HAPOa "oso aurreratuta" dago EAJren alkategai Roberto Muñozen berbetan, eta "azken bultzada" ematea da udal-agintaritzan errepikatzeko helburuagaz aurkeztu den hautagaiaren asmoa. "Tresna hori onartzea ezinbestekoa da Barrika garatzeko", adierazi du Muñozek. Aurten bertan gura luke jeltzaleen zerrendaburuak plana behin betiko onartzea.
Beste alde batetik, autorik ezean mugikortasun-arazoak dituztenentzat "auzotaxi" zerbitzua sortzeko asmoa agertu du EAJk. "Zerbitzu horrek etxeetatik gune estrategikoetara eroango luke jendea, hala nola metro-geltoikietara, osasun-etxeetara, Urdulizko ospitalera... eta gero handik etxera bueltan". Zerbitzu hori ere 2019an martxan ipini gura du Roberto Muñoz alkategaiak.
Hirugarrenik, piraguismo-kluba eta Udal Lan Brigada hartzen dituen eraikina berritzea dago EAJren agendan. "Badago proiektu bat mahai gainean, eta hura gauzatzeko 85.000 euro", adierazi du Muñozek.