Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2020

"Antolatu indarrak, batu borroka feministara"

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 5a, 11:42

Greba feministaren artxiboko irudia.

Indarrak antolatzeko eta borroka feministara batzeko deia egin du Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako mugimendu feministak. Hala, hainbat jarduera antolatu dituzte egunotarako, bihartik, barikutik, hasita eta domekara bitartean.

Bihar, barikuan, Arquetipos de mujer izeneko antzerkia egingo dute Plentziako Goñi Portal kultur etxean, 20:00etan. Hurrengo egunean, zapatuan, aldiz, ekitaldiak Gorlizera egingo dute salto. Egun horretan martxa lila egingo dute, Eleiz plazatik abiatuta, 18:00etan. Ondoren, bideo-proiekzioa eta hainbat ekimen egingo dituzte eta egunari amaiera emango diote poteo-musikatu bategaz, 20:00etatik hasita.

Martxoaren 8an, domekan, aldiz, emakume langileak gogoan hartzeko egitarau oparoa antolatu dute lau herrietako talde feministek. Goizeko 10:00etan hasiko dute eguna, Plentziako Ontziola plazan egingo duten gosariagaz. Ondoren, behin indarrak batuta, kontzentrazioa egingo dute Barrikako "Emakumeen Rotondan", 11:45ean. Ordu laurden beranduago, 12:00etan, Barrikako emakumeen etxearen inaugurazioa egingo dute eta eguerdian, 13:45ean, manifestazioa egingo dute Plentziako "Piruli" gunean. Arrastian, aldiz, kotxe-karabana abiatuko dute Plentziako metro geltokitik, 17:45etik aurrera eta 19:00etan bide-proiekzioa egingo dute Armintzako kultur etxean.

Bestalde, Plentziako Udaletik hurrengo egitaraua antolatu dute egunotarako:

EGITARAUA

Martxoak 5, eguena

  • 19:30ean “Emakumeen begiradak” margolan eta argazkien erakusketa kolektiboa. Ekitaldian Gemma Martinez aktoreak antzeztutako “Terapia de grupo” bakarrizketa izango da ikusgai. Goñi Portalen.

Martxoak 6, barikua

  • 20:00etan antzerkia: Arquetipos de mujer, Juana Loreren sorkuntza bat. Araldik antolatuta. Goñi Portalen. Pieza eszeniko honek, emakume bakar batean bizi daitezkeen emakume guztiak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak planteatzen ditu, greziar jainkosen eta gaur egungo emakumearen arteko zubi bat ezarriz. Ondoren solasaldia egongo da.

Martxoak 8, domeka

  • 11:00etan Ontziola plazan, Udaletxeko eskaileretan. Elkarretaratzea Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Astilleron. Goiz osoan zehar. Artisautza azoka. Emakume artisauek beren lana plazara aterako dute sektorean duten papera aldarrikatzeko eta ikusarazteko.

Martxoak 11, 18 eta 25

  • 17:00etatik 19:00etara: Lilagunea. Jabekuntza tailerra. “Ez ero ez sumisa. Feministak gara”. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Aurrerago jakinaraziko da izen emateak nola formalizatu. Uribe Kostako Mankomunitateak antolatuta. Goñi Portalen.

Martxoak 13, eguena

  • 19:30ean antzerkia Toca ganar.  Sinopsia: Serorategi zahar batean, lekaimeen talde txiki batek bizirauteko bere burua berrasmatu behar izan du eta komentua berreraikitzeko gastuei aurre egiteko formulak aurkitu bertan jarraitzeko… Goñi Portalen. Lezamako antzerki tailerreko “Ausartak” taldearen proposamen bat da. Emakumez osatua, urtero obra bana estreinatzen du, martxoaren 8a eta azaroaren 25a direla eta.

Martxoak 28, zapatua

  • 18:00etan Sorgiña Txiruliña. Umeentzako ipuin kontaketa saioa. “Emakume paregabeak eta berdintasuna”. Goñi Portalen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun