Iñaki Lagos eta Luis Artola

Musikaren bidez, Palestinagaz elkartasuna lantzen

Laura Fontalba Colomo

2026ko otsailean, Iñaki Lagos eta Luis Artola Zisjordaniara joan ziren Al Kamandjâti elkartearen lana ezagutzera. Itzultzean, bazekiten Euskal Herrian Ramallahn bizitako errealitatea ikusarazi behar zutela; beraz, Aitor Gisasolaren laguntzagaz, Al Kamandjati izeneko dokumentala atera zuten. 

Elkarteak palestinar haur eta gazteei musika-hezkuntza eskaintzen dizkien irabazi-asmorik gabeko proiektua lantzen du. Euren lanari esker, dokumentalean, Palestinako eguneroko bizitza eta gatazkaren testuinguruan kulturak duen lekua erakusten dute. "Elkar ezagutzera joan ginen hara, jakinik oso egoera gogorra topatuko genuela; eta, aldi berean, jende indartsuagaz, gogo handiagaz eta oso bizitza-proiektu indartsuagas topatu ginen", azaldu du Artolak. 

Hasieran, euren asmoa biolin-jotzaile, irakasle eta luthier gisa laguntza eskaintzea zen; baina, heltzean, Lagosek bestelako egoera bategaz topo egin zutela azaldu du. "Instrumentistak itzelak direla" eta ez zutela haiengandik "gauza handirik behar" ikusi zuten; behar zutena "solidaritatea" eta eurek eurena garatzen "bakean uztea" zela. "Hori zabaldu nahi genuke hemen, herri bat suntsitu nahian dabiltzala, baina herri horrek eutsi nahi diola eta erresistitzen ari dela", salatu du Artolak.

Lagosek eta Artolak argi daukate euren mezua: "Ohartaraztea han gertatzen ari dena dela Europaren eta, zehazki, Euskal Herriaren konplizitateari esker; horrek ematen diola Israeli bere indarra eta bere inpunitatea, eta horregatik hemen dauden konplizitateak eten egin behar direla". "Zeozer aldatzen bada, hemendik aldatu behar dugu", azpimarratu du Lagosek. 

Irailaren 25an, Gorlizen hitzaldi bat eskainiko dute, eta, era berean, Urdulizen beste saio bat antolatzeko lanetan daudela adierazi dute. Euren asmoa dokumentala ahalik eta leku gehienetan partekatzea da, Palestinako egoera bigarren planoan gera ez dadin.



Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun