baterakoak dira, eta denboragaz gorputzak bere oreka berria aurkitzen du".

Larrazabal fisioterapeutaren hitzetan, menopausiari behar bezala heltzeko norberaren burua eta gorputza ondo ezagutzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, gorputza ukitu eta begiratu behar da, erreakzioak ulertzeko. Baina batez ere, beldurra alde batera uztea da gakoa: "Azken finean, gorputzaren beste aldaketa bat da, pubertaroa bezala. Etapa berri bat, baina ez du  zertan negatiboa izan behar".

Bukatzeko, Hernandezek menopausiaren inguruko gogoeta positiboa ere proposatu du: "Aukera polita da gure zentzumenei kasu egiteko: zer entzun nahi dugun, zer jaten dugun, zer sentitzen dugun... Komunikatzen ikasteko erronka handi bat da. Gauzak eskatzeko eta gure beharrak argiago adierazteko momentu oso ona izan daiteke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun