Subflubiala Ez! plataformak zuhaitzen herri errolda egin du Artatza parkean

Laura Fontalba Colomo

© SUBFLUBIALA EZ! 

Atzo, urriaren 18an, hainbat herritarrek ondare naturala identifikatu eta katalogatu zuten, itsasadarraren azpiko tunelaren obren ondorioz Aldundiak aurreikusitako zuhaitz-mozketa masiboa salatzeko. 

Domekan, hamarnaka herritar bildu ziren ibaipekoaren obren ondorioz moztuko liratekeen zuhaitzen errolda herrikoia egiteko. Azaldu zutenez,  suntsitu gura duten ondare natural eta sozialari izena eta balioa emateko, mehatxupean dauden zuhaitz helduak banan-banan identifikatu zituzten.

Jardueraren bidez, plataformak 52 astigar, 49 akazia, 25 ezki, 12 haritz, 11 pinu eta 10 erramu zenbatu zituten, gehienak 60 eta 90 urte bitartekoak. Horrez gain, albo handi bat ere identifikatu zuten, 4'5 metroko perimetroagaz eta 150 urte inguruko antzinatasunagaz.

Zuhaitz horien guztien ordez, Aldundiak  10-12 zentimetro inguruko enborra duten zuhaitzak landatu gura dituela salatu zuten, baita zuhaitz horiek hamarkadak beharko dituztela ere "egungo zuhaitzek xurgatzeko eta itzala emateko duten ahalmena eta itxura lortzeko".

Artatza Parkea 

Plataformak denbora luze darama itsasadarraren azpiko tunelaren obrak bertan behera uztea eskatzen. Egoera horren aurrean, Artatza parkearen hondatzea salatu dute; izan ere, parke hori Leioa eta Getxo arteko azken birika berdea dela ohartarazi dute, eta tenperaturen igoerari eta bero-boladei "aurre egiteko ezinbesteko babesleku klimatiko naturala" dela.

Horren harira, ibaipekoak trafiko gehiago eragingo duela gogorarazi dute, berotegi efektuko isuriak handituz eta airearen kalitatea okertuz, herritar guztien eta, bereziki, ume eta adinekoen osasuna kaltetuz.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun