Al Kamandjati dokumentala

Luis Artola eta Iñaki Lagos: "Palestinarrek han egotearekin bakarrik erresistentzia egiten dute"

Laura Fontalba Colomo

Al Kamandjati dokumentalaren bidez Palestinan bizi duten errealitatea Euskal Herrira ekarri dute. © IRATXE UGARTETXEA

Palestinako egoera aspalditik izan dute presente. Iñaki Lagos urduliztarrak biolina irakasten du Bilboko Kontserbatorioan; Luis Artola, berriz, Getxon bizi den luthierra da eta BELE Bilboko Euskal Lutheria Eskolan irakasten du. 2026ko otsailean Zisjordaniara joan ziren Al Kamandjatiren lana bertatik bertara ezagutzera.

Gazako kontserbatorioa suntsitu zutela eta musika-irakasleak kanpoan eskolak ematen ari zirela jakin zutenean, zerbait egiteko beharra sentitu zuten. Dantza, kontserbatorio eta BELEko hainbat irakasle elkartu, talde txiki bat sortu eta kontzertu bat antolatu zuten. "Oso polita izan zen", gogoratu du Lagosek; baina bazekiten zerbait gehiago egin gura zutela. Orduan sortu zen galdera: "Eta luthierrekin zer gertatu ote da?". Bilatzen hasi, eta Ramallahko Al Kamandjati proiektua ezagutu zuten. "Shehada Shalaldarekin harremanetan jarri ginen, eta hortik sortu zen Zisjordaniara joateko aukera", azaldu du Artolak.

2026ko otsailean joan ziren Al Kamandjatiren lana bertatik bertara ezagutzera. Elkartearen ezaugarri nagusienetako bat errefuxiatuekaz egiten duen lana da. "Bagenekien errealitatea oso gogorra zela, eta hori kontuan edukita joan ginen; baina gu zortedunak gara, pribilegiatuak gara, europarrak gara, eta han beste modu batera errespetatzen gaituzte", onartu dute. Hori dela eta, bidaian nahiko lasai sentitu zirela diote, bazekitelako ez zela gauza bera Ramallahen edo Jerusalemen egotea, edo "kolonoen erasoak zuzenean jasaten dituzten herri txikietan egotea"; eta, gainera, Al Kamandjatiko jendeagaz ibiliko zirela bazekiten.

Bidaian, eguneroko bizimodua baldintzatzen duten egoerak ere ezagutu zituzten: checkpointak, bide itxiak eta joan-etorrietako etenak, besteak beste. "Irakasleek kontatzen ziguten askotan ezin zutela lekuetara heldu, edo orduak eman behar zituztela bideak pasatzeko. Batzuek jipoiak ere jaso izan dituztela…; irakasle batek kontatu zidan: ‘Atzo, autoa txarto zegoelako, asentamendu batean gelditu behar izan nuen, eta tirokatzen hasi ziren…’ Hori egunerokoa da han", tamaldu du Artolak. Izan ere, Israelek dena kontrolpean daukala ere ikusi zuten: "Han ikusten duzu sarraskia aurrez aurre, eta konturatzen zara errealitatea zein den".

Al Kamandjati elkartea

Al Kamandjatiren filosofia ulertzeko, haren sortzaile Ramzi Aburedwanen historia nabarmendu dute. Aburedwan errefuxiatuen kanpamendu bateko umea izan zen, biolentzia etengabeko egoera batean hazitako umea, eta zortzi urtegaz nazioarteko ikur bihurtu zen, argazki batean harri bat jaurtitzen agertzen zelako. 17 urte zituenean, elkartasun-brigada moduko batzuk heldu ziren musika irakastera, eta, musikaz eta biolinaz maiteminduta, Europara ikastera etortzea erabaki zuen. Artolaren arabera, Aburedwanek musikaren bidez errefuxiatuen kanpamenduetako umeei beste bide bat erakutsi gura die, indarkeriaren zurrunbilotik irteteko, erresistentziari uko egin barik: "Harriak soinu bihurtu gura ditu". Horren harira, Lagosek eta Artolak palestinar askoren hitzak gogoratzen dituzte: "Gu ez gara hemendik joango, hemen mantenduko gara, eta eutsi egingo dugu". "Guztiarekin erresistentzia egiten dute; Palestinarrek han egotearekin bakarri erresistentzia egiten dute", berretsi du Artolak.

Palestinarren erresistentzia 

Ikusi zuten moduan, palestinarrek artearen, musikaren, pinturaren edo jokoen bidez, kolonizazioari aurre egiteko adierazpideak sortzen dituzte; musika amorrua ateratzeko, askatzeko eta sendatzeko erabiltzen dute. Horregatik, euren lehenengo inpresioa "musikari itzelak" direla izan zen. "Laguntza beti dator ondo, eta instrumentuak konpontzea edo baliabideak eramatea garrantzitsua da; baina han behar dutena haiek bakean uztea da", azaldu du Lagosek. "Gaitasun handia duen herria da, jakituria handia duena, kultura-maila handikoa, ezagutza, ikasketak… gure beharra ez dute ezertarako behar", berretsi du Artolak.

Lagosen arabera, bertatik zeozer ekarri badu, "musikaren garrantzia" izan da. "Palestinarrek esaten zuten musika oso garrantzitsua dela euren identitatea mantentzeko. Batzuetan badirudi galtzen ari direla zer den palestinarra izatea, baina musikaren bidez oso argi daukate euren identitatea, euren musika eta euren kultura zein diren. Eurek asko aipatzen zuten hori", dio.

Era berean, musikak beste alde batzuk ere izan ditzakeela ohartarazi du Artolak: "Kolonizatzaileek ere musika erabiltzen dute, eta nazioartean euren artistak zabaltzen saiatzen dira, euren burua zuritzeko eta munduari erakusteko gizaki onak direla, gauza ederrak egiten dakitela. Israelek hori egiten du". Horregatik, musika "oso tresna indartsua" dela azpimarratu dute.

"Egin genuen gauzarik garrantzitsuena gure begiekin ikustea, kameraz grabatzea, entzutea, gordetzea eta gero hemen zabaltzea izan zen. Gure funtzio handiena Euskal Herrian euren ahotsa izatea dela konturatu ginen".

Hasieran, irakasle eta luthier gisa euren ezagutzak partekatzeko asmoz joan baziren ere, han euren egitekoa beste bat zela ulertu zuten. "Ni laguntzera nindoala pentsatzen joan nintzen, baina han konturatu nintzen gehiago entzun behar nuela", dio Lagosek. Artolak ere ideia bera azpimarratu du: garrantzitsuena ez zela zerbait irakastea, baizik eta haiekaz egotea: "Egin genuen gauzarik garrantzitsuena gure begiekin ikustea, kameraz grabatzea, entzutea, gordetzea eta gero hemen zabaltzea izan zen. Gure funtzio handiena euren ahotsa hemen izatea dela konturatu ginen".

Hala ere, badago Artolak eta Lagosek egindako beste zeregin garrantzitsu bat: instrumentuak eramatea. "Instrumentuak behar zituztela esan ziguten, eta aukera izan genuenean, bi biolin eraman genituen ezin genituelako 14 eraman. Geuk soinean eraman behar genituelako, eta kontrol guztietatik pasatu behar ginelako", onartu dute. Bi biolin horiek, gainera, esanahi handiagoa zuten: hemengo ikasleek egindakoak ziren. "Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen dira helburu horietarako, gizarte-helburuetarako. Instrumentu horiek hara eramatea izan zen egin genezakeen gauzarik politenetako bat", adierazi du Artolak. Bueltan, bazekiten han ikusitakoa partekatzeko ardura zutela; horregatik, materialari forma emateko, Aitor Gisasolagaz harremanetan jarri, eta Al Kamandjati dokumentala sortu zuten.

Hurrengo urratsak

"Guk ez dugu genozidioaren inguruko hitzaldi bat bakarrik egin gura; herri bat dagoela erakutsi gura dugu, gastronomia, paisaia, kultura eta musika daukana".

Orain, beste urrats batzuk eman gura dituzte, eta, dokumentala abiapuntu hartuta, Euskal Herriko hainbat herritan hitzaldiak egiten hasi dira. "Guk ez dugu genozidioaren inguruko hitzaldi bat bakarrik egin gura; herri bat dagoela erakutsi gura dugu, gastronomia, paisaia, kultura eta musika daukana", azaldu du Lagosek. Euren arabera, hitzaldietara joaten den jendea "harrituta eta hunkituta" geratzen da, eta Palestinari buruz dituen hainbat aurreiritzi berrikusten ditu. Barikuan, urriaren 16an, arrastiko 19:00etan, Urdulizko Kultur Etxean ikusi ahal izango da. 

Aurrera begira, palestinar musikari batzuekaz Euskal Herrian zerbait egiteko asmoa ere badute. "Palestinakoa konpontzeko hemen ere lana egin behar da. Europako eta Euskal Herriko konplizitateak daude Israelgo Estatuak egiten ari dena egiten jarraitzeko, eta konplizitate horiek eten behar dira. Baina, aldi berean, oso garrantzitsua da hemengo jendeak hango egoera, hango herria eta hango jendea ezagutzea", azpimarratu du Lagosek.

Egoera gogorra bada ere, bidaian gehien harritu zieten gauzetako bat, bertako herritarren indarra izan zen. "Ez dira sekula umorea galtzen duten pertsonak; egoera oso gogorra izan arren, oraindino badute arnasa hartzeko gaitasuna. Hiri handietan agian ez da hainbeste nabaritzen, Ramallahn oraindino badago arnasgune bat; baina kanpoaldeetan eta herri txikietan oso gogorra da", nabarmendu du Artolak. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun