EAJko lau zinegotziek Itziar Unibaso hautagaia bozkatu zuten; EH Bildukoek Xabier Errementeria euren hautagaia, eta iBarrikako Jose Mari Elorriagak bere burua bozkatu zuen. Hartara, EAJ zerrendarik bozkatuena zenez, Itziar Unibaso bilakatu da Barrikako alkate datozen lau urteetarako. Roberto Muñozen lekukoa jaso zuen, Udalbatzaren zuzendaritzan zortzi urtez egon ostean.
Zapatuko osoko bilkuran,IBarrikako hautagaiak zerrenda bozkatuena errespetatzeko hitza bete du. Horretarako, EH Bilduren eskaintza errefusatu du, "udal gobernuan sartzea" proposatzen ziena, "jeltzaleen nagusitasunarekin amaitzeko eta herriarekiko komunikazioa errazteko". Oraingoz, airean dago independentea udal-gobernuko kide izango den ala ez.
Unibaso Kultura, Berdintasuna eta Ongizate zinegotzia izan da Udalean 2019tik, eta, orain, bere lehentasunen artean udalerriko auzoen arteko konexioak hobetzea dagoela iragarri du.