Musika zaratatsua egiten dute, baina lasaitasuna dute lan egiteko abiapuntu. Ez dute diskoak argitaratzeko egutegi zorrotzik, ezta kontzertuak bata bestearen atzetik lotzeko premiarik ere. Bixonte Dort sortu zutenean, Igor Cuestak eta Aitor Laraudogoitiak argi zuten zer gura zuten: beste talde batzuetan aurkitu ezin zuten sormen-tarte bat, musika presarik gabe egiteko aukera.
Aurretik ezagutzen zuten elkar, eta antzeko musika entzuten zutela ikusita, elkartzen eta ideiak probatzen hasi ziren. Biek zituzten bestelako proiektuak martxan, baina oraingoan beste modu batera lan egin gura zuten. "Beste taldeetan etengabeko jarduera izaten genuen, kontzertuak antolatu eta aurrera jarraitu beharra. Hemen, aldiz, lasai sortzeko proiektu bat nahi genuen", azaldu dute.

Lasaitasun horrek, ordea, ez du zerikusirik egiten duten musikaren intentsitateagaz. Rockaren alderik gordinena lantzen dute, gitarra eta bateria hutsez, baina ohiko talde baten dinamikatik aldentzeko asmoagaz. "Soinu gordinak gustatzen zaizkigu, hortik gatoz. Baina ez dugu disko bat data jakin baterako atera behar, ezta dena aurretik programatuta eduki behar ere. Askatasunez egin gura dugu".
Bi musikari, sortzeko beste modu bat
Bikotearen formatuak baditu bere berezitasunak. Talde handiago batean musikari gehiagoren artean banatzen diren lanak bien esku geratzen dira hemen, eta horrek konposatzeko modua ere baldintzatzen du. Batzuetan, musika, erritmoa, letra eta diseinu grafikoa batera sortzen dira, ideia beraren parte balira bezala.
Bien artean erabakitzen dute zer mantendu, zer baztertu eta abesti bakoitzari zer falta zaion. Askatasun handiagoa ematen die horrek, baina baita lan gehiago ere. "Talde arrunt batek lau kanta egiten dituenerako, guk agian bat egingo dugu. Bira bi eman behar diogu gauza bakoitzari", diote. Hala ere, ez dute eragozpen moduan ikusten. Hain zuzen, bilatzen zuten lan egiteko modua dela azpimarratu dute.
"Talde arrunt batek lau kanta egiten dituenerako, guk agian bat egingo dugu. Bira bi eman behar diogu gauza bakoitzari"
Sormen-prozesu horren lehen emaitza izen bereko EPa da. Taldearen aurkezpen-gutun gisa ulertzen dute, eta horregatik erabaki zuten beste kontzeptu edo izen baten bila ez joatea. Bertan, rockaren barruko hainbat molde uztartu dituzte, tartean pieza instrumental bat eta euskaraz zein gaztelaniaz abestutako kantak. Ez dute euren musika etiketa bakar baten barruan sartu gura; hau da, proiektuaren nortasuna erakustea dute helburu.
Grabatzeko orduan ere filosofia horri eutsi diote. Eten Espazio Sonoron landu dute diskoa, Urtzi Izaren laguntzagaz, eta abestien oinarria zuzenean jo dute, entsegu-lokalean egingo luketen antzera. Ondoren grabatu dituzte ahotsak eta zenbait moldaketa, baina kantuen zatirik handiena bi musikariek aldi berean jotakoa da.
"Gure esentzia ateratzea zen helburua, ez dena perfektu uztea", azaldu dute. Horregatik, grabazioan ez dute soinu gordina leuntzen saiatu, bikoteak zuzenean sortzen duen energia jasotzen baino. Ekoizlearen lana ere nabarmendu dute, hasieratik ulertu baitzuen proiektuak zer behar zuen; hots, geruza gehiago gehitu beharrean, bi instrumentuen indarra lehen planora ekartzea.
"Ea bukatzen duten": musikaren beste aldeari begira
Lehen singleak, Ea bukatzen duten abestiak, musikaren inguruan duten kezka bat jartzen du mahai gainean. Urteetan underground eszenan ibilitakoak dira biak, eta euren ustez, asko aldatu da musika egiteko zein kontsumitzeko modua. Areto txikiek, gaztetxeek lehen zuten lekua galtzen joan direla sumatzen dute, makrokontzertuek eta ikuskizun handiek gero eta protagonismo handiagoa hartu duten bitartean.
"Lehen inplikazio handiagoa zegoen gaztetxeetara joateko eta bertan antolatzen ziren ekimenetan parte hartzeko. Uste dugu musikagaz genuen harreman horretatik zerbait galdu dela", diote.
"Lehen inplikazio handiagoa zegoen gaztetxeetara joateko eta bertan antolatzen ziren ekimenetan parte hartzeko. Uste dugu musikagaz genuen harreman horretatik zerbait galdu dela"
Ez dute aldaketa hori norbaiten errutzat jotzen, eta badakite musikagaz harremantzeko beste modu batzuk ere badaudela. Hala ere, entzuleek gero eta gehiago ikuskizun handia bilatzea kezkatzen ditu, horren atzean dauden musikari eta proiektu txikiei erreparatu barik: "Talde handi baten aurretik ere badago zerbait: kantak daude, jendea dago, musikariak daude. Batzuetan, ez dira hainbeste kontuan hartzen".
Abestiaren bidez, hain zuzen, gertuko eszenari berriro begiratzeko gonbita egin gura dute. Ez dute uste talde batek baliabide handiak edo soinu perfektua behar dituenik zuzenean gozatzeko. Lehen, diotenez, nahikoa izaten zen kontzertu batera joatea, talde berri bat ezagutzeko gogoa izatea eta bertan sortzen zen giroaren parte sentitzea.
Arrakasta beste modu batera ulertuta
Ez dakite bost urte barru zenbat disko argitaratuko dituzten edo zenbat kontzertu emango dituzten, eta ez dirudi horrek gehiegi kezkatzen dituenik. Bixonte Dort sortzeko arrazoietako bat, hain zuzen, musikagaz duten harremana denboran mantendu ahal izatea izan da, jarduera etengabe baten presioak baldintzatu barik.
"Kontzertuak egin gura baditugu, egingo ditugu; konposatu gura badugu, konposatuko dugu. Gure erritmoan aritzeko aukera ematen digun proiektua da", azaldu dute. Uste dute modu horretan aukera handiagoa dutela urteakaz musika egiten jarraitzeko, bestelako betebeharrek edo norberaren bizitzako aldaketek taldea bigarren planoan uzten dutenean ere.

Disko gehiago saltzea, entzule kopurua handitzea edo gero eta agertoki handiagoetan jotzea ez dira euren lehentasunak: "Musika modu xumean egiten badugu, geure beharrak asetzeko, hori berez arrakasta dela uste dugu".
Azken batean, beste talde batzuetan pilatutako esperientziak erakutsi die zer gura duten eta, batez ere, zer ez duten errepikatu gura. Oraingoan, sormenari bere lekua uztea erabaki dute, emaitza etengabe neurtzeko beharrik gabe. Horregatik, euren lehen lana hitz gutxitan definitzeko eskatuta, erantzuna ere argia dute: "Arrakasta bilatzen ez duen disko bat".