Sernak egun krisi kapitalista bete-betean gaudela azaldu du, kapitalismoaren arazoak are gehiago gordintzen dituena, besteak beste, langile-klasearen pobretzea eta faxismoaren eta ideia baztertzaileen zabaltzea. Horren aurrean, gazteen despolitizazioagatik kezkatuta abiatu zuten Belarrijana bideopodcasta, "errealitatea ulertzeko eta hari aurre egiteko tresnak emateko eta ideia politikoen transmisiorako, betiere termino komunistetan", Sernaren esanetan.
Gazteek egun informatzeko gehienbat sare sozialak erabiltzen dituztelako aukeratu zuten bideopodcast formatua; haatik, horrek hainbat buruhauste eta gogoeta ekarri dizkie ere: "Gai serioak banalizatzeko arriskua dago, formatuak berak ere ez du ahalbidetzen ideiak askorik garatzea… Dena den, argi dugu Belarrijana ezin dela izan gazte langileak politizatzeko tresna nagusia, baizik eta gerturatzeko modu bat, gerora ideia politiko sakonagoak ulertzera zein antolatzera bultzatuko dituena".
Sernarentzat euskaraz hitz egitea "ez da hautu pertsonal soil bat, baizik eta hautu politiko kontziente bat". Egun euskarak instituzioetan nolabaiteko presentzia duen arren, esparru informalean bere erabilera oso baxua da, eta gazte askok ez dute uste euskarak "euren behar komunikatibo guztiak ase ditzakeenik", Sernaren aburuz. Zentzu horretan, euskararekiko konpromiso argia dute Belarrijanakoek: "Euskarazko erregistro zein baliabide kultural desberdinak garatu behar ditugu, ahalik eta sektore gehiagotara heltzeko".
"Euskarazko erregistro zein baliabide kultural desberdinak garatu behar ditugu, ahalik eta sektore gehiagotara heltzeko".
Hori Mugimendu Sozialistaren jardunagaz estuki lotuta dagoela adierazi du Sernak: "Euskara ez galtzeko, langile klasearen kapa guztietara heldu behar da, erdaldunetara ere bai. Euskara era esklusiboan baino, era inklusiboan landu behar dugu, hau da, ezin gara mugatu jada euskaldunak diren horien arteko erabilera bultzatzera. Eta euskara hegemonikoa izateko, langileriaren artean hegemonikoa den proiektu baten bidez zabaldu behar dugu, hau da, langile-klase osoarengana gerturatu behar gara, euren behar guztiak aseko dituen proiektu bategaz eta, nola ez, euskara sustatu toki horietan guztietan".