Berangoko alkatearen ustetan, Landaidan aurrera eramaten ari diren proiektua "aukera" bat izango da bertoko auzokideentzat, "baita eskualde osoko bizilagunentzat, bai lanpostuen aldetik eta baita eragingo duen erraztasunaren aldetik ere".
Eskualdeko EH Bilduk hilabetearen hasieran adierazitakoaren harira, Anabel Landa "harrituta" agertu da: "Lurralde Zati Plana behin betiko onartzeko Udalbatzara eraman genuen bozketa 2014ko abenduan, eta horretan, EH Bildu abstenitu egin zen. Hori dela-eta, ez dut ulertzen noiztik duten horiek desadostasun hori, orain arte ez baitute hori agertu, Udalean behintzat".
Koalizio abertzalekoek uste dute Berangoko gune horretan sortuko diren lanpostuak "prekarioak" izango direla; halere, Anabel Landaren ustez hori ez da hala izango. "Une honetan ziurtatuta ditudan enpresek sortuko dituzten lanpostuak ez dut uste prekarioak izango direnik; beste leku batzuetan behintzat ez dira prekarioak". Halaber, alkateak ziurtatu du proiektu horrek ez dituela "inola ere" udalerrian lanpostuak kenduko.
Jarduera ekonomikoak garatzeko gunea
Beste alde batetik, Anabel Landa Berangoko alkateak argi utzi gura du Landaida gunean garatuko dena ez dela "Mepagark" bat izango, jarduera ekonomikoak garatzeko gune bat baizik. Azaldu duenez, bertan partzela batzuk egongo dira, eta gura duten enpresek horiek erosi ahalko dituzte. "Ez da bakarrik komertziala izango, komertziala eta hirugarren sektoreari begirako gunea da", argitu du. Hala, gaineratu duenez, Mercadona eta Decathlon dendez gain, gasolindegi bat eta bulegoen eraikin bat eraikitzeko interesa badago bertan. "Dena ez da zertan komertziala izan behar".
Bestalde, duela aste batzuk obretan aztarna arkeologikoak aurkitu zituztela ohartarazi zuen EH Bilduk. Horren harira, Berangoko alkateak dio ez duela inolako berririk horren inguruan. "Obrak egiten dabilen enpresagaz eta Aldundiko Kultura Sailagaz harremanetan jarri naiz, eta inork ez daki ezer horren inguruan", azaldu du. Halere, norbaitek "benetan" horren berri izango balu, Aldundiari abisua emateko eskatu du alkateak. "Dakienak eta Aldundia abisatzen ez duena da kalte egiten duena", adierazi du.
Azkenik, alkate jeltzaleak aitortu du udal bakoitza "libre" dela uste duen jarrera hartzeko; halere, argi utzi gura izan du ez dela euren "konpetentzia".