Iritzi-artikulu Lehiaketako onenak

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 11

Aurten lehiaketa bat planteatu diegu Unibertsitatera Sartzeko Proba egin dute ikasleei: bidali zuen iritzi artikuluak eta guk onenak aukeratu eta argitaratuko ditugu. Hauek dira lehen lehiaketa honetako artikulu hautatuak.

Eskualdeko gazteei HIRUKAn lekua egiteko asmoagaz, Batxilergoko ikasleen lehendabiziko Iritzi-artikulu Lehiaketa egin dugu aurten. Horretarako, Unibertsitatera Sartzeko Probarako (USaP) –lehengo Selektibitatea– ikasturtean zehar prestatu dituzten artikuluak bidaltzeko eskatu diegu, eta trukean guk onenak argitaratu eta sarituko genituela agindu genuen.

Artikulu sarituek esku artean duzuen HIRUKA aldizkarian azaltzeaz gain, Otxandioko Hontza Extrem abentura parkerako sarrerak, Karpin faunaren babes-zentroa bisitatzeko gonbidapenak eta Sopelako Peña Txuri Surf Eskolan surf saioak jasoko dituzte.

Artikulu onenak zeintzuk diren erabaki duen epaimahaia punta-puntako hiru euskaltzalek osatu dute: Garazi Basterretxea idazlea, Joxi Arakama Getxoko Udaleko euskara teknikaria eta Gotzone Butron idazlea. Beraiek artikuluen aberastasuna, koherentzia eta zuzentasuna ebaluatu dituzte, besteak beste.

Bada hemen daude lehen lehiaketako honetako irabazleak. Mila esker parte hartu duzuen guztioi!

1. Gezurraren abiadura, egiaren isiltasuna

XABIER PUIG RODRIGUEZ

Goizean esnatzean askok gauza bera egiten dugu: mugikorra hartu eta pantaila piztu. Segundo gutxitan, mundu osoa agertzen zaigu esku-ahurrean: albisteak, iritziak, bideoak eta zurrumurruak. Informazioaren aroan bizi garela diote, baina sarritan zarataren garaia dirudi. Izan ere, askotan gezurra iristen da egia baino lehen. Esaera zaharrak dioenez, gezurrak hanka motzak ditu; gaur egun, ordea, sareek hegoak jarri dizkiote.

Buloak ez dira nahi gabe egiten. Politikan, desinformazioa gero eta gehiago erabiltzen da iritzi publikoa baldintzatzeko. Areago, gezurra behin eta berriz errepikatzen denean, egia dirudien itxura har dezake. Horrela elikatzen dira mesfidantza eta zatiketa, eta bide horretan diskurtso sinplistak eta faxismoaren antzeko ideiak berriro indartzen dira: etsai asmatuak sortuz, errudun errazak bilatuz eta gizartea gu eta haiek bezalako giza taldeetan zatituz. Izan ere, historiak behin baino gehiagotan erakutsi digu zer arrisku dakarten bide horiek.

Hala ere, buloen kalterik mingarriena sarritan ez da ideien eremuan gertatzen, pertsonen bizitzetan baizik. Zurrumurru batek norbait seinalatu eta bere izena gezur bati lotuta gera daiteke. Une batetik bestera, pertsona hori ezezagunen epaiaren menpe geratzen da: iruzkinak, susmoak, epaizko begiradak. Estigmak arrasto sakona uzten du; ez du soilik ospea kolpatzen, pertsonaren duintasuna bera ere zauritzen du. Askotan, horrek bakardadea, lotsa edo ezintasun sentsazioa eragiten ditu. Egia azaldu arren, itzalak geratzen dira, eta susmoak ez dira erraz desagertzen. Horregatik dio esaerak jaurtitako hitza geziaren parekoa dela: askatzen denean, ezin da berriro arkuan sartu.

Azken finean, erantzukizuna guztiona da. Mezu bat partekatu aurretik une batez gelditu, kontrastatu eta zalantzan jartzea ezinbestekoa da. Egia ez da beti begibistan ageri zaiguna; askotan isilpean geratzen da, motel eta epel airean hegan egiten. Baina, isiltasunean ere, gizarte libre baten zimendurik sendoena da. Hori buruan barneratuta, galdera ezin da alde batera utzi: zarataren katean parte hartu nahi dugu ala pertsona bakoitzaren duintasuna eta egia babesteko kemena izango dugu?

 

2. Iraultzek ez dute banderarik

UNAX URKIZA IGLESIAS

Iraultzek ez dute banderarik Aberria hizkuntza, kultura eta lurraldea bat da, bihotzean daramagun arima. Historian zehar defendatu izan da, eta jende askok bizitza eman du horren alde. Aberria gure nortasunaren zati natural eta sakona dela dirudi, gure sustraiak eta komunitatearen elkartasuna islatzen dituena. Baina nork sortu du aberria? Ba al gara gu jaiotzetik aberri baten parte edo gizarteak inposatu digun zeozer da?

Guztiok behar dugu zerbaiten parte izan, gure bizitza zerbaiten oinarrituta egotea, nor garen ulertzeko eta gure existentziari zentzua emateko. Gizakiok harremanen bidez eraikitzen dugu gure identitatea, eta komunitate baten barruan kokatzean segurtasuna eta jarraipena ematen dizkigu. Sentimendu horrek lotzen digu ideia, sinbolo eta kontakizun kolektiboetara, geure burua bakarrik eta galduta ez sentitzeko.

Aberria edo nazioa burgesiak sorturiko fikziozko emozio bat da, hizkuntza edo tradizio baten izenean. Nahiz eta sentimendu moduan aurkeztu, naturatik urrun dagoen kontzeptu eraikia da. Bere funtzio nagusia argia da: langile klasea banatzea. Pertsonak nazio desberdinetan zatitzen direnean, eta nazioen arteko lehia sustatzen denean, ezinezkoa bihurtzen da langile klasea elkartzea bere benetako etsaiaren aurka, burgesaren aurka, borrokatzeko.

Troskismoaren ikuspegitik, nazioa eraikuntza politiko bat da, langile klasea benetako borrokatik urruntzeko. Aberriaren inguruko eztabaidek eta zatiketek gazte sozialisten arteko batasuna ahultzen dute. Historiak argi utzi digu hainbat egoeratan: sozialistak zatituta daudenean, kapitalismoak beti irabazten du. Kapitalak nazio askapenaren aldeko borroka askotan babesten du, klasearen batasuna oztopatzen duelako.

Egia da aberria edo nazioa garrantzitsua dela, gure kultura eta identitatea defendatzen duelako. Baina, askatasuna ez da bandera edo aberri baten bidez iristen, klasearen elkartasun eta ekintza kolektiboren bidez baizik.

Langile klaseak indarra du bere burua askatzeko, baina bakarrik elkartuta eta borroka kolektiboan askapen hori errealitate bihurtu dezakegu. Orain da unea, gazteok gure indarra batzeko, sistema honi aurre egiteko eta etorkizun berri bat eraikitzeko. Elkarrekin indartsuak eta geldiezinak gara. Borrokatu, antolatu eta mobilizatu! Gure esku baitago benetako askapena.

 

3. Ba al dago beste espezierik?

MAITE JUSTICIA BELIASHINA

Azken hamarkadetan, gizakiak galdetu izan du zer dagoen gure atmosferatik harago, izarretatik harago eta baita gure unibertsotik harago ere. Duela gutxi arte ez genuen galdera horien erantzunik, baina azken ikerketek uste duguna baino askoz gehiago erakutsi digute. Benetan gure espeziea bakarrik existitzen al da? Ba al dago beste bizitza motaren bat beste galaxia batean?

Lehenik eta behin, gure unibertsoaren dimentsio izugarria gogoratu behar dugu. Gu Esne Bidean bizi gara, eta galaxia hori izarrez beteta dago. Izar bakoitzak bere inguruan planeta bat orbitatzen duela kontuan hartuko bagenu, ia ezinezkoa litzateke existitzen diren planeten kopuru zehatza kalkulatzea. Horrek aukera uzten du pentsatzeko agian planeta horietako batzuetan bizitza egon daitekeela.

Bigarrenik, azken hamarkadetan milaka exoplaneta aurkitu dira, hau da, beste izar batzuen inguruan biratzen duten planetak. Horietako batzuk «eremu bizigarri» deitzen den tokian kokatuta daude; horrek esan nahi du ur likidoa egoteko baldintza egokiak izan ditzaketela. Ura funtsezko elementua da guk ezagutzen dugun bizitza eredurako.

Azkenik, pertsona batzuek diote beste zibilizazio adimendunak existituko balira, jada froga edo seinale argiak izango genituzkeela. Hala ere, argudio horrek hainbat suposiziotan oinarritzen da. Lehenik, teoria honek zibilizazio horiek gurearen antzeko maila teknologikoa izango luketela eta gurekin komunikatu nahi izango luketela dio. Baina ideia horietako bat ez da zertan egia izan.

Ondorio gisa, nahiz eta oraindik ez dugun estralurtar bizitzaren froga erabakigarririk, gaur egungo ebidentzia zientifikoek pentsarazten digute oso arraroa izango litekeela unibertsoan guztiz bakarrik egotea. Unibertso hain handi eta askotarikoan, ez al litzateke are harrigarriagoa izango bizitza behin bakarrik agertu izana?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun