Barrika
EAJko Miren Itziar Unibaso izango da Barrikako alkate berria, iBarrika talde independenteak bere burua bozkatu ostean. Udal-hauteskundeetan, EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru bera lortu zuten, launa ordezkarigaz; ondorioz, berdinketa teknikoa egon da alderdi bien artean. Aitzitik, EAJ alderdi bozkatuena izan denez, gutxiengoan gobernatzea lortu du, iBarrikak eta koalizio abertzaleak euren hautagaitzak bozkatu eta gero.
© EH Bildu Barrika
Berango
Berangon, Itziar Aginagalde Avedillo jeltzaleak hartu du gaur aginte-makila, eta Anabel Landa alkatearen lekukoa hartuko du tokiko Udalaren gidaritzan. Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen emaitzen ondoren EAJk gehiengo osoa galdu zuen arren, zinegotzi bat galduta, gaurko bozketan gehiengoa berreskuratzea lortu du sozialistakaz egindako akordioari esker. Izan ere, Aginagaldek jeltzaleen 6 botoez gainera, sozialisten botoa lortu du; EH Bilduk (4 zinegotzi) bere hautagaia bozkatu du, eta Elkarrekin Podemosek ere berea.
© BERANGOKO UDALA
Erandio
Erandion ez da sorpresarik egon eta Aitziber Olibanek agintean jarraituko du hurrengo lau urteetan. EAJren alkategaiak bere alderdiko zortzi botoez gain, PSE-EEren lau zinegotzien babesa ere jaso du, orain arteko akordioagaz jarraituz. EH Bilduk bere sei zinegotzien botoak eta Elkarrekin Podemoseko bien babesa jaso du eta, beraz, ezkerreko alderdiei elkartzeko egin zien proposamena ezerezean geratu da. Azkenik, Udalbatzan sartzea lortu duen PPko zinegotziak bere buruari eman dio botoa.
Getxo
Getxoko Udalbatza osatu dute eta Amaia Agirre EAJko alkategaiak kargua berretsiko du, baina, oraingoan, jeltzaleek ez dute gehiengoan aginduko. EAJren hautagaiak Udalbatzako 25 zinegotzien 12ren babesa lortu du (bederatzi EAJrenak eta hiru sozialistenak), PPren hautagaiak bere ordezkarien sei botoak jaso ditu, EH Bilduk ere bere zinegotzien sei boto izan ditu, eta Elkarrekin Podemosen hautagai bakarrak bere burua bozkatu du. Horrenbestez, Agirre gutxiengoan izendatu dute Getxoko alkate 2023-2027 agintaldirako eta gainerako alderdi politikoakaz akordioak egin beharko ditu gobernatzeko.
Gorliz
Gorliz Birizik herri-plataformako Ekaitz Pau aukeratu dute alkate gaur goizean bere alderdiko bost botoei esker. Ez da ezusteko albistea izan: maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan boto gehien jaso zituen Gorliz Bizirik-ek; hala, bere lehen agintaldiari ekingo dio Udalean. Ekaitz Pau buru zuen zerrendak 1.009 boto lortu zituen (botoen % 32,77). Bestalde, EH Bilduk 943 boto eskuratu zituen (botoen % 30,63), aurreko legealdiko lau zinegotziei eutsiz. EAJk aldiz, 877 botogaz (botoen % 28,48), aurreko legealdian zituen sei zinegotzietatik bi galdu ditu.
Leioa
Iban Rodriguezek Leioako aginte-makilari eutsi dio PSE-EE alderdiaren babesari esker. EAJk zinegotzi bat galdu eta maiatzaren 28an 1987tik emaitzarik txarrenak izan arren, Alkatetzari eutsiko dio PSE-EEgaz akordioa errepikatuta. Rodriguezek zortzi zinegotzi jeltzaleen eta hiru sozialisten babesa jaso du.
Lemoiz
EH Bilduko alkategai Jesus Mari Arizmendik jaso du oraingoan aginte-makila Lemoizen, maiatzaren 28ko hauteskundeetan EAJk baino zinegotzi bat gehiago lortuta. Izan ere, koalizio abertzaleak bost zinegotzi izango ditu oraingo legegintzaldian Udalbatzan, jeltzaleek lau dituzten bitartean.
Plentzia
Aitor Garagarzak Plentziako Udaleko aginte-makila jaso du, aurreko maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu ostean. EH Bilduk Alkatetza bereganatu du, egintzeko negoziatzeko beharrik izan gabe, 11 zinegotzietatik sei lortu baitituzte.
© EH Bildu Plentzia
Sopela
Sopelan EH Bilduko Guruzne Carrassonek eskuratu du Alkatetza Elkarrekin Podemosen eta talde independenteen laguntzari esker. Udal-hauteskundeetan, EAJk sei zinegotzi eskuratu zituen eta koalizio abertzaleak zortzi, gehiengo absolututik puntu erdira. Beraz, azkenean, EH Bildu gailendu da udalerriko gobernu talde berrian.
Urduliz
Urdulizi dagokionez, EH Bilduko Itziar Iratzagorriak jaso du aginte-makila Elkarrekin Podemosen babesari esker. Izan ere, azken horrek alderdi abertzaleari babesa eman dio EAJ Alkatetzatik kentzeko xedeagaz. Udal-hauteskundeetan EAJk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru berdina lortu zuten, boto kopuruan jeltzaleak gailendu ziren arren; Elkarrekin Podemosek, aitzitik, ordezkari bakarra eskuratu zuen, eta haren botoa izan da erabakigarria.