"Gizartean dauden desparekotasun- eta bereizkeria-egoerak zuzentzeko xedez", kalera ateratzeko deia egin du Barrikako Emakumeen Hitza elkarteak. Lehenik, Emakumeen biribilgunean batuko dira, 11:45ean, elkarretaratzea egiteko eta manifestua irakurtzeko, eta ondoren,12:00etan, Barrikako Udalak sortutako Emakumeen Etxea inauguratuko dute.
Ekitaldian hainbat emankizun egingo dituzte. Besteak beste, herriko euskal dantza taldeak, Irene Fraile abeslariak, antzerki-taldeak eta Paule Loizaga bertsolariak hartuko dute parte. Amaitzeko, Barrikako emakumeen omenezko bazkaria egingo dute seigarrenez.