Urtebeteko prozesuaren ostean, bukaera eman diozue Ernairen 4. Kongresuari. Zeintzuk esango zenukete direla kongresu honetatik ateratzen dituzuen gako nagusiak?
Urtebeteko eztabaidek osatu duten prozesua izan da kongresu hau, eta honen baitan hainbat eztabaida egin ditugu herrietan, zein maila nazionalean. Eztabaidak mamitsuak izan dira eta Ernaik egiteko duen bide politikoa findu dugu, hortik dator ponentziaren izena ere: "Lorbide", lortzeko bidea, hain zuzen ere. Esango genuke kongresu honetan momentua irakurtzen asmatu dugula eta egun dauden aukerekin anbizioz jokatzeko apustua egin dugula.
Hori horrela, kongresuko eztabaida hauetatik bi titular nagusi atera ditugu: batetik, gaur egun, Euskal Herria bidegurutze historiko batean dago, nazio gisa erronka handiak ditugu aurrez aurre. Egoera honetan, Ernaik funtzio garrantzitsua bete behar du ahalik eta gazte independentista gehien nazio askapen mugimendura batzeko, hori izan behar da gure lehentasunetako bat. Bestetik, garai desegonkor batean bizi gara, krisi testuinguruak zein askotariko zapalkuntzek gogor astintzen dituzte gazteon bizitzak. Honen aurrean, gazteriaren behar eta kezkekin konektatzera goaz eta Ernairen proiektua zapalkuntza hauekiko askapenerako tresna gisa irudikatzera. Bi horiek dira gure erronka nagusiak: Euskal Herriarekiko daukagun konpromisoa eta euskal gazteriarekiko daukagun konpromisoa muturreraino eramatea.
Gauzak horrela, zeintzuk dira Ernaik gaur-gaurkoz dituen helburu eta lan-ildo nagusiak?
Ernai ezker abertzaleko Gazte Antolakundea da eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista du helburu. Hau lortzeko, gure misioa, gazteria askapen prozesura batzea da. Ez da erraza geure buruari jartzen diogun helburua, baina nazio auzia erdigunean jarriz eta gazteriaren kezkekin konektatuz, ahalik eta gazte independentista gehienengana heltzeko bidea egin nahi dugu. Izan ere, Ernai Gazte Antolakundea euskal gazteriaren artean erreferentea izatea ezinbestekoa izango da jarritako helburuak lortzeko, eta, horretarako, antolakundea zabaltzera goaz. Ernai, gazteriaren etxe zein eskola izan behar da, gu baikara euskal gazteria askapen prozesura batu eta hauek balio independentistetan politizatuko dituen antolakunde bakarra.
"Argi daukagu guk ez dugula eredu hau nahi eta Euskal Herrian bestelako eredu bat posible denaren ideian sinetsita gaude"
Nola kokatzen dituzue proposamen hauek egungo testuinguruan?
Garai nahasiak bizi ditugu munduan, dudarik gabe. Gaur egun ikusten ari garena, aurretik ezagutzen genuen sistema kapitalistaren beste eszenatoki bat da, esan daiteke kapitalismoaren metaketa fase baten amaiera bizi dugula, eta mundua nork gidatuko duen dagoela disputan; honek guztiak, munduan gatazka belikoak areagotzea eragin du. Botere-lehia eta krisi-testuinguru honetan bada beste ondorio nagusi bat: herritarren arteko desberdintasun sozial eta ekonomikoak areagotzen ari dira.
Horren adibide garbia izan daiteke etxebizitzaren auzia, gazteria, eta, oro har, jendartearen gehiengoa, modu gordinean sufritzen ari dena. Eskubide izatetik urrun, azken urteetan, merkatuaren logiketan sartu da bete-betean eta honen eraginak jada sufritzen ari gara. Euskal Herriaren biziraupena, bestalde, ez dago bermatuta. Honi ere larrituta begiratzen diogu, ordea, uste dugu aukerak badaudela nazio auzian aurrera pausuak emateko. Momentu erabakiorra bizi dugu eta bide hau inoiz baino indartsuago urratzea dagokigu. Argi daukagu guk ez dugula eredu hau nahi eta Euskal Herrian bestelako eredu bat posible denaren ideian sinetsita gaude.
Nola egingo duzue bide hori?
Ez dugu gero eta pobreago egiten gaituen eredu honetan bizi nahi eta ez gara geldi geratuko gure hizkuntza-eskubideen urraketei bide eman eta nazio gisa ukatzen gaituztenean, besteak beste. Esan bezala, honen aurrean guk badugu herri honetarako proiektu integral bat, Euskal Herri aske, sozialista, eta feminista eta euskalduna. Hau erdiesteko Euskal Herriaren independentzia ezinbestekoa izango da, noski. Eta aukerak badaude. Garaiak borroka eskatzen du eta kongresu honetan Ernai garaiak eskatzen dituen erronkei erantzuteko prestatu dugu.
Nazio gisa aitortuak izan eta gazteon prekarizazio prozesua gainditzeko behar dugun aldaketa sozial eta politikoa egunez egun elikatu behar dugu, hau delako testuinguru ilun honetan dagoen irtenbide posible bakarra. Horretarako, Ernai bera eta Ernairen eskaintzak zabaltzeko apustua egingo dugu datozen urteetan, baita Uribe Kostan ere, gogotsu gaude bide berri honi ekiteko.