Sanchez iazko martxoaren 5ean Espainaratu zuten, Auzitegi Nazionalak balizko terrorismo delituagatik epai zezan. Halere, epaiketa ez zen abiatu azaroaren 2ra arte. Bertan, Sanchezek INEM erakundearen Bilboko bulego bat 2006an leherrarazi izana ukatu zuen, argituz bera Frantzian zegoela orduan. Aurretik bera salatu zuten Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria euskal herritarrek azaldu zutenez, Guardia Zibilaren torturengatik esan zuten Sanchezek parte hartu zuela. Epaiketa bigarren egunean bertan behera utzi behar izan zuten, grabazio eta soinu sistemek hamaika arazo eragin zutelako, 27 milioi euroz zaharberritutako eraikin berrian.
Saioa Sanchez Iturregi 2007ko abenduaren 5ean atxilotu zuten Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia), Asier Bengoa gasteiztarragaz batera, ETAko kideak zirelakoan. 2013ko apirilean, preso berangoztarrari 28 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Parisko Justizia Auzitegiak. Epe horretatik Sanchezek gutxienez zigorraren bi herenak, 18 urte eta zortzi hilabete, espetxean bete beharko ditu, epaiaren arabera. Mikel Carrera Sarobegaz batera, 2007ko abenduaren 1ean Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hil zituela frogatutzat jo zuten epaileek.