Jonan Ordorika iazko udan joan zitzaigun bat-batean. Kolpe latza izan zen euskal musikagintzan. Musikazale amorratua eta Euskal Herrian izan den soinu teknikari emakorren eta maitatuenetako bat zen. Agertokietan nahiz estudioko mahaian langile porrokatua eta kontaezinak dira berarekin lan egin duten musikariak. Azkarate herrian Argiñenea baserrian zuen grabazio-estudioa. 1991. urtean Angel Katarainekin eta Amaia Apaolazarekin batera zabaldu zuten aipatutako grabazio-estudioa.
Itzalpean lan egiten zuen sortzaile apala izan da baina ezinbestekoa euskal musikagintzako hainbat ekoizpenen kalitatea ontzeko. Bere ekimenaz, 2014an, Lou Reeden kantak euskarara ekarri zituzten hainbat musikarik, Mila Esker izeneko lanean. Iparamerikar sortzailearen bisitaldia ere izan genuen Ordorikaren eskutik.
Loraldian sarritan izan da lanean Ruper Ordorikaren anaia soinua bideratzen. Aitorpena merezi zuen eta hona hemen prestatu duten ikuskizun handia. Bertan hamaika musikari lagun batuko dira eszenan: Hiru truku, Anari, MICE - Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Tapia ta Leturia. Ikuskari honekin lanbide berean aritzen diren euskal beste soinu teknikariak ere omendu nahi dituzte.
Bilboko Arriaga Antzokian izango da ikuskizuna, martxoaren 12an, asteazkenean, 19:30ean.
Zozketan parte hartu gura baduzu, martxoaren 2a (domeka) baino lehenago bete ondoko formularioa.
BAZKIDE ZENBAKIA atalean jarri 000, mesedez.