Javier Campok, idazle eta organista, hitzaldi bat emango digu, denok ezagutzen eta miresten ditugun musika klasikoko musikagileek bere garaian jaso zituzten kritiken berri emateko. Ez ziren beti imajinatu genituenak izan, eta oraingo honetan ezin hobeto islatzen dute beren lanak estreinatu ziren egunetan zeuden ikusleen sentipena. Jakin nahi duzu zer idatzi zuten beren lanen kritikari garaikideek estreinatu zirenean? Zer erreakzio izan zuen publikoak Beethovenen 9. sinfoniaren, Mahlerren 2. sinfoniaren, Pucciniren Turandot operaren edo Bizeten Carmen operaren estreinaldira joan zenean? Harrituko zaitu, irribarre egingo duzu eta tarte atsegin bat pasatuko duzu "Erromantikoa" deituriko garaiko musikaz eta musikariez zerbait berria deskubritzen. Ziur denok ikasten dugula zerbait haiengandik eta haiekin. Sarrera librea plazak bete arte.
Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau? 2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat. 2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna... Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean? Nola eman liezaioke zentzua bere lanari eszenatokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean? Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea? Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri.