HIRUKAko kazetariak, 38. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko finalisten artean

Laura Fontalba Colomo

Menopausia erreportaje sorta lau finalisten artean aukeratu dute. © ANDOAINGO UDALA

Bi sari nagusi emango dituzte, biak maila berekoak, 9.000 eurokoak: Kazetaritza saria bata eta Komunikazio saria bestea. Helburua euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren "kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza" sustatzea da.

Andoaingo Udalak antolatuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesagaz, azaroaren 20an, 38. Rikardo Arregi Kazetaritza saria banatuko dute Andoaingo Bastero Kulturgunean. Epaimahaikideek 2025eko irailaren 16tik 15era egindako lanak hartu dituzte kontuan. Guztira zortzi finalista izango dira, lau Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazio Sarirako. Irabazleek 9.000 euro eta Xabier Laka eskultoreak egindako oroigarria jasoko dute. Aurten, zorionez, HIRUKAko Menopausia erreportaje sorta Kazetaritza Sariko lau finalisten artean aukeratu dute.

2026ko apirilean, Izaro Garcia Velaskok eta Ander Zarragak menopausia lehen lerrora ekartzeko erabakia hartu zuten eta HIRUKAko apirileko aldizkariaren azala eskaini zioten. Orain, epaimahaikideek erabaki hori nabarmendu dute erreportaje sorta finalisten artean hautatzeko orduan. Gainera, papereko erreportaje nagusiaz gain, webgunean lau elkarrizketa eta kale-inkesta bat argitaratu izana ere nabarmendu dute, psikologo, sexologo, fisioterapeuta, emagin, ginekologo eta herritarren ahotsak uztartuta. 

Bestalde, bereziki azpimarratu dute bi kazetariek menopausiaren inguruko bizipenak eta ondorio pertsonal zein sozialak hainbat ikuspegitatik landu izana, baita gaiari buruzko informazio erabilgarria eskaintzea ere. Era berean, lana “Uribe Kostatik landutako tokiko kalitatezko kazetaritza” dela nabarmendu dute.

Aurtengo epaimahaia Miren Berasategi Zeberiok, Eneko Bidegain Airek, Itxaro Bordak, Angel Errok, Pantxika Maitiak eta Libe Mimenzak osatuko dute; eta mahaiburua Marta Lasa Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia izango da.

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Lehen deialdia 1988-1989an egin zuten, eta lehen sari-banaketa 1989an izan zen; hortaz, euskarazko kazetaritzaren saririk beteranoenetakoa da. 

Kazetaritza Saria ohiko kazetaritza-lanei zuzenduta dago: egunkari eta aldizkarietan, hedabide digitaletan, irratian edo telebistan euskaraz argitaratutako lanei. Komunikazio Saria, berriz, euskarazko komunikazioa molde edo formatu berrietara eramaten duten proiektuak saritzen ditu; euskal komunitatean duten eragina eta teknologiaren erabilera berritzailea bereiziki kontuan hartzen.

 

Erlazionatuak

Menopausia: gorputza ulertzeko beste etapa bat

Izaro Garcia · Ander Zarraga api 21 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun