Udal-hauteskundeak 2019

Erronka berriei eutsi gura die Berangoko EAJk

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 23a, 13:10

Berangoko hautagaitza. © BERANGO EAJ

Berangoko alkatetzan bosgarren legegintzaldia egiteko bidean dago Anabel Landa gaur egungo alkateak: "Erronka barri hau berriztutako ilusioz eta arduraz aurrera eroateko prest nago, nigaz lanean egongo dan lan-taldeagaz batera".

EAJk jakinarazi duenez, maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetara aurkeztuko den taldea udalerriko auzokideak diren gizonak eta emakumeak osatzen dute, "gure udalerria sakon ezagutzen daben pertsonak, baita bere gabeziak eta indarguneak ere", azaldu dute jeltzaleek.

Euren hauteskunde-programan azaldu dutenez, herritarren parte-hartzea da euren lehentasuna, baita gazteentzako babestutako etxebizitza parke handi bat sortzea ere. Azken helburu horri aurre egiteko, hirigintza-lanak abiatuko dute Etxebarrin eta Arana-Karabiazpin, besteak beste.

Joan den urtean Sabino Arana kalea berriztu ondoren, beste eremu batzuetan berrikuntzak egingo dituztela iragarri du talde jeltzaleak, Kurtzen eta Lantzarten.

Ekintzailetza eta berrikuntza proiektuak bultzatzeko asmoz, Smart Lab bat ezarri gura du EAJk Berangon, baita ikasteko ikasgela gehiago ere. Era berean, ekonomia-jardueran, enpresa berriak zabaltzea eta bertako ekonomia indartuko duten establezimenduak suspertuko dutela iragarri dute.

Herritarren segurtasunari ere garrantzia eman diete jeltzaleek. Hala, datorren agintaldirako beste 3 udaltzain gehiago kontratatzea aurreikusi dute.

Hirigintzari dagokionez, berdegune gehiago ezarri, umeentzako jolasgune bat estali eta aparkatzeko leku gehiago egitea proposatu dute. Era berean, udalerriko baserriak mantentzeko eta zaintzeko katalogoa egitea planteatu dute, baita Burdin Hesiaren Oroimen Museoa mantendu eta hobetu ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun