Irakasleen esanetan, "desinformazioa nagusi da", eta horrek giroa zeharo nahasi du ikastetxean. Azken asteetan komunikabide batean irakurri zuten lekualdatzea egingo zela, baina azaldu dutenez, informazio hori ez zaie institutura modu ofizialean heldu. "Ulertuko denez, horrek ziurgabetasun egoera betean uzten gaitu", adierazi dute.
Egoera horrek ikasleengan ere eragina duela nabarmendu dute. Artaza-Romo BHIko ikasle gehienak inguruko auzoetatik datoz, eta irakasleen arabera, askok lotura handia dute ikastetxeagaz. Horregatik, lekualdatzearen inguruko zurrumurruek "min handia" egiten dietela diote: "Ekainaren erdian gaude eta oraindik, modu ofizialean, ez dakigu gure betiko eraikinean hasiko dugun hurrengo ikasturtea ala beste eraikin batera joan beharko dugun".
"Hezkuntza komunitatea ez da entzuna izan"
Irakasleek uste dute orain arte gehien faltan bota dutena informazio argia eta gardentasuna izan direla. Horiekaz batera, entzunak izatea ere eskatu dute: "Hezkuntza komunitatea ez dela entzuna izan uste dugu; izan ditugun kezka eta zalantzei ez zaie jaramonik egin".
Haien esanetan, erabakiak hartzeko unean ezinbestekoa da informazio guztia mahai gainean jartzea eta Hezkuntza Sailak jarrera argia izatea. Izan ere, klaustroaren kezka nagusietako bat ikastetxearen eguneroko jarduna nola bermatuko litzatekeen da, obrak eraikinaren inguruan hasiko balira.
Irakasleek ohartarazi dute obrek hezkuntza komunitate osoari eragingo lioketela: ikasleei, familiei, irakasleei, hezitzaileei, atezainei, garbitzaileei, administrazioko langileei eta jantokiko langileei. Azaldu dutenez, lanak ikastetxetik metro gutxira egitea aurreikusten da, eta horrek kutsadura, hautsa, zarata etengabea, mikroboladurak eta airean osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen partikulak ekar ditzakeela uste dute.
Horrez gain, obrek iraungo luketen bitartean leihoak irekitzea eta patioa erabiltzea ezinezkoa izan litekeela gogorarazi dute. "Pentsa, ikastetxean aire girotua jartzeko ideia ere baloratu izan dute, leihoak zabal ez ditzagun", azaldu dute.
"Sailak gure interesen alde egin beharko luke"
Lekualdatzea gertatuko balitz, irakasleek argi dute baldintza minimoak bete beharko liratekeela. Ez dute aukera hori planteatu gura, baina gertatuko balitz, gaur egun Artaza-Romo BHIn garatzen duten hezkuntza-proiektua baldintza beretan bermatu beharko litzatekeela diote, ikasleengan, familiengan eta langileen lan-baldintzetan eragin negatiborik sortu barik.
Hezkuntza Sailari helarazi gura dioten mezua ere sinplea da; hau da, ikastetxea defendatzeko eskatu diote. "Obra horrek gure ikastetxeari kalteak baino ez dizkio ekarriko. Gu Hezkuntza Sailaren barruko ikastetxea izanda, Sailak gure interesen alde egin beharko luke eta gu defendatu", adierazi dute.
Irakasleen ustez, Saila ezin da albo batera geratu, obra beste erakunde batek bultzatutakoa izan arren. Horregatik, "aurpegia emateko" eskatu diote, baita egoeraren gaineko informazio argia, gardena eta ofiziala helarazteko ere.