Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipsea ikusteko segurtasun-neurriak aurkeztu ditu

Laura Fontalba Colomo 2026ko abuztuaren 3a

Webgunean eklipseari buruzko informazio guztia eskuragarri dago. © EKLIPSEA

2183. urtera arte Euskal Herritik berriro ikusi ezin izango den fenomeno bat ikusteko aukera historikoa izango dugu abuztuaren 12an: eguzki-eklipse osoa. Eusko Jaurlaritzak, "Gozatu zeruaz, bizi eguzki-eklipsea segurtasunez" leloagaz, eklipsea ikusteko hainbat aholku plazaratu ditu.

Eusko Jaurlaritzak eguzki-eklipseari buruzko informazio guztia bildu du Eklipsea webgunean. Orrialdean, eguzki-eklipsea zer den, zergatik gertatzen den, zientziaren aurrerapenerako duen balioa edo hurrengo eklipseak noiz izango diren azaltzen dute. 

Bertan adierazten duten moduan, 2026ko abuztuaren 12an izango den eklipsea Euskal Herrian ikusiko da; kokapenaren arabera, eklipsea partziala edo osoa izango da, eta osotasunaren iraupena desberdina izango da lekuaren arabera. Hala ere, euren hitzetan, "aparteko momentua izango da egun horretakoa; praktikari begira, gure erkidegoko herritar gehienentzat errepikatuko ez den aukera, hain zuzen".

Diotenez, 19:30 aldera Ilargia Eguzkia estaltzen hasiko da; osotasun-fasea, berriz, 20:27an hasiko da; eta, ordubete geroago, zerua normaltasunera bueltatuko da. Adierazi dutenez: "Hunkitzeko eta eguneroko esperientzietatik aldentzen den gertaera bat lehen eskutik bizitzeko abagunea izango da, baina baita unibertsoan betetzen dugun tokia ulertzeko eta ezagutza zientifikoaren balioaz jabetzeko modua ere." 

Segurtasunerako babes-neurriak

Momentu paregabea izango bada ere, babes-neurri egokiak hartzen ez badira, behaketak begietan atzera-bueltarik ez duten lesio larriak eragin ditzaketela azpimarratu dute. Izan ere, erretina berehalako minik sentitu gabe kaltetu daiteke, eta ondorioak ordu batzuk geroago ager daitezke, beranduegi denean. Hori dela eta, ISO 12312-2 betaurreko ziurtatuak erabiltzeko garrantzia gogoratu dute. 

Gaineratu dutenez, betaurreko horiek argi ikusgarriaren kopurua nabarmen murrizten dute, erradiazio infragorriak eta ultramoreak blokeatzen dituzte, eta denbora laburrean segurtasunez begiratzeko diseinatuta daude. Baina ez dute denak balio; garrantzitsua da arauaren azken zenbakiari "-2" erreparatzea: "ISO 12312-1 erabilera orokorreko eguzkitako betaurrekoei buruzkoa da, baina horiek ez dira seguruak Eguzkiari begiratzeko. Betaurreko ziurtatuak izanda ere, jarraian 45 segundo baino gehiago ez begiratzea gomendatzen da, atsedenaldi laburrak eginez.", azaldu dute.

Osotasun fasean, berriz, eklipsea begi hutsez ikus daiteke; Ilargiak Eguzkia erabat ezkutatzen duenean. Hori kontu handiagaz egin behar da, kontuan hartuz lehen eguzki-argia itzultzean, betaurreko babesleak jantzi behar direlako berriro. Garrantzitsua ez dela iruditu arren, betaurrekoak ezinbestekoak dira eguzkiak igortzen duen erradiazioaz babesteko: erretina ez erretzeko, ikusmenaren galera partzialik ez eragiteko, eta atzera-bueltarik gabeko arazoak ez sortzeko.

Ildo horretan, azpimarratu dute prismatikoek, teleskopioek edo argazki-kamerek argia kontzentratu egiten dutela eta, ondorioz, horiekaz arriskua are handiagoa dela. "Tresna horien okularretik begiratzeko ezin dira eklipseak behatzeko betaurrekoak erabili. Teleskopioak edo eguzki-iragazki ziurtatuak dituzten eta adituek instalatzen dituzten tresnak baino ezin dira erabili", ohartarazi dute. 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun