Urriaren 1ean, Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ibaipekoaren obrek iraun bitartean Artaza parkearen inguruan zarata-mugak kenduko dituela argitaratu zuen. Erabaki horren ondorioz, Ingurumen Inpaktuaren Txostenak institutuko patioan zarata-maila legalak "1.300 lanegun baino gehiagotan" gaindituko liratekeela zehaztu zuen; eraikin nagusian, 800 baino gehiagotan; eta eskolan, 600 lanegun baino gehiagotan, baita auzokideen etxebizitzetan ere. "Ez da jarduera zehatz baterako etenaldi puntuala. Aldiz, obrak iraungo duten sei urte baino gehiagotan, biztanleria-dentsitate handia eta hainbat ikastetxe dituen auzo baten babes legal akustikoa bertan behera utziko da", salatu zuen plataformak.
Bestalde, zulatzeko makinen, leherketen eta kamioien zaratari, airean sortutako "hauts-partikulak" gehitu behar zaizkiola ohartarazi zuen plataformak; eta eragin horiek obrak amaitu ostean ere bertan jarraituko dutela salatu zuen. Izan ere, Aldundiak autoen kopurua %33 handituko dela aurreikusten du; hori dela eta, "zarata eta berotegi-efektuko gasen eta partikula kutsatzaileen isuriak" handituko direla iragarri zuen, eta horrek airearen kalitatea okertuko duela eta pertsona zaurgarrienak bereziki mehatxatuko dituela; hala nola, adinekoak edo institutuko ikasleak.
Hori guztia dela eta, beste behin ere, Subflubiala EZ plataformak alegazioak aurkeztuko dituela iragarri zuen; eta, berriz ere, obrak bertan behera uztea eta diru hori garraio publikoa hobetzera bideratzea eskatu zuen.